Gure Esku Dago-ren irakaspenak eta erronkak, herritar gisa

NORABIDEAk eskatuta, E-8ko emozioak oraindik bero-bero ditudala, hona hemen herritar gisa ekainaren 8ko giza kateak eragin dizkidan sentimendu eta gogoetak.

Egin dugu!!! Erabakitzeko dugun Gure Esku-bidearen aldeko giza katea osatzea lortu dugu Durango eta Iruñea artean, belaunaldi desberdineko eta sentsibilitate anitzeko 150.000 pertsonatik gorako eskuok elkarri helduta.

Eta zer sentitu dut? Bada, herritarrak bagarela sentitu dugula eta elkarrekin gauzak egiteko gai bagarela.

Benetako ahalegin kolektiboan parte hartu dugula sentitu dugu denok, zuzenean lanean ibili ginenok eta baita guri begira izan genituenak. Gure desberdintasunen gainetik, elkarrekin gauzak egiteko prestutasuna dugula erakutsi dugu Euskal Herriko gizartea osatzen dugun herritarrok. Gai garela gure burua antolatzeko eta arazoei aurre egiteko; eta herritar zoriontsuez osatutako herri librea eraiki nahi dugula. Benetan argazki polita igandekoa!!!

Beraz, ikasi dudan lehen irakaspena da aurrerantzean ere herritar gisa ahalduntzen gaituen sentimendua garatzen jarraitu behar dugula, ederra da eta sentitzea gai garela gauza politak ondo egiten.

Euskal Herriko gizarte orotariko herritar gisa sentitzea gainera “gure estiloan” egitea lortu dugu, hots, giro alai eta ederrean. Jabetu gara pozik, alai eta umoretsu lan egin dezakegula gure etorkizunaren alde. Erabakitzeko eskubidea eta demokrazia gauza serioak izanda ere, ikasi dugu horren alde egiteko moduari garrantzia eman behar diogula. Etorkizun zoriontsua eraiki nahi badugu, zoriontsu egiten gaituzten ekimenez eraiki beharko genuke bidea, zoriontasuna ematen baitu lanaren eta ardura partekatuaren emaitzak eta ez genioke utzi behar inori ilusio eta zoriontasun hori zapuzten.

Sentimenduen alor horretan azken irakaspena: gure arteko desberdintasunen gainetik, elkarrekin lan egiteak zoriontsu egiten gaituela. Are gehiago, Euskal Herrian sentsibilitate desberdineko jendea egotea aberastasun bezala ikusten dugu eta aniztasun hori guztia gozotasunez eta errespetatuz kudeatzea gure esku dago, elkarrekin landuz eta bideratuz lortuko baitira emaitza hobeak.

Ederrak ateratako irakaspenak, horiek guztiak!! Zorionak guzti-guztiei azken urte honetan herriz herri eta auzoz auzo denon artean eraiki dugun ilusio eta jarrera honi esker lortu baita igandeko giza katea arrakastatsua izatea.

 

Nola antolatu gara? Sentimenduen eta emozioetatik haratago, ordea, azpimarragarria da ekainaren 8an herritarrok antolaketarako erakutsi dugun gaitasun handia. Hori izan zen arrakastaren beste gako bat, dudarik gabe.

Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez esan dezakegu, herritar guzti-guztiei zabalik dagoen elkarlanerako eskola bat dela Gure Esku Dago Dinamika. Elkarrekin ikasteko eta dakiguna elkarrekin partekatzeko beti prest gauden herritarren aterkia eta babes gunea.

Nabarmendu behar da, eta zoriondu gainera, ondo lan egiteko gogoa eta prestutasuna izan ditugula bidelagun FICOBAn proposatu genuen ariketa honetan. Gure Esku Dago dinamikako kideen jarrerak egin du posible giza katearen arrakasta. Arazoei aurrean urte osoan zehar auzoz auzo eta herriz herri erakutsi dugun jarrera positiboak alegia. Erronka potoloaren aurrean kikildu ez den lagun taldearen jarrera izan dugu bidaide.

Eta ildo beretik esango nuke, jarrera horrek elkarrenganako harremanetarako hiru printzipio eraiki dituela:

Lehena, joka dezagun anbizio handiz, ezina ekinaren bidez egina leloari jarraiki.

Bigarrena, arazoei aurre egiteko adorea erakuts dezagun eta konponbideak bilatzeko borondatean eraiki dezagun bidea. Umorea eta adiskidetasuna izan daitezela gure arteko desadostasunak gozotzeko eta bideratzeko tresnak.

Hirugarrena, euskal herritarron arteko konplizitateak eraikitze aldera, landu dezagun adeitasunez gure lagun hurkoaren jarrera, izan ditzakeen beldurrak eta mesfidantzak elkarrekin lantzea eskainiz. Bila dezagun bakoitzak borondatez eman nahi duen” hori” eta “hori” guztiak bilduta egin dezagun aurrera, ezintasunetan kateatu gabe. Orain posible ikusten ez dena, akaso, bihar erraza izango baita eskaintzea eta ematea.

Edonola ere, etorkizuna eraikitzerako orduan antolaketaren osagai hau oso garrantzitsua da, irudikatzen baitu amesten duguna gure elkarlanez eraikitzea posible egin dezakegula, gure esku eta gure lanaren bitartez. Beraz, antolaketari dagokionez, atera daitekeen irakaspena da aurrerantzean ere garrantzi berezia eman beharko zaiola gauzak ondo prestatzeari, hori baita ondo ateratzeko bermerik onena.

Horiek horrela erronka garrantzitsu bat du Gure Esku Dago dinamikak aurrerantzean: dinamika herritarrari zein antolaketa eredua emango diogun erabakitzea, beti ere, sortu dugun estilo propioari jarraiki. Edonola ere, sortzen dugun antolaketa ereduak orain arte bezala birsortzeko, berrantolatzeko eta berregokitzeko gaitasun etengabea eta dinamikoa erakusten jarraitu beharko du.

 

Gure Esku Dago-ren giza-katea Ataunen (Jon Urbe / Argazki Press)

Gure Esku Dago-ren giza-katea Ataunen (Jon Urbe / Argazki Press)

 

Eta zein izan daiteke gure ekarpena? Bukatzeko, azken gogoeta bat Euskal Herrian zabaltzen ari den garai berri honetan GEDek zilegitasun demokratikoaren alorrean egin dezakeen ekarpenari buruz.

Giza katearen bidez, irudikatu genuen herri libre batean bizi nahi dugun herritar zoriontsuak garela eta gure esku dagoela gure etorkizuna. Are gehiago, bildu ginen herritarrok Gure Esku Bidearen alde elkarrekin lan egiteko prest gaudela, izan ere, erabaki ahal izateko bidea eraiki eta zabaldu nahi dugu. Ekainaren 8ko jarrerarekin eta irudiarekin lortu dugu, azkenean, Europatik martxan dabilen trenera igotzea, libre izan nahi duten herrien trenera alegia.

Baina, Ekainaren 8ko giza katea hasiera baino ez dela esan dugu eta hala da. Igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko argazkia egin genuen moduan, euskal herritarrok gure eskutan dugu eraiki nahi dugun errealitateari argazki gehiago ateratzen jarraitzea, ezinezkoa dirudiena posible dela irudikatuz; hala nola, irudikatuz herritar libre eta zoriontsuak izan nahi dugula; irudikatuz gure aniztasuna kudeatzen badakigula; klik eginez erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian erabili nahi dugun herritarroi; islatzen zer nolako gizarte kohesio maila nahi dugun, hots, zertarako behar dugun erabakitzeko eskubidea Euskal Herriko gizarte anitz honetan; zer nolako parte hartzeko tresnak erabili nahi ditugun … Eta zelan babestu nahi dugun elkarrekin eraikitzen dugun guztia, gure Esku-bideen bidez.

Herritarrok amesten dugun Euskal Herria irudikatzen lagundu dezakegu Gure Esku Dago dinamikan saretutako herritarrok, izan ere, elkartzea gure esku dago eta amesten ditugun gaien inguruko esparruen eta gogoeta partekatuen argazkiak ateratzea ere bai.Gure lanaren eta konplizitateen bidez gure seme-alabentzako nahi dugun Euskal Herria irudikatzen lagunduko duten argazkiak egiten joan gaitezke eta joango gara. Amets egitea egokitzen zaigu. Zein eginkizun ederra!!!

Euskal Herriko zilegitasun demokratikoa azpitik gora eraikitzen joateak gure ordezkarien lana osatu eta indartuko du, dudarik gabe, eta lan zail hori polita bihurtuko dugu denon artean, ederra baita etorkizuna gure esku dagoela sentitzea eta zer nahi dugun amestea.

Ekainaren 8an “sentitu” genuen herri bat garela, , eta garrantzitsuena: zoriontsu bizi nahi dugula herri libre batean. Hortik aurrera, egin irribarre, sentitu eta pentsatu, eta ondoren ekin.

Esango nuke ate handi eta eder bat zabaldu diogula gure herriari eta demokraziari. ZORIONAK BENETAN GUZTI-GUZTIOI.

Etiketak: , , ,

Erantzun nabarmendu bat

Trackback  •  Comments RSS

  1. Geo Azterketak(e)k dio:

    Oso interesgarria iruditzen zait, Gure Esku Dago ekimenak egin duen lana. Ez zitzaien erreza izango ibilbidea aukeratzea: nondik pasa eta zenbateko kilometro muga erabakitzea hain zuzen ere. Gogoeta horretan, uste dut garrantzizkoa izango zela ibilbidea pasa behar zen guneko biztanleriaren azterketa bat egitea. Nik Hego Euskal Herrian dauden herrien biztanle banaketa eta dentsitateaz gain, 2001 urtetik gertatuko aldaketak aztertu ditut. Interesatuta bazaudete gaian, hona hemen argitaratu berri dudan artikulua: http://geoazterketak.wordpress.com/2014/06/26/analisis-de-la-poblacion-del-pais-vasco-y-navarra/

Igo