Aberri Eguna / 2015 – EH Bildu + EH Bai: Ezkerretik Euskal Estatua eraikitzen

EH Bilduk eta EH Baik apirilaren 1ean aurkeztu dute Aberri Eguneko agiria. Ekitaldia Donostian izan da. Hasier Arraizek eta Anita Lopepek irakurri dute agiria (jarraian osorik).

Ezkerretik Euskal Estatua eraikitzen

2015. urteko Aberri Egunaren bezperatan, garai gogorrak bizi ditugu oraindik ere, baina euskal gizartearen etengabeko kemenari eta lanari esker, itxaropenaren atea parez pare zabalik dauka gure herriak. Oraindik ere, giza eskubideen urraketa larriak pairatzen jarraitzen dugu euskal herritarrok Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik. Oraindik ere, Euskal Herriaren izena eta izana ukatzen jarraitzen dute; bi estatuek gure gain ezarritako mendekotasun eta inposizio sistema oso bat pairatzen jarraitzen dugu. Gutxi batzuen mesedetan aritzeko eta herritar asko eta asko miseria gorrira kondenatzeko oinarriekin eraikitako Espainiako eta Frantziako estatuen atzaparretan harrapatuta jarraitzen dugu.

Errealitate gordin hori ukaezina bada ere, etorkizunari beste begirada batekin begiratzeko arrazoiak ere nonahi aurkitzen ditugu. Denboran oso atzera ere ez da egin behar horren adibide esanguratsuak bilatzeko. Azken bi asteburuetan, EH Baik inoiz ezkerreko abertzaleen indar politiko batek lortutako emaitza onenak erdietsi ditu Ipar Euskal Herriko kantonamenduetako hauteskundeetan. Nafarroan ere urteetan erregimenak eraikitako horma sendoa eraisteko aukera paregabea daukagu hurrengo udal eta foru hauteskundeetan; egun gutxi batzuen bizitza geratzen zaio Nafarroako erregimenari, nafarrek hala erabakiko dutelako hurrengo udal eta foru hauteskundeetan. Araban, EH Bildun elkartutako ezkerreko indar subiranistek lehen indarra izateko posizionatuta daude; Gipuzkoan, duela lau urte hasitako eraldaketa politikak sendotzen joateko jauzia emateko ordua heldu da; eta Bizkaian, beste urrats funtsezkoa emango da aldaketa gauzatzeko bidean.

Baina ez hori bakarrik. Joan den urtarrilaren 24an, EH Bilduk eta EH Baik erabakitzeko eskubidea oinarri duen Euskal Estatua eratzen joateko proposamen politikoa aurkeztu genien euskal herritarrei eta euskal eragile guztiei. Gure herriak behar duen Estatua eta askatasun osoa erdiesteko aukera historikoa sortarazi dugu. Euskal herritarren eskubide guztiak eta ongizatea bermatuko dituen Euskal Estatua behar dugu; gure nortasuna, hizkuntza, kultura, baliabide ekonomikoak eta sozialak eta naturalak babesteko eta garatzeko; bizi eta lan baldintza duinak eraiki ahal izateko.

Orain, badugu bidea gure ametsak gauzatzen joateko. Gure etorkizuna erabaki nahi dugu. Herri gisa zer izango garen eta nola biziko garen erabaki nahi dugu. Dena erabaki nahi dugu. Beren eskubide guztien jabe izango diren herritar askez osatutako Euskal Estatua eraiki nahi dugu. Demokrazia eraiki, sakondu, zabaldu eta errotu nahi dugu gure herrian. Herritarrei erabakitzeko gaitasuna eman nahi diegu. Demokraziaren garaia da. Herritarren borondatea errespetatzeko eta gauzatzeko garaia da. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko garaia da. Euskal Bidearen garaia da. Muga bakarra izan eta ezarri behar dugu: euskal herritarren nahia eta borondatea.

Baina Euskal Herrian bezala, Europan ere aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko haize ufadak indartsu jotzen ari dira. Katalunian, Eskozian, Irlandan eta beste leku askotan erakusten ari dira askatasun egarriz direla, mendeko izatera eta bizitzera kondenatzen dituzten kate astunak hausteko lanean dihardutela atsedenik gabe. Askatasuna lortzea ez dela kimera. Muga bakarra dagoela, herritarren eta herrien borondatea. Horixe baita bidea eta muga Europan eta Euskal Herrian: herrien eta herritarren erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea da bidea eta herritarren borondatea da muga bakarra.

Gure herriaren antzeko borroka eta ametsak dituzten estaturik gabeko herriekin eskutik aritzeko borondatea adierazten dugu eta horretarako deia egiten dugu. Gure herriaren baitan auzolana funtsezkoa bada, nazioarteko ekinbidean ere bai. Estatuetara kateatuta behartuta dauden herriok elkarlanean aritu beharra daukagu, indarrak metatuz, sinergiak sortuz, gure herrietan aldaketa politikoak eta sozialak erdiesteko bidean. Zentzu horretan, eta herrien arteko zubiak eraikitzen joateko bidean, hitzetatik ekintzetara jauzia emateko unea dela deritzogu. Hala, ekimen zehatzak garatzen joateko borondatea agertzen dugu.

Horregatik guztiarengatik, 2015eko Aberri Egunaren aitzinean, ondorengo engaiamendua berretsi nahi dugu EH Baik eta EH Bilduk euskal herritarrekin eta Herriarekin:

  • HELBURUA: Euskal Estatua, Euskal Herrian dauden egoera desberdinak abiapuntu gisa hartuta, abiadura eta prozedura desberdinez, hiru eremuetako prozesu eratzaileek prozesu bateratzailea osatu behar dute.
  • TRESNAK: giza eskubide guztiekiko errespetutik demokrazia da bide bakarra. Herritarren borondatearekiko errespetua, hau da, Erabakitzeko Eskubidea.
  • ERABAKITZEKO ESKUBIDEA: ez dugu bakarrik euskal herritar gisa Euskal Herri osoan bizi izateko aukera izatea nahi, Euskal Herrian nola bizi nahi dugun ere erabaki nahi dugu. Guk Euskal Herrian dena erabaki nahi dugu.
  • HERRIEKIN ARTEKO ELKARNA: Gurearen antzeko borrokekin eta nahiekin dauden estaturik gabeko herriekin zubiak eraiki behar ditugu, elkarrekin aritu behar gara, sinergiak bilatuz. Zentzu horretan, ekimen zehatzak abian jartzeko borondatea eta konpromisoa adierazten dugu.

 

Etiketak: , ,

Igo