Herri ez izatearen kalteak

[Eusko IkaskuntzarenNazioak eta Estatuak XXI mendean: Demokrazioa eta Erabakitzeko Eskubideajardunaldien baitan Gaindegiak izan zuen parte hartzearen laburpena da hau. Andoni Eizagirre irakasleak bi galderei erantzuteko ariketa jarri zien mahai-kideei, hona hemen lehena] [Gaindegiaren webgunean argitaratua / 2014-12-16]

 

Zergatik da beharrezko dimentsio ekonomiko eta soziala kontuan hartzea erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidan? Zein ondorio lituzke erabakitzeko eskubidearen jabe izateak euskal ekonomia eta gizartearen etorkizuneko bilakaeran?

Ezer esan aurretik beharrezkoa da non gauden esatea:

• HERRI EZ IZATEAREN KALTEAK I: Erabakitzeko eskubideari buruz mintzatzean ez da ohikoa eremu politikoa utzi eta eremu sozialean kokatzea. Baina joera hori aberrazio hutsa da, erabakitzea, besteak beste gizarte baten egitekoa baita, nola bizi nahi duen erabaki eta horren arabera antolatu. Bestela esanda, zein helburu, zein arazo eta zein oportunitate dituen aztertu behar du eta horietan interbenitzeko erabakiak hartu.

• HERRI EZ IZATEAREN KALEAK II: Lurralde zatiketa Euskal Herrian burutu den eragiketa ekonomiko eta soziala da, eta, ondorioz, politikoa. Hau da, ezin dugu erabaki zein diren gure arazoak eta gure aukerak, edo elkarrekin zer egin dezakegun. Erabakitze ororen oinarrian ezagumendua dago, ezagutzea zer behar dugun eta zer izan nahi dugun (gure kasuan, ez ezagutzea). Beraz, herri garen aldetik bizi ditugun zatiketa, elkar ez ezagutzea edo elkarri bizkarra ematea propio bilatutako ondorioak dira. Euskal Herrian erabakitzeko eskubideari dagokionez lehen auzia lurralde zatiketa da, dimentsio ekonomiko eta sozial nazionalean jokatzea eragoztea bilatzen duelako.

  • Esadazue, zuetako edonork jaso duen formazio akademikoan zer ikasi du beste euskal lurraldeetako ekonomiaz, gizarteaz, administrazioaz edo bere premia estrategikoez, ezagutzen al dituzue hango aktoreak?
  • Esadazue, zuen jardun profesional edo intelektualean ibili al duzue esku artean Euskal Herria osatzen duten lurralde desberdinen gainean egiturako analisirik? Ba al dakizu nor den gai horietan espezialista?
  • Esadazue, zuen bizitza asoziatiboan, zein elkartetan duzue Euskal Herri mailako bazkidetza bilatzen eta herri izaerako gogoeta egiten?
  • Eta hala ere, hainbat erabaki hartu duzue… kohesionatzaileak ala zatitzaileak ziren aztertu gabe (zentripetoak ala zentrifugoak, estrategikoak ala bitartekoak…).

Beraz, esan dugunarekin argi dagoelakoan nago: erabakitzea eguneroko ariketa pragmatikoa da, bizirik eta sasoitsu irauteko ezinbestekoa. Eta horixe da Euskal Herriari eragotzi zaiona lurralde zatiketaren bitartez.

Baina erantzun diezaiogun galderari:  Zergatik da beharrezko dimentsio ekonomiko eta soziala kontuan hartzea erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidan? Zein ondorio lituzke erabakitzeko eskubidearen jabe izateak euskal ekonomia eta gizartearen etorkizuneko bilakaeran?

• ZERGATIK I: HERRI GARELAKO

Euskal Herriak bere baitan koherentzia maila handi bat du oraindik ere.  Hizkuntza eta kultura mailatik urrunago doa koherentzia hori ekonomia eta gizarte arloko esparru sendoetan eragiteraino, elkarrekin bizi gara hainbat arlotan. Gure familiak, lagunarteak, jarduera industriala, formazio akademikoa, bizitza profesionala lurraldeartekotasun handizkoa da oraindik ere, baina harreman hori gero eta ahulagoa da, ezarritako zatiketaren eraginez.

• ZERGATIK II: BEHAR DUGULAKO
Nafarroa Garaiarentzat bere sozio komertzial nagusia Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban dago. Bizkaiko industriak Arabako lautada behar izan du. Gipuzkoakoak Nafarroa Garaikoa. Ipar Euskal Herriko industria gero eta ahulagoak Hegoaldearekin lankidetza sendoan baino ez du iraungo. Elkar behar dugula esan dezagun.

• ZERGATIK III: OPORTUNITATEA DELAKO
Lurralde bateko arazoen soluzioa lurralde arteko lankidetzan egon daiteke. Sektore baten beharrentzat aukera lurralde arteko lankidetzan egon daiteke. Elkar hartuta aukera berriak sortzen dira. Laborantzako mozkinak landatik kalera joan daitezke, Lapurdiko zerbitzuen gaineko eskolak aukera onak dira Hegoaldekoentzat, eta eskola industrialak berdin Iparraldekoentzat. Nafarroako eguzkia eta haizea energia iturri berriztagarria izan daiteke denontzat.

• ZERGATIK IV: INORK ERAGOZTEN EZ DIGULAKO
Gaur egun, egitasmo ekonomiko eta sozialetan, geu gara sarri inposatutako zatiketaren eskema arraberritzen dugunak. Mugak muga, eskueran dugu egitasmo ekonomiko eta sozialak elkarrekin abiatzea.

• ONDORIOAK:

- Lurraldetasuna aintzat ez hartzeak arazoak eta aukerak ez ikustea dakar. Gure buruari ezin soluziorik aurkitu. Pragmatismo eta errealismo ariketa bat egin beharrean gara. Azken batean orain Herri egingo gaituzten egitasmoak ekonomiko eta sozialak behar ditugu. Aldaketa latzak gertatzen ari dira, gure herrian eragina dutenak eta soluzioan beste nonbait erabakitzen dira. Bizi ditugun zailtasunek tamainako erabakiak eskatzen dituzte. Izan ere, gure erabakien baitan dago biharko Euskal Herria. Orain egiten dugunak edo egiteari uzten diogunak esango du bihar gure arazoei erantzuteko egoera hobean jartzen gaituen, eta hala izanda, erabakitzea dagokigu, egunero erabakitzea elkarrekin zer egin beharra dugun.

- Beraz, erabakitzeko eskubidea, ezinbesteko ariketa da, bai egunerokoak erabakitzeko, bai arnas luzeko pausoak zehazteko. Guri dagokiguna beste batek erabakitzen duen bakoitzean guk gure-gureak diren aukerak eta lehentasunak kontuan hartu gabe egiten du, gure kalte.

- Honek Euskal Herriko eragile sozial eta instituzionalen mahaian eginkizun berri bat dakar, posible da Herri izaerako ariketak egitea, egin ditzagun bada. Euskal Herria politikoaren aurretik Euskal Herria funtzionala dago, pertsona eta organizazioek osatua, erabaki libreen bitartez herri ikuspegi eta praxi bat egituratzen duena eta egungoa baino aukera hobeak eskaintzeko balio duena.

Etiketak: , ,

Igo