Demokraziaz eta erabakitzeko eskubideaz jardunaldiak: bost ideia

Ez da ohikoa nazioez, estatuez, demokraziaz, erabakitzeko eskubideaz eta horien inguruko kontzeptuez eztabaidatzeko, ikasteko eta aztertzeko parada izatea. Politikagintzaren zalapartarako lanabes bihurtzen dira maiz.

Horregatik, aukera ezin hobea izan genuen iragan astean Donostian, kontzeptu horiek guztiak zientzia politikotik, zuzenbidetik, gizarte mugimenduetatik nahiz alor sozioekonomikotik landu dituzten adituen azterketen, esperientzien, iritzien eta abarren berri izateko. Estatua, sezesioa, demokrazia, zilegitasuna…ez dira kontzeptu borobilak, baina alor ezberdinetako ikuspuntu poliedrikoak gerturatu gaitu horietara. Oharkabean igaro da, baina Euskal Herriko unibertsitate guztien lankidetzaz egin dira jardunaldiak, Agirre Center, Eusko Ikaskuntza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere antolatuta edo lagunduta, eta zabaltasun maila horretako ekimen gutxi daude maila nazionalean. Egunero egiten baitugu herri, nazio eta estatugintza.

 Zaila da hiru egunez bildutako eduki guztiak laburtzea, baina nolabait antolatzearren, bost ideia nagusi nabarmenduko nituzke:

Europa: zalantzatik irtenbideak bilatzera (Avery)

 

Europako Batasunak estatuen sezesioarekiko eta, oro har, independentismoarekiko izandako jarrera laburbildu zuen Graham Avery Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta European Policy Centre-ko kideak. Fenomeno horiek, hein batean, ez dira berriak EBrentzat –adibidez, Frantzia EBko kide zela sortu zen Algeriako estatu independentea-, baina gaur egungo erronka (Eskoziaren ezezkoaren ostean, Katalunia) berria da: estatu kide bat bitan banatzeko aukera. Eta iraganeko esperientziei erreparatu behar zaie, EBk ez duelako gaiari buruzko politika espliziturik, ezta araudi argirik ere.

 Zein jarrera hartzen du EBk mugak aldatzeko aukeraren aurrean? Gertatu baino lehen, zalantza edo kontrakotasuna. Aldaketa (demagun, estatu baten sorrera) gertatzear dagoenean, ordea, gatazkari konponbideak bilatzen dizkio: „Hasierako errezelotik onarpen pragmatikora“. Ildo beretik jo zuen Juan Jose Alvarezek, ikuspegi juridikotik: adibide faltan, realpolitik-a eta gertaera faktikoak nagusitzen dira.

 Prozesu subiranista arrakastatsurako gakoak (Requejo)

Ferran Requejo

 Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan gako batzuk eman zituen Ferran Requejo Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle eta Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko kideak. Orain arteko ibilbidearen arrakastaren muinean, independentismoaren ezaugarriak daude: interklasista eta belaunaldi artekoa da. Transbertsaltasun horrek egonkortasuna ematen dio independentismoari.

 Zer egin behar du sezesionismoak aurrerantzean, estatu independentea lortzeko? Sei baldintza aipatu zituen:

* Gehiengoa izatea (parlamentuan, ordezkarien %50+1).

* Prozesuaren internazionalizazioa. Ez soilik Europan.

* Erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdien batasuna. Beste horrenbeste, independentziaren aldekoen kasuan. Hori da puntu ahul bat Katalunian.

* Gizarte zibila. ANC egitasmo transbertsala da, soilik gizabanakoek eman dezakete atxikimendua, eta helburu bakarra da independentzia.

* Lidergo argia eta egonkorra: Masi dagokio.

* Independentzia, proiektu zibiko, demokratiko eta inklusibo gisa ulertuta. Proiektu abertzale klasiko bat osatu nahi baduzu, abiapuntutik babes urriagoa duzu. Proiektu nazional bat, ez nazionalsita.

Eta parlamentuak independentziaren aldeko gehiengoa badu, noiz egin estatu independentearen aldarrikapena? Ferranen arabera, independentzia gauza dezakezunean; estatu egiturak prest dituzunean.

 Gizartearen ahalduntzea (Goikoetxea)

Jule Goikoetxea

 Ahalmen politikoaren eta subirautzaren kontzeptuetan sakondu zuen Jule Goikoetxea EHUko irakasleak. Hitz bitan, ahalmen politikoa errealitate politikoa (sozioekonomikoa, nazionala…) sortzeko (eta birsortzeko) gaitasuna da. Ahalmen hori ez da gauza bat, erlazio bat baizik. Subirautza, berriz, autogobernurako behar den ahalmen politikoa da. Subirautzaren funtzioa giza komunitatearen eta estatuaren arteko erlazioa artikulatzea da, estatua eta komunitatea gobernatuak izan daitezen.

 Hori horrela, Goikoetxeak uste du ahalmen politikoaren pribatizazio fase batean gaudela, desdemokratizazio prozesu batean, erabaki politikoak esku pribatuetan (“adituen” esku, hain zuzen) uzten direlako.

 Erabakiak eskubidea (Zubiaga)

DSC_0050

 Erabakitzeko eskubidea demokratikoa al da? Eta legezkoa? Galdera horiek blaitzen dute gizartea gaia agendaren lehen lerroan dagoenetik. Modu demoratikoan garatzen den heinean da erabakitzeko eskubidea demokratikoa. Legezkotasunak, ordea, eztabaida sakonagoa du, talka bat gertatzen baita jerarkia normatiboaren eta zilegitasun demokratikoaren artean.

 Talka horretan, Zubiagak gogorarazten du mobilizazioaren eta instituzionalizazioaren arteko elkarreragina dela demokratizazioaren motorra (tilly). Politikotasunak sedimentatutako egoera bat mugiarazten du, ondoren sedimentu berri bat sortuz. Hala, Espainiak azaroaren 9ko Kataluniako galdeketa debekatuta, desobeditzea eta galdeketa aurrera eramatea da demokratizazioan sakontzeko bide bakarra; mobilizazioak (azaroaren 9ko galdeketak), desobedientzia ekintza izanagatik ere, erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa eragin lezake (Espainiako Konstituzioan eskubide hori aitortzea), finean erabakiak demokratizazioa eraginez.

 Oroituz, esaterako, emakume sufragisten nahiz lehen grebalarien ekintza desobedienteek sortu zituztela emakumeen boto eskubidea nahiz grebarako eskubidea, horrela labur genezake: erabakia gauzatzeak sortzen du eskubidea, ohiko eskema (eskubidea dugunez, erabaki nahi dugu) irauliz.

 Erabakitzeko ahalmen ezaren ajeak (mahai ingurua)

1

 Ikuspegi sozioekonomikotik landu zuten erabakitzeko eskubidea Sabin Azuak, Nekane Juradok, Imanol Esnaolak, Joseba Azkarraga Etxegibelek eta Eneritz Zabaletak, baina ugarik aipatu zuten erabakimenik ezak eragiten dituen kalteak. “Gure arazoak eta gure aukerak” ezin erabakitzea da bat, Esnaolaren arabera. Zabaletak, berriz, aipatu zuen lurralde egituraketaren aldarrikapenean pisua izan zuela Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behererako lurralde garapen proiektu propiorik ez izateak. Jurado ekonomialariak oroitu zuen politika ekonomikoa, lan araudia eta abar Espainiako Estatuaren eskumen esklusiboa dela, eta beraz, Hego Euskal Herriak ez duela erabakitzeko gaitasunik bere ekonomian eragiten duten hainbat faktoreren gainean. Azua: “Aberastasunaren parte inportante bat politika publikoek baldintzatzen dituztelako behar da erabaki eskubidea”.

Etiketak: , , , , ,

Igo