Eskubidea eta erabakia

[BERRIAren 2014ko urtekarian argitaratua / 2015-03-07]

Gure Esku Dago ekimenak 2014ko ekainaren 8an antolatutako giza-katea.

Gure Esku Dago ekimenak 2014ko ekainaren 8an antolatutako giza-katea.

Euskal Herrian indar handia ari da hartzen erabakitzeko eskubidearen aldarria; ekainean 150.000 lagun bildu ziren Durango-Iruñea giza katean. Gainera, Euskal Herriari buruzko herri galdeketak egiten hasi dira, eta alde bakartasunaren bidea aipagai da.

Erabakitzeko eskubidearen kontzeptua eta aldarrikapena gizarteratzeari ekin zion Gure Esku Dago herritar dinamikak 2013an —orduko ekainean sortu zen—, eta haren pedagogia lanean jarraitu zuen iaz. Segitutik jaso du euskal gizartearen babesa, iazko ekainaren 8ko giza katean ikusi zen bezala: 150.000 lagun bildu ziren Durango (Bizkaia) eta Iruñea arteko ekinbidean. 123 kilometroko katean ez zen izan etenik. «Hemen gauza handi bat gertatzen ari da: herritarrak protagonista sentitzen hasi dira», zioen biharamunean Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak.

150.000 herritar haien artean sukaldariak, igeltseroak, ikasleak, tabernariak, kale garbitzaileak, medikuak, abokatuak, autobus gidariak, langabeak edota erretiratuak zeuden bezala, politikariak ere baziren. Gure Esku Dago-k hasieratik esan izan du erabakitzeko eskubidearen aldarria ez dela abertzalea, demokratikoa baizik. Giza katean politikari ezagun gehienak euskal abertzaleak ziren (Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidentea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Aralarrekoak…), baina ez-abertzaleak ere bazeuden, gutxi izan arren. Haien artean aipa daiteke Gemma Zabaleta PSE-EEko kidea. «Ez da egia erabakitzeko eskubideak mugak jartzen dituela nazionalista eta ez-nazionalisten artean. Printzipio demokratiko bat da, herritar guztiona», adierazi zuen Zabaletak giza kateko egunean bertan. Han izan zen Jose Luis Uriz PSNko kidea ere: «Erabakitzeko eskubidea ezkerraren betiko aldarrikapena da. Bide berri bat ari da irekitzen, eta horretan batzen gaituenak izan behar du oinarri».

Gure Esku Dago-k izaera barneratzailea eman nahi dio kontzeptuari. Haren arabera, izan ere, «duela urte batzuk erabakitzeko eskubidea lokatzetan zegoen kontzeptu bat zen. Banaketarekin lotzen zen, eta ideia marjinal bat zen». Oraindik ere hori pentsatzen jarraitzen du Patxi Lopez PSOEko zuzendaritzakideak: «Erabakitzeko eskubideak gizartean haustura eragingo luke».

Adierazpenak instituzioetan

Ordea, Lopez 2012tik ez da Jaurlaritzako lehendakaria, eta haren alderdiak eta PPk ez dute gehiengorik Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta EH Bilduk, esaterako, bai, eta bien legebiltzarkideen botoekin erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen bat onartu zuen Gasteizko ganberak maiatzean: «Eusko Legebiltzarrak berretsi eta aldarrikatzen du Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea duela eta eskubide hori bertako biztanleek beren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datzala, bai bere buruari berezko politika esparrua emanez nahiz bere burujabetasuna, bere osoan nahiz bere batean, beste herriekin baterakoa izanez».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere egin zuten erabakitzeko eskubidearen alde iaz, han ere bi indar politiko haiek testu bat adostuta. Aldundiak, horrez gain, ehun mila euroko laguntza eman zion Gure Esku Dago-ri. Baina, oraingoz, instituzioetan eta handik kanpo EAJren eta EH Bilduren arteko elkarlanik ez dago.

Gainera, Espainiako Estatua erne dago, tankera horretako pausoak trabatzeko asmoz. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren (PP) EAEko ordezkariak, adibidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek emandako diru laguntza haren aurkako helegitea aurkeztu zuen Donostiako epaitegian. Urkijoren iritzian, instituzio batek ezin du lagundu erabakitzeko eskubidea bultzatzen duen elkarte edo mugimendu bat, hori egitea Hego Euskal Herriko erakundeek Espainiako Konstituzioari zor dioten «leialtasunaren» kontra egitea delako. Hark uste du erabakitzeko eskubidea «eufemismo» bat dela «independentzia aldarrikatzeko».

Estatu mailan, berriz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren burujabetza adierazpenari buruzko kontrako epaia atera zuen martxoan. Konstituzionalak zioenez, estatuko erkidego batek ezin du aldebakartasunez autodeterminazio erreferendum batera deitu Espainiako integrazioaz erabakitzeko. Erabakitzeko eskubidea «asmo politikotzat» jo zuen, baina «konstituzioaren barruan defendatzeko modukoa» dela finkatuz. Ondorioz, 2008an Eusko Legebiltzarrari bezala —Galdeketa Legea—, Kataluniari bidea itxi zion.

Bi herri galdeketa

Oraingoz, independentziari edo euskal estatuari buruzko herri galdeketa ez-lotesleak eta erakunde publikoek antolatu gabekoak egin ahal dira. Katalunian 2009-2011 artean 554 egin zituzten. Euskal Herrian bi baizik ez dira egin, biak joan den urtean: Etxarri Aranatzen (Nafarroa) apirilean eta Arrankudiagan (Bizkaia) azaroan, herri plataformek deituta. «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?» galdera egin zuten Etxarri Aranatzen. Emaitza: baiezko botoak, %94; ezezkoak, %2,1; txuriak, %3; eta baliogabeak, %0,3. Arrankudiagako itauna: «Nahi al duzu euskal estatu subirano baten herritarra izan?». Botoak: baiezkoak, %89,6; ezezkoak, %2,5; txuriak, %6,7; eta baliogabeak, %1,1. Kataluniakoen oso antzeko datuak.

Dena dela, bi talde antolatzaileek gehiago azpimarratu zuten galdeketa egin ahal izatea eta «normal-normal» egitea. Halaber, kontsultarako prozesu «gardena» eta parte hartze zifra «ona» nabarmendu zituzten —Etxarri Aranatzen %42,7koa izan zen partaidetza; Arrankudiagan, %61,59koa—.

Gure Esku Dago-k urtearen hondarrean iragarri zuen ikasturte honetan herri galdeketen protokolo bat landu nahi duela. «Metodologia bat finkatzea izango da. Baldintza politikoak azalduko ditugu, batetik: zer den erabakitzeko eskubidea, zergatik den onuragarria… Galdeketa egiteko baldintza juridiko edo bermatzaileak zein diren ere aipatuko dugu. Baita baldintza teknikoak ere», esan zuen Zelai Nikolasek. Azaroan, haren ekimenez, hautetsontzi erraldoi bat osatu zuten hamar mila lagunek Donostiako Zurriolako hondartzan.

Erabakitzeko eskubidearen alde egiteak «demokrazia defendatzea» dakarrela aipatu izan zen 2014an ere —Iñigo Urrutia EHUko irakasleak, esaterako—, eta eskubide haren oinarria «batasun berrien giltzarria» izan daitekeela azaldu zuen Floren Aoiz Sorturen Iratzar fundazioko zuzendariak.

Nola gauzatu eskubidea?

Beste kontu bat da eskubidea praktikara nola eraman. Espainiako eta Frantziako estatuaren jarrera itxia da, eta ez dirudi, haustura proposatzen bada, bete beharreko galdeketa bat baimenduko dutenik. EAJk, akordioaren bidearekin segitzeko asmoz, kontzertu politikoaren kontzeptua atera zuen berriro —Josu Jon Imazek aipatu zuen aurrenik, 2007an, EBBko orduko burua zela—. Ortuzarrek horretaz jardun zuen uztailean, Madrilgo hitzaldi batean. «Itunpeko erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa» eskatu zuen, Espainiako Gobernuari mezua helarazi nahian. «Kontzertu Ekonomikoak Euskadiri ematen dizkion subiranotasuna eta alde bikotasuna esparru juridiko-politikora eramatea» defendatu zuen, azken batean.

Beste alde batetik, ordea, gero eta indar handiagoa hartzen ari da alde bakartasunaren bidea. Kasurako, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak esan zuen, apirilean: «Ez dago erabakitzeko eskubiderako biderik; erabakitzeko eskubidea da bidea. Edo demokraziaren bidea hartzen da, edo alde bakarreko adierazpena egingo da». Arraizek, ekainean: «Eskaintza demokratikorik egiteko gaitasunik ez duen estatuaren aurrean, Euskal Herrian ere haustura demokratikoaren hautua baino ez dago, akordio politikoak bilatuz, herri gisa egin behar dugun alde bakarreko bideari legezko oinarria emateko».

Mario Zubiaga EHUko irakasleak «daltonismo politikoaren» metafora erabili zuen abenduan Donostian, Nazioak eta Estatuak XXI. mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea nazioarteko jardunaldietan. Hau da, estaturik gabeko herri bateko gehiengo sozial, politiko eta instituzionalari estatuak ate denak ixten badizkio eta, beraz, «semaforoan argi gorria» badago, desobedientziaren alde egin daiteke, semaforoko debeku kolorea ez ikusi eta aurrera joz. Hots, erabakiak hartuz. Hori ei da gakoa. Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea): «Erabakitzeko eskubidean erabakia da inporta zaiguna, ez eskubidea. Falta zaiguna ez da eskubidea, erabakia da». Jon Maia (bertsolaria): «Ez gara ari utopiez, ez gara ari ametsez. Jadanik badakigu gure esku dagoen zerbaitez ari garela».

Etiketak: , , , ,

Igo