Ate bat itxi eta beste bat zabaldu

[BERRIAren 2014ko urtekarian argitaratua / 2015-03-07]

Alex Salmond, erreferendumaren biharamunean. Dimisioa jakinarazi du.

Alex Salmond, erreferendumaren biharamunean. Dimisioa jakinarazi du.

 

Eskozia askea ikusi nahi zutenentzat, etsigarria izan zen irailaren 18ko gaua: independentzia arra betera eduki zuten, baina, botoak zenbatu ahala, urrunduz joan zen. Uneko desilusioaz harago begiratuta, ordea, irabazitakoa gehiago da galdutakoa baino.

Irailaren 21ean, Edinburgon bizi den taxilari aljeriar bat haserre zegoen oraindik: «Aljerian bi milioi pertsona hil ziren independentzia lortzeko, eta, egia esanda, ez genuen oso-osorik lortu. Hemen, zer egin behar zuten? Papertxo bat hartu eta boligrafoarekin X bat markatu, besterik ez! Eta ez zuten egin!». Eskoziatik kanpoko independentista askori antzeko sentipena eragin zion hiru egun lehenagoko bozketak: estatu burujabe izateko aukera arra betera eduki, eta X batekin, garrantzi handirik emango ez baliote bezala errefusatu zuten eskoziarrek. Hauteskunde barrutietako emaitzak zenbatu ahala, urrunduz zihoan «belaunaldi bateko aukera»: azkenean, ia 384.000 boto gehiago bildu zituen kanpaina unionistak. %45-55 geratu zen balantza, ezezkoaren mesedetan.

Biharamunean, dimisioa iragarri zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. Yes Scotland kanpaina independentistaren buru ez ezik, erreferendumaren sustatzaile nagusi ere aritua zen aurreko bi urteetan; SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarekin agintera heldu zenetik, galdeketa antolatzeko promesari eutsi zion; David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarekin negoziatu zituen baldintzak, eta Edinburgoko Hitzarmenaren bidez egin zuten deialdia, 2012an. Salmonden ibilbide politikoko une gorena ez ezik, garaipen pertsonala ere izan behar zuen 2014ko irailaren 18ak. Emaitza, ordea, ez zen desiratutakoa izan, eta pareko arduraz jakinarazi zuen uko egingo ziola gobernuko eta alderdiko buruzagitzari. Esperantzaz mintzatu zitzaien, ordea, independentistei: «Erreferenduma galdu dugu, baina oraindik eutsi diezaiokegu ekimen politikoari. Eskozia garaiz dabil benetako garailea izateko».

Burumakur baina duin utzi zuen kargua Salmondek, ibilbide osoan egindako lan eskergaz jakitun. Nekaezin jardun zuten berak eta bere belaunaldiak, independentismoaren aldeko diskurtsoa hedatzeko; alderdiaren barruan lehenbizi, Eskozia osoan gero. Ideia horrek oso babes txikia zeukanean abiatu zuen SNPk erreferendumaren aldeko kanpaina: ordura arte, independentistak nekez ailegatuko ziren herritarren heren batera. Alderdia bera erabat periferikoa izan zen urte luzez: bizirik zeuden guztiak oroitzen zirenetik, Alderdi Laboristak eduki ohi zuen Eskoziako instituzio politiko nagusien monopolioa. Apurka-apurka, ordea, hari espazioa kenduz joan zen SNP: diskurtso eta politika sozialagoekin, langile klaseko boto-emaile ugari bereganatu zituen, eta 2007an bihurtu zen Eskoziako alderdi nagusi. Salmondek bizkor jokatu eta egoera hori baliatu zuen aspaldion arkaikotzat jotako ideia bat agertoki politikora ekartzeko: Eskozia Ingalaterratik independente izan zitekeela berriro.

Gobernuak berak abiatu zuen Yes Scotland kanpaina, eta geroago batu zitzaizkion Alderdi Berdea eta SSP Eskoziako Alderdi Sozialista. Londresekiko independentzia aldarrikatzeko garai egokia zela argudiatzen zuten: azken batean, eskoziar gehienak erabat zapuztuta zeuden Erresuma Batuko Gobernuak azken hamarkadetan hartutako erabakiekin. Londresko parlamentuan ere oso gutxitan eragiten dute Eskoziako diputatuen botoek; izan ere, eskoziarrak Erresuma Batuko biztanleen %9 baino ez dira, eta, beraz, Ingalaterrakoek baino ordezkaritza txikiagoa dute Westminsterren. Eskoziak Alderdi Laboristaren alde bozkatzen zuen aldi gehienetan ere, alferrik zen: Ingalaterran Alderdi Kontserbadoreak irabazten bazuen, hura helduko zen agintera ezinbestean. Desoreka horrek frustrazio handia eragin izan du eskoziarren artean, eta tory-en aurkako herra erabat sustraituta dago haiengan Margaret Thatcherren agintaldi agonikoaz geroztik.

Edinburgok parlamentu eta gobernu autonomoa dituenetik, are gehiago nabarmendu da bi herrialdeen arteko desberdintasuna. Londresek bide neoliberal argia hartu du, oinarrizko zerbitzuak pribatizatuz eta gastu publikoa murriztuz; Edinburgok, aldiz, eredu sozialdemokratago bat aukeratu du. Eskoziak, esate baterako, eutsi egin die atzerriko ikasleentzako baimenei, eta unibertsitatea doakoa da han —Ingalaterran 10.000 eurorainoko matrikulak ordaintzen dituzte—.

Lehia estua, azken unera arte

Edinburgoko Hitzarmena sinatu aurretik, erreferendumean hirugarren aukera bat ere eskaintzea proposatu zion Salmondek Cameroni, erabateko independentziaren eta ordura arteko statu quo-aren tartean zeudenentzako alternatiba bat: devo-max deituriko formula. Harekin, Londresek Edinburgori transferituko zizkion eskumen nagusi gehientsuenak —teorian—, defentsa eta atzerri politika izan ezik. Teorian; proposamen hori ez baitzuten sekula zehaztu. Cameronek uko egin zion hirugarren aukerari, eta erreferendumeko galderak soilik bi erantzun posible izango zituela erabaki zuen: Eskozia herrialde independentea izatea, edo ez. Cameronek bazekien eskoziar gehienak ez zirela independentistak baina pozik sinatuko luketela euren zergak, osasun sistema eta energia politika kudeatzea ahalbidetuko liekeen hitzarmen bat; aukera hori eskaintzen bazuen, garesti aterako zitzaion Salmonden jolasa, ziurrenik egin nahi ez zituen kontzesio gehiegi egin beharko zituelako. Beraz, uko egin zion: tarteko aukerarik gabe, bi muturren artean erabaki beharko zuten eskoziarrek, eta probabilitate handiagoa zegoen gehienek Erresuma Batuaren barruan jarraitzearen alde bozkatzeko.

Londresek uste zuenaz bestera, lehia asko estutu zen: udako azken inkestek %45 inguruko emaitza iragartzen zieten bi aukerei, gehienetan ezezkoaren alde, baina beti zalantzarako tartea uzten zuen errore-marjinarekin. Kalean, presentzia nabarmena zeukaten kanpaina independentistek: Yes Scotland ofizialaz gain, herri mugimendutik gertuago zeuden kanpaina eta talde txikiagoak ere mobilizatu ziren; besteak beste, independentzia erradikala aldarrikatzen zuen RIC edo artearen mundutik sortutako National Collective. Baiezkoak indar handiagoa zeukan gazteen artean, eta, horregatik, arreta berezia ipini zion Salmondek adinari: lehenbiziko aldiz, 16 eta 17 urtekoek ere eman ahal izan zuten botoa.

Herri mobilizazio handietara ohituta daudenentzat, Eskoziak irudi etsigarri samarra eman zezakeen erreferendumaren atarian: mitin eta kanpainako ekitaldietara joaten ez zirenek noizbehinka informazio posturen batekin egingo zuten topo kalean, edo Yes zioten kartelak ikusiko zituzten eraikinetan, baina oro har bizitza normala egiten jarrai zezaketen, erreferendumaren auzian gehiegi pentsatu gabe. Manifestazio bakanek ez zuten zirrara kolektibo nabarmenik eragiten, eta bazirudien nork bere egongelako patxadan hausnartutako erabakia izango zela irailaren 18koa. Itxurazko normaltasunaren azpian, ordea, tentsioa zen nagusi. Sekula baino jende gehiagok emana zuten izena erreferendumean bozkatzeko: herritarren %97k, baita parte hartzea %30 inguruan ibili ohi den lekuetan ere. Horrek bati baino gehiagori pentsarazi zion politikarekin atsekabetutako herritar ugari ostera aktibatu zirela erreferendumaren ondorioz: ziurrenik, langile klase apaletakoak. Zurrumurruek zioten —eta Yes Scotland-ekoak ziur zeuden— ezusteko boto horiek independentziarako aukerak kitzikatu zituela, eta baietz bozkatuko zutela.

Aste batzuetan, ziurgabetasun horretatik elikatu zen kanpaina independentista. Uneren batean inkestak ere alde ipini zitzaizkion, eta alderdi unionistak ere larritu ziren. Ordura arte sekula baino elkartuago agertu ziren Erresuma Batuko hiru alderdi nagusiak —kontserbadoreak, laboristak eta liberal-demokratak—, bakoitzak bere figura esanguratsuenak atera zituen argitara —David Beckham futbol jokalariak, Elizabeth II.a erreginak eta Gordon Brown lehen ministro ohiak hitz egin zuten independentziaren aurka— eta, azkenean, Eskoziarentzako botere gehiago agindu zizkieten zalantzatiei. Erabakigarria izan zen eskaintza, eta irailaren 18an, botoen %55 lortu zituen Ez aukerak. Independentziaren auzia, «belaunaldi baterako behintzat», itxita zegoela ebatzi zuen Cameronek; ez horrela Salmondek: «Orain presio egin behar diogu Londresi, hitza bete dezan. Horrek, dena den, ez du esan nahi etorkizunean beste erreferendum bat egin ezin dezakegunik». Egiaz, irailaren 18az geroztik, irabazi baino ez du egin SNPk: milaka kide berri lortu ditu —lehen halako lau ditu orain—, eta udaberriko hauteskundeetan indar erabakigarria bihurtzeko bidean da Londresko parlamentuan. Nicola Sturgeonek azaroan hartu zion lekukoa Salmondi, eta haren asmoari ere eutsi dio: «Lagunok, jakin ezazue: irabaziko dugu. Eskoziarentzako egunik onenak heltzeko daude oraindik».

Etiketak: , , , ,

Igo