Biharkoa da bidea

#CATikasgai
10. ekarpena: Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea)
 

Katalunia eta Espainiako Erreinuaren arteko harremana ez dirudi oso katalanen aldekoa izan denik. Ondorio horretara heltzen gara Independentismoak mahai gainean jarri dituen edukiak aintzat hartuz, defizit fiskalarena adibiderik argiena. Abertzaletasun “lasaia”, “moderatua” deitu izan den horren baitako gehiengoaren leialtasun “konstituzionalean”, ez  zegoen, antza, bi aldeentzat onuragarria zen traturik. Zer zegoen, beraz? Eta zergatik egun ez du balio?

Lehen galderari erantzuteko, esan daiteke, gutxiengo eragile batentzat tratua “ona” zela. Edo gehiengoa “ezjakina” zela. Bazegoen zerbait tratua iraunarazi duena.

Bigarren galdera, (“orain zergatik ez du balio”?) ez da horren erraza erantzuten. Independentziaren aldeko indar metaketa inoizko handiena eragin duen joeraren atzean esan daiteke orain sektore gehiago daudela, Espainiako Erresumarekin duten tratuarekin galtzaile sentitzen diren sektore eta kolektiboen “gizentzea” gertatu dela. Askok miretsi dugu Kataluniako herriak eta bere gizarteak azken urteetan egin duten ibilbidea ezagumenduan eta arrazonamenduan sakonduz, independentziaren aldeko edukiak ikuspegi kritikotik neurtzen, zehazten eta erlatibizatzen. Beharbada lan intelektual erraldoi horren atzean badago harremanaren edukia auzitan jartzera iritsi den aski osagai. Baina hor ote dago txinparta eragilea?

Lerro hauek idazten ditugunean esango genuke, ordea, hori ondoren etorri dela, sezesio beharra horren aurretikoa dela. Ez duela lotura zuzenik  78an Espainiako Estatuarekin tratu “eskasa” egin izanarekin, bai ordea, Kataluniak herri gisa bere etorkizunak zer behar duen irudikatzearekin, sektore bakoitzak ariketa hori egin izanarekin. Esan dezagun beste era batera, Mundua bizkor ari da aldatzen, Kataluniako gizarteak erantzunak behar ditu Mundu horretan duintasunez kokatzeko, eta Espainiako Estatuak 78ko tratua giltzarrapoz lotuta dauka. Kataluniaren bilakaera eragozten duen giltzarrapoa.

Hona hipotesia: “Mundua aldatu” den neurrian Kataluniak herri gisa egokitzeko aukerak izan balitu hainbat sektorek ez zuketen auzitan jarriko Espainiarekiko morrontza. Gauzak aldatu egin dira, ordea, globalizazioak Bartzelona mapan ongi kokatu du, larrialdi sozialak edo murrizketek baliabide gehiago eskatzen dituzte, nazioarteko harremanek garai batekoa baino aparatu/askatasun instituzional handiagoa eskatzen dute, berdin jarduera ekonomikoak, aniztasun sozialaren kudeaketak…

Hipotesi honen arabera, sezesio beharra / askatasun maila handiagoen beharra edo estatu egituren beharra ez dago Espainiako estatuak Kataluniari egiten dion laidoan, Kataluniako herriak eta gizarteak mundu honetan kokatzeko sentitzen duten premian baizik.

Hari horretatik tiraka, Euskal Herrian identitatea edo autogobernuaren gabeziak (euskal lurralde bakoitzak bereak) ez dira aski mobilizatzaile gertatuko antzeko indar metaketa jendetsuago bat eragiteko. Menperatzaile on guztiek dakiten lez, estrategiaren lehen oinarria gutxiengo eragile baten leialtasuna sarituz kateatzea da, edo gehiengoa ezjakintasun gozoan mantentzea. Mobilizatzaile izan daitezke, ordea, gure gizarteak behar duen aberastasuna Madrilgo kutxatik kudeatzea; gure enpresen, arrantzaleen edo laborarien interesak bigarren mailan jartzen dituen misio diplomatiko batek ordezkatzea, edo onartuak izateko gure identitatea besterendu behar izatea. Beste era batera esanda, zer izan nahi dugun edo behar dugun jakinda hasiko gara Espainiarekin dugun tratuak zenbateraino balio duen edo ez neurtzen eta orduan, segur aski, egun independentzia zale ez diren asko bide subiranotasun handiagoen aldeko izango dira. Eta oraingo independentziazaleren batzuk, beharbada, kontrako bidean jarriko. Hasiko al gara pentsatzen zer izan nahi dugun, zer behar dugun Mundu honetan izateko, gure artean nolako harremana nahi dugun…?

 

Etiketak: , ,

Igo