Bide demokratikoa gure asmo eta borondatearentzat

Hasteko, zorionik beroena Eskoziari eta Eskoziako herritarrei, Euskal Herritik. Independentziaren alde zein kontra boto eman duten guztiei, zorionak eta eskerrik asko, irailaren 18an egin zenuten demokrazia ariketa eredugarriagatik.

Zuek irekitako bidea hortxe gelditzen da. Adibide ezin hobea eraiki duzue gai korapilatsuek eragiten dituzten beldurrak demokrazian nola kudeatu behar diren erakusteko, denek irabaz dezaten bidean. Azken finean, erabakitzeko bide horretan bai Eskoziarrek, bai Erresuma Batuak eta baita Europa osoak ere irabazi egin baitu.Irakaspen ezin hobea eman diezue munduari eta bereziki Europari, demokrazia bere zainetan duela aldarrikatzen duen lurralde esparru horri, eta nola ez bertako Estatu eta erakundeei. Demokrazia aldarrikatzeaz gain, praktikan jartzeko ezarrita dago eta bere kontraesan eta beldur guztiak kudeatzen asmatu behar du.

Gaur ez da ezer amaitu, aitzitik erreferendumaren egunean Eskoziak herri gisa badela aldarrikatu du eta demokraziari beldurrik izan gabe, normalena erabakitzea dela erakutsi digute eskoziarrek. Han posible dena, Europako beste lurralde esparru batzuetan ere posible izango dela, demokraziaren izenean.

Eskoziarrek erreferendumetik hainbat emaitza atera dute. Lehena eta gehien azpimarratzen ari dena da Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzea erabaki duela. Status quoa irabazi duela, alegia. Baina, esango nuke hori alderdi bat baino ez dela, eta gainera agian ez garrantzitsuena. Izan ere, demokrazian benetan sinesten dugunok gaur azpimarratu behar duguna da Eskoziako gizartea gaur sendoagoa dela erabakitzeko ariketa hori egin baino lehen baino, eta Erresuma Batua ere bai.

Erabakiari bide emateko prozesuak oso emaitza positiboak utzi ditu Eskoziako gizartean. Gaurko eskoziarrak jakitunago dira bere herriak dituen errokez eta soluzio aukerez, prozesu independentista hasi zenean baino. Horrez gain, Independentziaren aldekoen emaitza onak (%45) “ustezko galtzaileen” posizio politikoa indartu egin du, Ezetzaren aldeko alderdiek kontuan hartzeko moduko emaitza lortu baitute eta oso posizio indartsua lortu dute Erresuma Batuak agindu dien autogobernu maila handiagotzeko devolution prozesua negoziatzeko orduan. Nolanahi ere, gure ustez, garrantzitsuena da erabakitzeko eskubidearen ariketa horri esker eskoziarrak jabetu direla zein garrantzitsua den zuzenean parte hartzea Eskoziako etorkizunari buruzko erabakietan. Parte hartze datu altuak dira (%85 ingurukoa) horren adibide, beste inon ikusi ez direnak.

Erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren lehen lerroan dagoen gai bat da, dudarik gabe. Herritarrok erabaki nahi dugu eta gure asmo eta borondateak bide demokratikoa edukitzea eskatzen dugu.Erabakitzeko eskubidea independentzia baino gehiago da. Bide bat eta lan filosofia bat.Desberdinen arteko adostasunak bilatzen dituena, elkarbizitza eta boterearen erabilerari sinesgarritasuna eta errespetua eragiten duena eta herritarrok gure herriekin gehiago konprometitzera eramaten gaituena.

Zalantza izpirik ez dugu. Gure Esku Dago Euskal Herriak XXI. mendean idaztea ETORKIZUN, ELKARREKIN eta ERABAKI hizki larritan. Hori baita normalena, han eta hemen.

Gai honi buruz egileak argitaratutako beste artikulu bat:

Normala posible izan dadin  (BERRIA, 2014-09-20)

 

Etiketak: , , ,

Igo