I+G, nazioarteratzea eta mikrosegmentazioa

#CATikasgai
18. ekarpena: Josu Aztiria Urtaran

 

Ikasbideak ugariak direla dudarik ez dago, baina Katalunian erakutsi duten antolakuntzarako gaitasuna sakon aztertzea merezi du, edo hobe esanda, independentziaren aldeko prozesua martxan jartzeko egiten duten baliabideen erabilera eta gauzatu dituzten praktika aurreratuetan erreparatzea. Izan ere, ViaCatalana-ViaLliure edo kontsultak bezalako mobilizazio erraldoiak aurrera eramateko erakutsi duten gaitasun organizatiboaz landa (izebergaren punta nire ustez) badira kontutan hartu beharreko hainbat gako.

Ikerketa eta garapena

Ikertu independentzia-prozesua indartu dezaketen baldintzak aztertzeko eta irtenbide eraginkorrak gizarteari eskaintzeko. Ikerketa aplikatuan aritu dira eta gizarteratzeko moduko emaitzak izan dituzte, independentziaren aldeko diskurtsoen sozializazioa ez baita inprobisazioz eta boluntarismo hutsez egiten. Independentzia hegemoniko bihurtzeko behar zituen marko mentalak eta kontzeptuk eraikitzen ikertzaile asko aritu dira azken urteotan. Alderdi katalanista nagusien fundazioek intelektual eta pertsona onenak jarri dituzte horretan, baliabideak eskainiz, dirua jarriz, ikerketan inbertituz inoiz gizartean arrakasta izango duen produkzio intelektuala sortzeko. Ikerketa eta garapena ez da industrian soilik egiten den praktika.

Nazioarteratzea

ViaCatalana-ViaLliure bezalako ekimen erraldoiekin nazioartean izan duen inpaktua ikaragarria da. Gizarte-mobilizazioz gain zer erakutsi duten katalanek ekimen horiekin? Antolaketarako gaitasuna, zibismo handia eta ekimenak antolatzeko dotorezia. Osagai ezin hobeak nazioartearen sinpatia eta aldekotasuna irabazten joateko.

Mikrosegmentazioa

Gizarteko segmentu edo eremu mikroenera iristeko abilezia izan dute Katalunian, marketin digitalean oso erabilia den mikrosegmentazioaren teknika independentziaren aldeko diskurtsoa zabaltzeko erabiliz. Hedabide eta komunikazio bide nagusien gainetik, eta sare sozialen zalantzazko irismenetik, buruz buruko komunikazioan egin dute lan, ukigarria, atez atekoa, gizarte geruza txikienetara iritsiz. Súmate bezalako erakunde baten sorrera eta lana dira horren adibide.
Euskal Herrian dena geldi dagoenaren sentsazioa eta ebidentzia asko daude, baina inoiz ez dakizu noiz aktibatuko den energia soziala, beraz gutxienez, etxeko lanak ongi eginda eta lanean harrapatu gaitzala. Kataluniako irakaspen horiek kontutan hartzea ez litzateke gutxi.

 

Etiketak: , , , ,

Igo