Subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea

[ARGIA aldizkarian argitaratua / 2014-09-14]

Sistema demokratiko liberalen kritikatzaileen parte batek beti salatu ditu sistemak dituen metodologia gabeziak, halere, horiek ez dira egungo arazo nagusia. Prozedurek ez dute ezertarako balio, ez badago zer erabakitzerik. Subiranotasuna beharrezko baldintza da demokrazia bat izateko, herrialde bat subiranoa izateak ez du esanahi demokratikoa denik, baina ez da demokraziarik egongo subiranotasun gabe. Demokraziak herriaren boterea esanahi du eta boterea erabakitzeko eskubidea da. Baina, egunez egun ikusten dugu estatuek subiranotasuna galtzen dutela, batez ere “finantza merkatuen” alde. Horrez gain, herrialde batzuek beste batzuen subiranotasun kulturala, ekonomikoa edota politikoa mugatzen dute. Inperialismoa izenarekin ezagutu dugu prozesu hori, herrialde batek beste herrialde baten erabakitzeko eskubidea bahitu egiten du gai batzuetan –edo ia arlo guzietan–.

Nazioarteko politika adibidea da. Mendebaldeak sistematikoki estigmatizatzen ditu subiranotasun gradu altua duten herrialdeak, berdin du demokratikoak edo autoritarioak izan, zureak egin du hainbat alorretan erabakitzeko eskubidea egikaritu nahi baduzu, Mendebaldeko interesak kontuan hartu gabe. Horregatik, anti-inperialismoa subiranotasuna errespetatzea da. Baina zein subiranotasun?

Arazoak estatuen barruan ematen dira ere bai. Nahiz eta herrialdea oso subiranoa eta demokratikoa izan, bere mugetan dauden eskualde bat edo batzuen borondate politikoa, kulturala edota ekonomikoa ezabatu ditzake. Kasu horretan litekeena da eskualde batek subiranotasuna bere esku hartu eta erabakitzeko eskubidea egikaritu nahi izatea. Gehienetan jatorrizko estatuak emango duen erantzuna ezin da aurreikusi bere izaera demokratikoaren arabera.

Aurresanen arabera, egokiena galdera hau egitea da: zein kostu izango du jatorrizko estatuarentzat eskualde baten sezesioak? Zenbat eta kostu handiagoa, orduan eta jarrera agresiboagoa izango du jatorrizko estatuak. Kostua subiranotasun (eragin) terminotan neurtu behar da. Sezesioa bilatzen duen lurraldearen balizko independentziak jatorrizko estatuaren kontrol ekonomiko, politiko edota kulturaletik erradikalki aldentzea ekarriko badu, biolentziazko gatazkan bukatzeko probabilitatea handiagoa da. Horregatik, Mendebalde “demokratikoak” Kieveko estatu kolpea babestu du eta Ukrainako Hego eta Ekialdearentzat erabakitzeko eskubidea gaitzesten du, are gehiago, zibilen aurkako bonbardaketak bedeinkatu eta 750.000 errefuxiatu eta milaka zibilen heriotzaren aurrean ezikusiarena egin du. Bestalde, hau ez da gauza berria, Palestinan hamarkadak daramatzate horrela.

Beraz kostua da klabea. Horregatik Errusiak gerra lazgarri bat egin zuen Txetxeniaren aurka heriotza eta suntsipena barreiatuz. Kostuak esplikatzen du Serbiak izaniko jarrera demokratikoa Montenegroko erabakitzeko eskubidearekin eta gatazkatsua Kosovorekin. Hori bai, mendebaldeko inperioko kide zentrala bazara, Erresuma Batua kasu, badakizu edozein sezesioren kostuak ez duela zertan izan behar handia. Begiratu Irlandari edo Commonwealth-eko estatuei, menpeko lotura politiko, ekonomiko eta linguistikokulturalak mantendu dituzte metropoliarekin. Estatu batzuek beste batzuek baino aldarte demokratikoagoa izango dute, baina barkatu, Eskoziako independentziaren kostua txikia da Kataluniako edo Donbasekoaren alboan. Batzuetan erraza da demokrata izatea zugandik independizatu nahi duena zure hizkuntza, aliantza militarra, moneta, erregina eta hainbat menpeko lotura ekonomiko mantentzeko prest dagoenean.

 

 

Etiketak: , , ,

Igo