Euskal bidea. Euskal borondatearen garaia [EH Bildu – EH Bai]

Burua hodeietan, baina hankak lurrean, ‘Euskal Bidea’ aurkeztu dute EH Bilduk eta EH Baik Irungo Ficoban, euskal estatua lortzea xede duen egitasmoa, alegia. Hasier Arraizek eta Anita Lopepek egin dute Herri borondatearen garaia izenburuko dokumentuaren aurkezpena. «Guk geuk eskuratu beharko dugu erabakitzeko eskubidea, Euskal Bidea eginez, erabakien bidea urratuz. Dena erabaki nahi dugu, dena hemen erabaki nahi dugu», esan du Hasier Arraizek aurkezpenean.

Euskal Bidea - dokumentua

 

Herri borondatearen garaia

Erabakitzeko Eskubidea giltzarri, Prozesu eratzailea abiarazteko proposamena

EH Bilduk eta EHBaik Erabakitze Eskubidea oinarri izango duen Prozesu eratzailea Euskal Herriaren luze zabalean abian jartzeko eskaintza politikoa egiten dio euskal jendarteari eta euskal eragile orori. Jendarte-justizia eta burujabetza osoa jasoko dituen Euskal Estatua denon artean sortzea da helburua, egitasmotzat ez ezik, jarraibidetzat hartu behar dena. Euskal Estatua ez baita beti urrun ikusi beharreko eta inoiz zehazten ez den ametsa, arian-arian eraiki behar dugun helmuga egingarria baizik.
Prozesu eratzaile propioa abian jartzea espainiar eta frantziar estatuek aplikatzen dituzten inposizio eta mendekotasun sistema guztiekin amaitzeko aukera bakarra da. Gure herriak Estatu propioa behar du eta askatasun osoa lortzeko aukera historikoa sortu da, sortarazi dugu. Aukera historikoa baliatzeko erronka dugu esku artean, euskal herritarrok gure bide propioa egitekoa, inoren zain egon gabe. Euskal Herriak independentzia helburu duela, autoeraketa ibilbide demokratikoan eta era partekatuan egiteko erronka. Beraz, gaurtik hasita, bidearen etapa horri heltzeko garaia heldu da, egun batetik bestera korrika eta presaka ezingo dela egin jakinda ere.

Euskal Estatua ez da kapritxoa. Euskal Herriaren izena eta izana bermatzeko erarik eraginkorrena berezko Estatu egiturak edukitzea da, bai euskal herritarren ongi-izatea bermatzeko eta handitzeko, bai gure nortasuna, hizkuntza, kultura, baliabide ekonomiko, sozial, naturalak eta beste hainbat alor babestu eta garatu ahal izateko. Lehentasunezko erronka da. Menpekotasunean eta gutxi batzuen mesedetan eraikitako sistema bihozgabeak gero eta herritar gehiago kolpatzen eta asko eta asko miseria gorrira kondenatzen dituen honetan, langileen eta herri sektoreen eskubideak bermatuko dituen herri gisako alternatiba soziala eta ekonomikoa ere eraiki beharra dago, aberastasuna banatzeko eta bai bazterketa, bai esplotazioa gainditze bidean jartzeko. Euskal Herria independentziarantz, Estatu propiorantz, eramateko bideak aukera eskaintzen du askatasunaren beldur eta ustelkeriaren pipiak janda dauden Estatu handiusteen kate astunak hausteko eta eraldaketa soziala gauzatuko duen orubea sortzeko. Bizi eta lan baldintza duinak bermatzeko, berdintasuna bilatzeko eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako eredu ekonomiko berrira hurbiltzeko aukera ematen digu. Eredu soziala aldatzeko era eraginkorrena burujabetza eskuratzea da. Finean, justizia sozialean oinarritutako jendartea eraikitzeko.

Euskal herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatuko dituen eredu juridiko propioa eraikitzea ere ezinbesteko egitekoa dugu. Izan ere, giza eskubideak eta eskubide politiko eta zibilak arriskuan izan dira urte hauetan guztietan, salbuespen legeria eta guzti. Oraindik halaxe daude, eta egungo amaraun juridiko-legalaren gaitza egiturazkoa dela agerikoa da. Adierazpen askatasuna, prentsa askatasuna eta jarduera sozialerako eta politikorako ezinbesteko diren bestelako guztiak –elkartzeko eskubidea, bozkatzeko zein bozkatua izateko eskubidea eta manifestazio eskubidea, besteak beste– ezin dira inoiz arriskuan egon. Zer esanik ez pertsonen segurtasunaren alorrean, defentsa eskubidea edo euskal herritarrok tratu txarrik eta torturarik ez pairatzeko bermerik oraindik ez dugunean.

Dela ikuspuntu politikotik, dela sozialetik, dela ekonomikotik, dela kulturaletik, alferrikakoak izan dira espainiar eta frantziar estatuei aurkeztutako eskaerak eta proposatutako akordioak. Alferrikakoak tarteko konponbideak aurkitzeko egindako ahaleginak. Parisek mespretxua izan du beti erantzuntzat, eta Madril frankismoarekiko haustura demokratikorik gabeko esparru juridiko-politiko estuan gotortu da. Ukazioa edo erantzun murriztailea besterik ez dugu izan ordaintzat euskaldunok. Ugariak dira adibideak. Euskal Departamendu soila sortzeari ere uko egin zion behin eta berriz frantziar estatuak. Espainiar estatuak honezkero agortua baino agortuagoa dagoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Erkide Autonomikoaren Estatutuak bete gabe jarraitzen du, indarren jarri zela hogeita hamabost urte pasa badira ere; eta Nafarroa Garaian nafarrei inoiz galdetu gabe ezarri zitzaien Erregimen Foralari eusten dio.

Espainiar estatuak azken bolada luzean indartutako jokabidea arras adierazgarria da. Katalunian herritarren ahotsa kosta ahala kosta isilarazi nahi duen bitartean, birzentralizatzeko ekimenak ugaritzen ari da krisiaren aitzakia pean, arlo eta eremu guztietan. Ez du, horrenbestez, ezer eskaintzekorik euskal herritarrentzat, nazio izaeraren ukazio historikoa eta eskubide murrizketa baino ez.

Alde handia, ikaragarria dago Euskal Herrian garatu nahi dugun prozesuarekin alderatuz gero. Ukazioaren eta demokrazia faltaren beste muturrean, independentzia helburu duen gure proposamenak herri borondatea du oinarri. Herri babesik gabe ez da bideragarri izango. Gehiengoaren erabakiz, erabaki sortaz lortu nahi dugu. Funtsezkoa da herritarren parte-hartzea eta erabakitzeko ahalmena. Boterea herritarren eskuetan jarri behar da.
Beste batzuk ez bezala, EH Bildun eta EHBain badakigu bereizten gure proiektua eta proiektu guztiak defendatu ahal izateko sortu beharreko joka-leku demokratikoa. Horregatik, Euskal Estatua eratzeko proposamenarekin batera, denon parte-hartzea eta proiektu guztien defentsa ahalbidetuko dituen prozesu politikoa ere partekatu nahi dugu. Guztion erantzukizuna da jendarteak erabaki dezan bermatzea. Bakoitzak bere ikuspegia, proiektu politikoa, jendarte- proiektua eta jasaten ari garen jendarte-arazo larriei eta askatasun gabeziei aurre egiteko neurriak planteatuz. Guztion erantzukizuna da, eta baita baldintza ere.

Euskal Bidea

Euskal Bidea demokratizazio bidea da. Euskal Herriaren askatasun gogoak demokraziaren aurkako jarduerekin egiten du talka. “Legearen inperioa” hitzetik hortzera darabiltenek demokraziaren esanahia bera edukiz hustu nahi dute, eta Euskal Bideak, aitzitik, eztabaida eta erabakiak herritarren eskuetan jartzea du funtsa.
Demokrazia eraiki, sakondu, zabaldu eta errotzeko ibilbidea da, eta berari esker herritarrek gero eta botere gehiago izango dute, jendartearen eta ordezkarien arteko aldea gero eta txikiagoa izango da eta inork aukeratu ez dituen botereen ahalmena gero eta gehiago mugatuko da.

Euskal Bidea ez da soilik abertzaleen mesederako, guztion onerako baizik, demokrazia eraikitzea jendarte osoarentzat baita onuragarri. Nazio nortasun sentipen eta identifikazio ezberdinak daude Euskal Herrian. Horrek ez luke inolako arazorik eragin behar. Guk erabat onartzen dugun errealitatea da. Demokratikoki kudeatzea baino ez du eskatzen, besterik ez. Euskal Bideak horixe ekarri nahi du.

Erabat gainditu behar den talka demokraziaren eta inposizioaren artekoa da, hor baitago gatazka politikoaren muina. Batzuek, unionistek alegia, proiektu politiko guztiak baldintza berdinetan eztabaidatu eta demokratikoki erabaki nahi ez izatean eta Estatu bat eta bakarraren baitako proiektu politikoa, gehiengoaren gogoaren kontra, inposatu nahian dago talka horren iturburua.

Eraldaketa eta autoeraketa prozesua da Euskal Bidea, ez protesta edo eskakizun estrategia hutsa. Euskal herritarren erabakiekin, urratsez urrats Euskal Herri berria, Europan Estatu berria, eraikitzeko prozesua da.

Euskal Herriak bere trantsizioa egin behar du. Espainiar eta frantziar estatuak egokitzapen prozesuetan murgilduta edo murgiltzekotan daude, bakoitzak norberaren krisiari aurre egin nahian. Gure zerumuga ez da moldaketa horietan “zerbait” lortzea, gure trantsizioa egitea baizik, gure bidea. Jakin badakigu borondateak ez dituela menpekotasun loturak berez hausten. Horregatik, badakigu bi estatuen egokitze- prozesu horien testuinguruan ere kokatu beharko dugula gure burua, baina gure helburua ez da hor habia egitea, prozesu horiek gainditzea eta gure bidean aurrera egitea baizik.

Badirudi espainiar estatuan Konstituzioaren beraren erreformari ekitekotan direla. Espainiarren Konstituzioa ez da gure habia baina Euskal Bideak egoera baldintza dezaketen kanpo faktoreei ere erantzun behar die. Horregatik, gaurdanik, proposamen zehatza egin nahi diegu euskal eragile politiko eta sozialei guztion artean Itun bat egin dezagun, denok elkarrekin eskaera bera bideratzeko estatuari egin dezakeen zaharberritzeko saioa dela-eta: Euskal Herriaren eta Erabakitzeko Eskubidearen onarpena. Hitz gutxitan, gauza bakarra eskatu behar diogu estatuari: bere burua demokratiza dezala.

Gaur egun pentsaezina da frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren Erabakitzeko Eskubidea ahalbidetzeko xedea lukeen egokitzapena egitea. Nolanahi ere, noizbait adostasunerako edo itunerako aukera balego, hori ere Euskal Bideak aurrera egiten duen neurrian lortuko litzateke.
Aldebakartasuna dugu, horrenbestez, Euskal Bidearen zutoinetako bat. Hautu sendoa da eta iniziatiba hartzea eskaintzen du; erritmo, formula, baliabide eta lehia esparruen aukeratzeko beta eskaintzen baitu. Baimenik eskatu gabe pentsatzea eta ibiltzea, berez, pixkanaka- pixkanaka burujabetza eskuratzea da. Halaber, aldebakartasunak agertoki berriak ekar ditzake, tarteko helmugak lortzea ahalbidetu dezake.

Jakina, bide propiotik aurrera egiteak estatuen egoskorkeriarekin egingo du topo. Akordioaren ezean, konfrontazio demokratikoaren aroa irekiko da. Gakoa demokratizazioaren eta inposizio ez-demokratikoaren arteko talkaren ardatzean kokatuko da, probokazioei, satanizazioari eta kriminalizazioari izkin eginez eta aurrerako bideari eutsiz, arazoak arazo, kontraesanak kontraesan. Herritarren parte-hartzea bizkortzea, herri ekimenak bultzatzea eta indarrak biltzea, desobedientziaren lanabesa barne, izango dira konfrontazio demokratikotik onik irteteko bermeak, euskal jendartearen gehiengoa eskubide unibertsalen alde jartzeko giharra.

Eskubide zibil eta politiko guztiak inolako baldintzarik gabe euskal herritar guztiontzat jasoko lituzkeen “Eskubide guztiak herritar guztiontzat” Hitzarmena adostearen beharra planteatzen dugu EH Bildu eta EHBaitik. Hitzarmena eragile politiko eta sozialen artean adostu ondoren sinatzaile guztien konpromisoetako bat parte-hartzen duten eremu guztietan, instituzioetako gobernu eta tresna orotan nahiz gainontzeko jendarte esparruetan, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko gehiengoak eratzea izango litzateke. Horrela, Euskal Herriaren etorkizuna libre eta demokratikoki eraiki ahal izateko, Erabakitzeko Eskubidearen alde diren indar politikoetako hautetsiek Euskal Herriko erakunde guztiak Erabakitzeko Eskubidearen aldekoak izatea eta herritarrak izaera guztietako erabakiak hartu ahal izateko protagonista egiteko konpromisoa hartzea planteatzen da.

Euskal Bidearen beste zutoinetako bat parte-hartzea da. Euskal Bidea ez dugu EH Bildu eta EHBairen egitasmo partikulartzat hartzen, eta gure asmoa ez da jendartearena den protagonismoa gureganatzea. Eskaintza irekia egiten dugu, demokratizazioaren bidean eta autoeraketaren eta burujabetzaren bidean aurrera egin nahi duen ororekin eztabaidatzeko, azterketa egiteko eta, ahal den heinean, pauso zehatzak adosteko, prozesuaren mugarriak zehaztuko dituen agenda osatzeraino. Beraz, eskaintza honen ikusmira Euskal Bidearen aldeko konplizitate-leialtasun esparrua eraiki, zabaldu eta trinkotzea da.

Laburbilduz, Euskal Bidea euskal herritar guztiok aske eta gure eskubide sozial guztien jabe bizitzeko behar dugun erabakitzeko gaitasuna lortzeko guztion artean adostu eta egin beharreko bidea da.

Erabakitzeko Eskubidea

Herritarren borondatea da euskal herritarron etorkizuna eraikitzeko gakoa, eta horrek, ezinbestean, Erabakitzeko Eskubidea kokatzen du erdigunean. Euskal herritarrok gure buruaren jabe egiteko lanabesa da, lanabes demokratikoa.

Ez da, horratik, aldarrikapen hutsean geratzeko unea. Euskal Herria, objektiboki, nazioa den arren, Estatuek ez dute bere nazio izaera aitortzeko asmorik, ezta Autodeterminazio ariketa era adostu batean bideratzeko ere. Orain arte Autodeterminazio Eskubidearen onarpena eskatu dugu erabaki ahal izateko. Ez da posible izan. Estatuen itxikeriak galarazi du. Orain erabakitzera goaz Erabakitzeko Eskubidea eskuratzeko. Horixe da euskal herritarrei, eragileei eta erakundeei proposatu nahi diegun bidearen oinarria. Erabakitzeko ahalmena erabakiak hartzen eta gauzatzen eskuratuko dugu, ez aitorpen formal bati itxaroten. Erabakitzeko Eskubidearen gaineko eztabaida ezin da diskurtsiboa izan, hezurmamitu behar da.

Arlo eta eremu guztietan Erabakitzeko Eskubidea errealitate bilakatu nahi dugu, euskal herritar gisa bizitzeko eta euskal herritar gisa nola bizi nahi dugun hautatzeko; edonorentzat gutxieneko bizitza baldintza duinak bermatzeko, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko, hau da, justizia soziala eskuratzeko. Euskal Herrian ditugun erakundeak eta gainerako tresna eta baliabideak gure etorkizun politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala erabakitzeko baliatu behar ditugu, jakinda burujabetzarena dela auzi nagusia: erabakiak nork hartzen dituen eta nola eta noiz hartzen diren zehaztea.

Badakigu, aldi berean, Erabakitzeko eskubidea ez dela egun miragarri batean gauzatuko, Euskal Herri osoan eta aldi berean euskal herritar guztiak bozketa bakar batera deituz. Prozesu dinamiko eta graduala izango da, ezinbestean, erabaki kate batez osatua. Herri kontsulta bat egitea baino harago, demokratizazio eta autoeraketa prozesu integralaren muina da erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea. Burujabetza alorrak metatu behar ditugu burujabetza osoa eskuratzeko norabidean.
Erabakitzeko Eskubidea erabiltzea izango da, gainera, euskal subjektua eraikitzeko bitartekoa. Orain gutxi arte askok errotua genuen ustea hauxe zen: erabaki ahal izateko, aurretik, lurraldetasunaren eta subjektuaren osaketaren korapiloak askatu beharra zeudela, nahitaez. Proposamen honen eskutik, ordea, Erabakitzeko Eskubidea subjektu hori eraikitzeko bitarteko ere bilakatzen da, prozesu eratzailerako ardatza delako.

Prozesu eratzailea

Horixe proposatzen dugu EH Bilduk eta EHBaik, Prozesu eratzaile, konstituziogilea abiaraztea, herritarren parte- hartzean eta borondatean oinarritua eta, horrenbestez, erabat demokratikoa. Prozesu horren amaieran, herri borondatearen adierazle, Euskal Errepublikaren Konstituzioa erdiestea da gure proposamena.

Prozesuak Euskal Herriko gaur egungo errealitatea kontuan hartu beharko du, erritmo ezberdinak eta urrats berezituak emanez. Denbora beharko da eta, estatuen aldetik ibilbide demokratikoa adosteko inolako borondaterik ez dagonez, prozesu mailakatu honetan aurrera egiteko herritarren borondatea ahaldundu beharko da. Estatu egitura sortzeko gai izango den herri boterea sortu beharko dugu.

Esan bezala, lurraldetasunaren korapiloa askatzeko Erabakitzeko Eskubidea baliatuko dugu. Beraz, gaurko errealitatea abiapuntu, hiru prozesu barnebilduko dituen prozesu bateratzailea bideratu behar dugu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta ezagutza instituzionalik ez duten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan garatu beharreko prozesuak lirateke, bateratze demokratikoaren bidez subjektu politiko osoa sortzeko norabidean. Hiru abiapuntu ezberdin, hiru erritmo eta abiadura berezitu, etapa eta prozedura propioak, kontsulta eta galdera egokituak, baina helburu bakarra: euskal herritar guzti- guztiak Euskal Herriaren etorkizun politikoaren jabe izatea.

Prozesu eratzaileak fase ezberdinak izango ditu, lehen-lehenik eremu bakoitzeko herritarrek beraien buruari Erabakitzeko Eskubidea gauzatzeko gaitasuna eman beharko diote eta, segidan, eremu bakoitzak autoeraketari ekin beharko dio gehiengo sozialak, politikoak eta instituzionalak bultzatuta.

Autoeraketa fase horretan, gainera, maila ezberdinetan zubiak trinkotuz, eremu ezberdinen arteko saretzea ere indartu beharko dugu, instituzio partekatuak sortuz eta egun badagoen nazio mailako instituzioa, Udalbiltza, sendotuz.

Hirugarren fasea eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiena izango da, eta horretan eremu bakoitzak barne –beste euskal lurraldeekin– eta kanpo –estatuekin– harremanak zehaztu beharko ditu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi Erkidegoari eta Nafarroa Garaiari dagokienez, EH Bilduk dagoeneko irizpidea finkatua du: Espainiar estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako herritarrek euren arteko harremana erabakitzea –Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera– lehenesten dugu. Prozesu eratzailea demokrazian oinarritutako prozesua izanik, herritarrek hartutako edozein erabaki errespetatua izango da, eta ondorioz, beraien borondatera egokituko gara autoeraketa fasean ere.

Autoeraketa prozesua ahalbidetzeko baldintza egokiak sortu ditzaketen epe motzeko erronkak ere badaude. Horien emaitzek prozesu hau dena erraztu edo, aitzitik, zaildu dezakete:

Nafarroan aldaketa politikorako sortutako aukera: EH Bilduk proposamena egin berri du Nafarroarentzat garai berria abiarazteko, azken hamarkadotan askatasuna mugatuz eraikitako Erregimena eta hortik eratorritako gutxi batzuen pribilegioak gainditu ahal izateko. Nafarrak erabaki ororen jabe egingo dituen prozesu propio hori martxan jartzeko proposamena ere berretsi nahi dugu idazki honetan ere.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren instituzionalizazioa: EHBaik ebatzi moduan, Erabakitzeko Eskubidea jasoko lukeen Autonomia Estatutua izan da abertzaleen proposamena. Indar eta eragile ezberdinen artean lortutako adostasunarekin bat eginez, fase honetan Lurralde Kolektibitatearen alde egin dugu. Halere, estatuak
egindako azken proposamenen haritik, egitura instituzionalaren gainean abiarazitako eztabaidan parte hartzeko deliberoa hartu du EHBaik, proposamen horietako bati tiraka Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barnebildu eta aitortuko lituzkeen egitura berezia sor daitekeelako. Helburu handiagoen bidean, hiru herrialdeen lurraldetasuna finkatzeko parada egon daiteke eztabaida honetan. Ez litzateke lorpen makala izango, azken urteotan Ipar Euskal Herriko lurraldeak zatitzeko eta zatiok lurralde egitura ezberdinetan urtzeko proposamenak ere izan baitira.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi Erkidegorako estatus politiko berria: Prozesu politiko herritar honek hiru lurraldeetako herritarrak Erkidegoko erabaki guztien jabe egin behar ditu. Gauzak horrela, Autonomi Erkidegorako estatus juridiko-politiko berriaren oinarria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren Erabakitzeko Eskubidea izango da.
Erabakitzeko Eskubidearen eskutik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako esparru juridiko-politikoak demokratikoki gehiengoak erabakiko lukeen garapena izan behar du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren erabaki ahalmenak ez du Estatuaren ordenamenduak inposatutako sabairik izango.

Ondorioz, hiru lurraldeetako herritarrek gehiengoz erabakitakoa eskumen bilakatuko da. Bide hori garatzeko ezinbesteko oinarria Erabakitzeko Eskubidearen alde dauden indar politiko eta sozialen artean adostutako ildoak izan behar du.

Eremu ezberdinetan hasi eta norabide bateratzailea eman nahi diogun Prozesu eratzaileak egunez egun aurrera egiteko euskarriak behar ditu:

−Egungo erakundeak herritarren borondatea ardatz izango duen prozesuaren mesedetan jarri behar dira, estatuekin egun dituzten menpekotasunak urratsez urrats gaindituz. Prozesu eratzailearen gakoetako bat egungo egitura –forala eta autonomikoa– birkokatzea da. Menpekotasunerako tresna bilakatu dituzten erakunde horiek autoeraketaren oinarri eta bultzatzaile bihurtu behar ditugu. Proposamen hau egiterakoan erakundeen gaineko irakurketa zaharberritu dugu neurri batean: erakunde horietako batzuek ezaugarritze bikoitza dute. Alde batetik, espainiar egitura juridiko-administratiboan uztartu dira menpekotasun terminoetan, baina, beste alde batetik, gure herriak bere burua gobernatzeko duen borondate politikoaren adierazle ere izan dira. Zenbaitetan garai bateko tradizio eratzailearen hondarrak ere badira, esan gabe doan arren herri batek bere burua nahi duen erara antolatzeko eskubidea izateko borondate demokratikoa baino ez duela behar.

Erronka, ez nolanahikoa, euskal herritarren bozez osatzen diren instituzioak herritar horiei dagokien Erabakitzeko Eskubidea erabiltzearen mesedetan jartzea da. Aldi berean, sorkuntzatik zatiketa oro gaindituz Euskal Herria aitortu duen Udalbiltzak eta etorkizunean nazio orube osoa aintzat hartuz sor daitezkeen erakundeek ekarpen handia egin dezakete autoeraketa prozesuan, bereziki prozesuari norabide bateratzailea emateko orduan.

−Prozesu eratzailearen protagonista eta eragile nagusia euskal jendarteak izan behar du. Prozesu eratzailea ezin da soilik alderdi politikoen eta erakundeen baitan sortuko diren indar harremanen esku utzi. Herri botere dinamiko eta sortzailea behar da aurrera egiteko, eta jendarte konprometitua eta burujabea prozesua azken bururaino eramateko. Herri mugimenduak taupada eman behar dio, askotan urratsak egiteko akuilu lana eginez, eta bestetan egindakoak babesteko. Horretarako herri eragileek autonomia osoa izan behar dute, inolako indar politikori lotuta egon gabe eta erakundeekiko independentzia osoa izanik, herri boterea ez den beste edozein boteretik urrun.

Bidea egiten hasteko garaia iritsi da. Ez diogu beldurrik herri borondateari, euskal herritarren nahi eta gogoei. Mila giltzez itxitako konstituzioak ez ditugu guretzat nahi. Prozesu eta prozedura irekiak behar ditugu, hurrengo belaunaldiek ere gure komunitatearen eratze prozesuan erabakiak hartzeko aukera eta gaitasuna izan dezaten, betiere askatasunean biziko den jendarte justua eraiki ahal izateko. Une historiko honetan, ordea, gaur egungo Euskal Herri osoko herritarroi dagokigu demokraziari ateak parez pare irekitzea. Erronka horretan konprometitu nahi dugu gure burua, beste indar eta eragileekin batera, herritar guztiekin batera.

Euskal Herrian, 2015eko urtarrilaren 24an

Etiketak: , , , , , ,

Igo