Prozesu eratzaile espainiarraren zain egon edo katalana abiatu

Eta abenduan, zer? Kataluniako prozesu subiranistaren zeharkako geltoki gisa jo dituzte hainbatek Espainiako Gorteetako hauteskundeak eta horren ondotik sor daitekeen (PSOEren) gobernu berria. Ez da arraroa pentsatzea Madrilek datorren legealdian eskaintzaren bat egingo duela; are, Raul Romevak berak hauteskundeen biharamunean esan zuen SNPk botoen %44rekin bozak irabazi ondoren heldu zela erreferendum bat egiteko adostasuna Londresekin.

Baina abenduan -edo hurrengo hilabeteetan-, Madrildik ez da erreferendum proposamenik helduko. Zergatik:

Espainiako prozesu konstituziogile baten atarian gaude. Jada inork gutxik jartzen du zalantzan hurrengo legealdia konstituzioaren erreformarena izango dela, aktore politiko gehientsuenak ari baitira jokaleku horretan beren burua kokatu eta proposamenak prestatzen. Kontua da zer espero daitekeen prozesu konstituziogile horretatik, zerk ezaugarrituko duen, zein elementuk zilegituko duen sistema politiko espainiarra beste hamarkada batzuetarako… eta noski, zergatik erabaki den erreforma prozesu bat ahalbidetzea.

1970ko hamarkadako aurrekaria presente edukitzea behar-beharrezkoa da gaur egun espero dezakeguna ulertzeko. Badira antzekotasunak orduko eta oraingo Espainiako jokaleku politikoaren artean: gero eta zilegitasun gutxiago z/duen klase politikoa, herritarrek aukeratu ez duten erregea, krisi ekonomikoa, auzi nazionalak beren bertsio itunzale nahiz hausturaren aldekoetan… 2015eko mundua eta 1978koa ez dira berdinak, orduko eta oraingo Espainiako Estatua ere ez… baina argazkiaren oinarria antzekoa da.

Egoera horren aurrean, Espainiako sistema politikoak bi aukera ditu; bere baitatik abiatzea erreforma, Trantsizioa 2.0 egin eta joko arauak kontrolatzea, edo egoera usteltzen utzi, zilegitasun kuota (are gehiago) jaitsi eta ondorioen zain egotea. Finean, Gramscik aipatzen zuen iraultza pasiboa egin edo iraultzaren zain egotea.

Lehengotik jo zuen 1978an, eta beste horrenbeste egingo du 2015ean. Zertan datza? Besteak beste, sektore subalternoen aldarrikapen batzuk barneratzean, “mamia” bere horretan uzteko; aldaketa “lasaia” egitean, gaur egun zenbaitek darabilten terminologia erabiliz. Operazio horrek aktore legitimatzaile berriak eskatzen ditu —Podemos, C’s— indar korrelazio zehatz batekin; prozesu konstituziogilean parte hartu eta eragiteko adinakoa, baina motore edo gidari izateko gaitasunik gabea. PCE eta AP beharrezko aktore izan ziren sistema konstituzionala alboetatik ixteko, baina biek 1977ko hauteskundeetan lortutako ordezkari kopuruak (20 PCEk eta 16 APk) urrun geratu ziren UCD eta PSOE motoreetatik (165 eta 118, hurrenez hurren). Antzerako jokalekua aurkezten dute inkestek datorren legealdirako.

Besteak beste, Santiago Carrillo (PCE), Felipe Gonzalez (PSOE), Adolfo Suarez (UCD) eta Manuel Fraga (AP). Gonzalez eta Suarez artean, Juan Ajuriagerra (EAJ).

Besteak beste, Santiago Carrillo (PCE), Felipe Gonzalez (PSOE), Adolfo Suarez (UCD) eta Manuel Fraga (AP). Gonzalez eta Suarez artean, Juan Ajuriagerra (EAJ).

Espainia eta indar korrelazioa. Hortaz, komeni da argi izatea zein den “mamia” eta zein aktore berrien eragin gaitasuna nork bere aldarrikapenak konstituzio erreforman txeratzeko.

Podemosek, gainerakoen antzera, ez du oraindik erreforma artikulaturik proposatu, baina alderdiaren ibilbide laburretik nahiz bere buruzagi eta ideologoen adierazpenetatik ondoriozta daiteke bere lan ildoen lehentasuna; eskubide sozialen konstituzionalizazioa –etxebizitza, hezkuntza, osasuna- eta parte-hartze mekanismoen ugaritze/hobetzea –erreferendumak egiteko gaiak ugaritzea, herri ekimen legegileak erraztea, aurrekontu parte-hartzaileak…-. Herrialde periferikoen erabakitzeko eskubidea eta estatu ereduaren inguruko eztabaida –monarkia vs errepublika- defendatu izan baditu ere, presente eduki behar da zeintzuk diren alderdiaren lehentasunak eta zeintzuk eztabaida konstituzionalaren negoziazio mahaian gal daitezkeen kartak. Are laburragoa da C’s-en ibilbidea, eta gardentasuna, ustelkeriaren aurkako borroka eta administrazio publikoen soiltzea hartu ditu banderatzat; horiek izan daitezke bere zigiluak konstituzio berri batean, ez baitirudi aurrera egiteko modurik duenik Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoak ezabatzea –hori proposatu duen alderdi bakarra da, UPDren lekukoari helduz-.

PSOE izan daiteke, ziurrenik, erreforma konstituzionalaren epizentroa, indar ezberdinen arteko alderdi orekatzailea. Espainiako sistema politikoaren gainbeherak bat egin du PSOEren gainbeherarekin, eta hura da haren suspertzetik gauzatuko da Espainiako sistema politikoaren suspertzea ere. Bozak irabazi edo ez, espero liteke Pedro Sanchezek gobernatzea. Baina haren eskaintza, PSOEk etengabe haizatutako Granadako adierazpena oinarri, ez da nazio izaeraren aitortzara ere helduko; zer esanik ez sezesio erreferendum batera. Hortik beherako eskaintzek Katalunian zer erantzun izango luketen argi utzi dute igandeko hauteskundeek, ordezkarien %61 erabakitzeko eskubidearen aldekoak diren parlamentu bat osatuta.

Konstituzioa aldatzearen planteamenduetara iristen azkena izan da PP, eta argi utzi du ez dela bera izango erreforma abiatuko duena. PPk argudiatu izan du ez dela nahikoa adostasunik izan erreforma bati ekiteko; alegia, popularrek ez dute konstituzioaren meloia zabalduko, nola itxiko den jakin gabe. Inmobilismo itxuratik ihes egiteko heldulekua topatu du Mariano Rajoyk, Estatu Kontseiluak 2006an plazaratutako txosten bat oinarri hartuta. Txostenaren zutabeak: senatuaren erreforma, erkidegoen izendapena, Europako legeria Espainiako Konstituzioan txertatzea eta monarkiaren erreforma (gizonarentzat lehentasunik ez oinordetzan). Kataluniari eskaintzen dionaz, azken lau urteak adibide.

Osagai horiek eta proposatzaileen arteko indar korrelazioak ezaugarrituko dute datorren konstituzio espainiarra.

Lluis Rabell eta Pablo Iglesias, Kataluniako hauteskundeetako kanpaina ekitaldi batean. Toni Albir / EFE

Lluis Rabell eta Pablo Iglesias, Kataluniako hauteskundeetako kanpaina ekitaldi batean. Toni Albir / EFE

CSQEP-en rola. Egoera horretaz noiz konturatzen den Podemos, hori zalantza. Pentsa daiteke abendura arte eszenatoki hori zabaltzeko zain egongo dela, baina berandu baino lehen konturatuko da Espainia ez dela gai izango alderdi berriak proposatzen duen erreferendum hori mahai gainean jartzeko. Subiranismoaren zerrenda nagusia prest da Madrilekin erreferendum bat negoziatzera esertzeko, baina ez luke eskaintza horren zain egon behar. Zentzu horretan, denbora Madrilen aurka doa, bide orri subiranistak aurrera egiten duen heinean. Eta demokrazia ordezkatzailearen joko arauak hobetuko lituzkeen galdeketarik -botoak zenbatzeko tresnarik- ezean, gehiengo parlamentarioak zilegitasuna izango du herritarren mandatua aurrera eramateko.

Catalunya Si que es Pot-ek erabaki beharko du zein unetan inplikatzen den Kataluniako prozesu konstituziogilean, baina Espainiaren erantzun ezak bultza dezake horretara, bide batez prozesu eratzaile horri 11 ordezkari gehiagoren bermea gehituz. Hemezortzi hilabeteren buruan, konstituzio katalanari buruzko erreferendumak neurtuko du, bototan, haren zilegitasuna.

Igo