Zenbat dugun ikasteko Kataluniako prozesutik!

#CATikasgai
16. ekarpena: Zelai Nikolas (Gure Esku Dago ekimeko kidea)

 

600 km-tara baino ez dagoen herri bat da Katalunia. Ahaldundu den herri bat. Bere herritarren ongi-izatea eta etorkizuna bermatzeko behar dituzten tresnez hornitu behar duela erabaki duen herri bat. Bere baliabideak berak kudeatu nahi dituen herri bat. Erabaki nahi duen herri bat.

Irakaspen ugari ari gara jasotzen Kataluniatik eta tentuz-tentuz jarraitzen gabiltza beren erabakitzeko prozesua. Are gehiago esango nuke, liluratuta gaude. Beldurraren estrategiari aurre egiteko gaitasuna erakusten ari dira; erosotasun egoeratik harago, elkarrekin etorkizunaren zimentarriak jartzen ari dira, eta ederrena: etorkizuna beren eskutan dutela sinesten dute, Espainiarekiko mendekotasunik onartu gabe. Kataluniako burujabetzaren aldeko indarrek proiektu politiko ilusionagarri bat eraikitzea lortu dute, herritarren interesa piztu duena eta Espainiaren batasuna defendatzen dutenen proiektu eta eskaintza eza agerian utzi duena.

Horrela izanik, zaila egiten zait ulertzea Euskal Herrian handik eta hemendik jasotzen den eszeptizismoa. Akaso optimistegia izango naizelako izango da … edo igual burujabetzearen aldeko bidea prozesu bezala ikusten dudalako, urratsez urrats egin beharreko bidea, urrats bakoitzak hurrengoa elikatuz. Eta garrantzitsuena, bidean ikasiz eta gozatuz.

Eta zeintzuk dira Euskal Herriaren prozesua elikatzeari begira atera daitezkeen ondorioak. Honako hauek, nire ustez:

a) Burujabetza prozesua zilegitasun demokratikoz hornitu behar da. Katalanek badakite Estatu berri bat eraiki nahi badute zilegitasun demokratiko nahikoa bildu behar dutela erabaki horren inguruan. Bi modutara ari dira hori egiten: herritarren borondatea plazaratuz eta beren erakundeak prozesua elikatzera bideratuz. Herritarren aktibazioaren eta mobilizazioen bidez, ordezkari politikoei mandatu demokratikoak bidaltzen dizkiete eta beren ordezkarien urratsak eta erabakiak modu zabalean babestu egiten dituzte; bestalde, erakunde publikoen tresnak erabiliz (Legebiltzarraren adierazpen instituzionalak, hauteskundeak, …), prozesua forma ari da hartzen eta ezinezkoa zirudiena, sendo ari dira eraikitzen.

b) Herritarren aktibazioa beharrezkoa da prozesua orekatua izan dadin. Gizarte zibilak bere tresna propioak sortu ditu (ANC eta OMNIUM CULTURAL, bereziki), prozesua sustatzeko eta babesteko eta herritarrek aktiboki ari dira parte hartzen prozesuan tresna horien bidez, jakitun zein une garrantzitsu bizi duten. Herritarren aktibazioari esker, eragile politikoen arteko krisiak eta tentsioak gainditzen ari dira. Gizarte zibila lehen mailako protagonista bihurtu da prozesuan.

c) Prozesuan inor ez dago soberan eta bakoitzak bere papera jokatzen du. Katalunian izan ginen I-27 baino egun batzuk lehenago eta harrituta utzi gintuen kontu bat izan zen eragileekin izandako bilera pribatuetan inork ez zuela besteaz gaizki hitz egiten. Bakoitzak rol propio bat bereganatuta du eta denen arteko oreka eta osagarritasuna da bilatzen dena. Etorkizuna, ezinbestean, elkarrekin eraiki beharra dago, bakoitzak bere ekarpena eginez.

e) Etorkizuna elkarrekin amesteko gaitasunak indarra ematen die eta prozesua bideragarri egiten du. Erabakitzeko eskubidearen debate publikoak gizartearen interesa sortzen du eta horren adierazle da I-27ko hauteskundeetan ia %80ko parte hartze zabala. Etorkizuna denoi interesatzen zaigu, nola ez eta horri esker politikaren ohiko jardunak dituen ahuleziak (alderdikeria, inmobilismoa, iruzur kasuak …) gainditzea lortzen da, Politika letra larriz gizartean praktikatuz.

Euskal Herrian, nire ustez, hemen dugu ahuleziarik nabarmena. Euskal Politikak ez du esparrurik eskaintzen elkarrekin amesteko; aukera desberdinez demokratikoki datuekin eztabaidatzeko; herritarren arteko ohiko harremanak sendotzeko; herri bezala dugun aukerez eta ahuleziez gogoeta partekatua egiteko … Horren ordez, lurralde esparrukako politikak azaltzen zaizkigu, eragile politikoen artean desadostasuna da nagusi, atzera begirako gogoeta eskatzen da aurrera begirako aukerak eztabaidagai jarri gabe … Ui, zenbat falta zaigun….

Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian estilo berri bat ari da auzoz auzo eta herriz herri zabaltzen. Ilusioa eta heldutasun demokratikoa lantzen duena eta jarrera eraikitzaile eta positiboak sustatzen dituena. Espiritu horrekin galdetu genien Kataluniako hainbat eragileri ea zer espero zuten euskal herritarrengandik, guregandik, prozesua babeste aldera. Honako hau izan zen haien erantzuna aho batez: “abia ezazue zuen prozesua ahal den arinen” eta “Estatuaren partetik eraso larriak etorriz gero, gu kalera ateratzen garenean, zuek ere kalera atera”.

Biak gure esku daude.

 

Etiketak: , , , ,

Igo