Independentziarako pedagogia

#CAT ikasgai
15. ekarpena: Ainhoa Larrañaga Elorza

 

Miresmenez eta arreta handiz ari gara jarraitzen Euskal Herritik Kataluniako prozesua. Ez dakigu zer gertatuko den; ez dakigu erabakitzeko eskubidearen estrategia benetan den eraginkorra independentzia lortzeko eta ikustear dago, Kataluniak Espainiar inperialismoa garaitzea lortuko duen ala ez. Seguruenik asko dira Katalunian independentziaren aldeko prozesua hain aurrera joan izanaren arrazoiak edo gakoak. Euskal Herriko independentzia irrikaz bizi duen edozeinek, sarritan egingo du galdera hau: “Zer gertatu da Katalunian halako abiadura hartzeko?” “Zer ez da gertatzen Euskal Herrian horren motel joateko?”.

Irailaren 27rako hamasei egun falta direla ospatu da aurtengo Diada eta bertan egoteko aukera izan dut. Edozein independentistarentzat horrelako ospakizun batean partehartzea opari ederra da; helburu berberaren bueltan bi milioi lagunen poza, berotasuna eta indarra gozatzeko parada ederra. Katalunia ametsa gauzatzeko unean dagoen herria dela esan daiteke eta gauza asko aipatu eta azpimarratu daitezkeen arren, bi kontu aipatu nahiko nituzke: herritarrek islatzen duten poza batetik eta goera honetara iristeko egin den pedagogia, bestetik. Aurtengo ekitaldian zehar honako hau esaten zuten leloak luzatu zituzten ekitaldi nagusia bultzatu zuten via lliurekoek:

Via lliure: a la democrácia; al món; a la sostenibilitat; a la justicia social; a la diversitat; a la solidaritat; a la igualtat; a l’equilibri territorial; a la educación; a la cultura.

Eta guzti hau independentziaren bidez. Modu sinple eta argian independentziak dakartzan onurak azaltzen dituzte esaldiok. Modu grafikoan adierazten dute, Kataluniari – eta edozein estaturik gabeko naziori‐ euren burua gobernatzeak dakarzkion onurak. Hedabide publiko zein pribatuek eta beste hainbat eragilek ere independentziaren aldeko jarrera esplizitu edo inplizitua adierazten dute, euren jardunean. Europara bidali duten ordezkariak esana du, Europak Katalunia estatu gisa onartuko duela, baldin eta herritarren gehiengoak baiezkoa ematen badu; eta, hori ere, modu argian komunikatu dute.

Katalanek gurera begiratu izan dute sarritan eta orain gu gara begirada Kataluniatik kendu ezinik gabiltzanak. Ez, ezin dira bi herrialdeak alderatu; ez dira alderagarriak. Otzandu egin gara euskaldunak eta ez da independentzia hitza entzun ere egiten. Independentziarako bidea piztu beharra dago eta horretarako ezinbestekoa da independentziarako pedagogia. Bi argudio ildo sendotan oinarrituz: argudio historikoa batetik eta guk geuk determinatzeko boterea izateak suposatzen duena bestetik.

Euskal Herriak independentzia behar du bizi‐irauteko. Eufemismoak albo batera laga behar dira eta lotsarik gabe pedagogiari ekin.

 

Etiketak: , , , ,

Igo