Legea, zilegitasuna eta historiaren motorra

Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidak hitzordu esanguratsua izan du Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultatean. Diplocat Kataluniako Diplomazia Publikoaren Kontseilua herrialde horretako prozesu subiranista nazioateratzeko lanean ari da, eta EHUrekin elkarlanean, Leioan antolatu du Erabakitzeko eskubidea: legalitatea eta legitimitate demokratikoa mahai-ingurua. Mahaiaren bueltan sei hizlari, erabakitzeko eskubidea alor politologikotik, filosofikotik eta zuzenbidearen ikuspuntutik aztertuz.

Mario Zubiaga EHUko Politika Zientzietako irakasleak eta Jordi Sole Kataluniako Generalitateko Europako Batasunerako nahiz Kanpo Gaietarako idazkariak egin dute sarrera, eztabaida kokatze aldera. Diplocateko Kontseilu Exekutiboko presidentea ere bada Sole, eta Kataluniako Gobernuak irailaren 27ko bozen ondotik duen mandatua nabarmendu du; autonomiatik independentziarako trantsizioa egitea.

Trantsizio hori nola egin berme juridikoekin, ordea? Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak, haren inbestidura saioan, oposizioari erantzunez esan zuen: hau parlamentu bat da, hemen legeak egiten dira, eta beraz, Kataluniako Parlamentuaren legeei jarraituz jardungo du gobernuak. Antzera azaldu du Solek: “Ez gara legetik ezta printzipio demokratikoetatik irtengo”. Nola? “marko legal batetik beste batera igaroko gara”. Hortaz, sezesioa lege aldaketa gisa planteatu du: “Legezkoa al den sezesioa? Demokrazian, legezkoa al da legeak aldatzea?”.

Zubiaga eta Sole

Cotarelo eta zilegitasunaren bultzada

Legeak zilegitasuna ala zilegitasunak legea? Argi du Ramon Cotarelo UNEDeko Politika Zientzietako irakasleak: “Dena unean uneko araudian oinarrituko balitz, neolitikoan geundeke”. Funtsean: unean-unean arauak auzitan jarriz aldatu da legea, zilegitasunak aldarazi du legea. Cotareloren hitzetan: “Legeek ez dituzte eskubideak sortu, aitortu baizik”.

Nork bozkatu behar den izaten da beste eztabaidagaietako bat; erabakitzeko eskubidea Kataluniari dagokion edo Espainiako Estatuko herritarrei. “Gehiengoaren araua” ontzat jota, hori “gehiengoaren tiraniarekin” ez da nahastu behar, Cotareloren iritziz. Demokraziaren arauen arabera, gutxiengoak gehiengoaren borondatea onartzen du gutxiengo hori gehiengo bihurtu baldin badaiteke. Nola lortuko dute, ordea, Kataluniako zazpi milioi herritarrek 45 milioi biztanleko Espainian gehiengo izatea? “egiturazko gutxiengoek ez badute baliabiderik beren ahotsa entzunarazteko, orduan gehiengoaren tiranian gaude”.

Plano teorikotik irtenda, etorkizuneko irakurketa egin du: “talka iristen denean nazioarteko bitartekaritza behar izango da, eta erreferendum bat eskatuko du”.

Goikoetxea, estatua eta erabakitzeko gaitasun gorena

Demos batek bere burua gobernatzeko ahalmenaz eta demokratizazio/desdemokratizazio prozesuez jardun izan du sarri Jule Goikoetxea EHUko Politika Zientzietako irakasleak, eta gai horien inguruan aritu da Leioako mahai-inguruan ere. Haren hitzetan, “ez dago demos-ik demokratizazio prozesu batetik kanpo, eta ez dago demokratizaziorik estatu propiorik gabe”. Zergatik demokratizazioaren eta estatuaren arteko identifikazioa? Ahalmen politiko gorena duen egitura delako Estatua; esparru guztietan erabakitzeko eta bere burua erreproduzitzeko (eta beraz, bizirauteko) gaitasuna duena. Estatua da, Goikoetxearen hitzetan, errealitate politikoa sortzen duen egitura nagusia, subjetibotasunak objetibatzeko erraztasun handiena duena. Sarri esan ohi da estatuen sorrera anakronikoa dela eta joera eskumenak egitura supranazionalen esku uztea dela. Ez dator bat Goikoetxea: “Europako testuinguruan ikusten dugu estatua dela, nabarmen, ahalmen politiko handiena duen egitura instituzionala”.

Nahiz eta Goikoetxeak zehaztu ez zela ahalmen politikoa eskumen bat edo beste eskuratzearekin lotzen ari, SNPk ere egin zuen estatua-gaitasun politiko gorena lotura modu grafikoan, 2014ko irailean, Eskoziako erreferendumaren kanpaina betean.

yes

Nogueira, berzentralizazioa eta liberalizazioa

Estatuaren ahalmen politiko gorenari erreparatzen badio Goikoetxeak, haren tesiak lotu egin daitezke nolabait Alba Nogueira Santiago de Compostelako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak esandakoekin; izan ere, estaturik ez duten herrialde edo erkidegoek, erabakitzeko gaitasunik ez edukita, jasandako neurriak izan ditu hizpide. Espainiaren berzentralizazio prozesuaz hitz egin du batez ere: “Araudiak, gaur egun, eraso egiten die konstituzioak ematen dien eskumenak gauzatzeko erkidego autonomoek duten borondateari”. Berzentralizazio hori, gainera, liberalizazio ekonomikoaren mesedetan baliatu dutela ohartarazi du.

Alba Nogueira

Cotarelorekin bat egin du Nogeirak, Kataluniaren kasuan prozesua nazioarteratzeko garrantzia azpimarratzean: “Arrakastaren parte bat prozesuaren nazioarteratzetik etorriko da”. Nazioarteratze horretan zilegitasunaren pisua nabarmendu du, “galegoz ere hitz egiten ez duen” Rajoy Oriol Junqueras, Artur Mas eta Raul Romevaren gaitasun linguistikoekin alderatuz. Europak, ordea, ez al du estatu kidearen alde egingo? Katalunia EBtik kanpo geratuko al litzateke? Hipotesiak baino ez dira galdera horien erantzunak, baina aditu ugarik nabarmendutako ideia gogorarazi du Nogueirak: pragmatismoa. Irizpide horrekin jardun zuen Europako Batasunak Groenlandia irten zenean, eta “geometria aldakorrarekin” kudeatzen ari dela, esaterako, errefuxiatuen krisia.

Vilajosana eta galdetzeko debeku eza

Esparru juridikoa xehatu du Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakasle Josep Maria Vilajosanak, ondorio bat nabarmenduz: Espainiako Konstituzioak ez du debekatzen independentziari buruz galdetzea. Espainiako Auzitegi Konstituzionalari gomendatuko lioke Kanadako Gorte Gorenak Quebecez emandako ebazpenari jarraitzea –aldebakarreko independentzia eskubiderik ez du Quebecek, baina gehiengo argi batek hala nahi badu, Kanadak sezesioa negoziatu beharko luke derrigor-. Kanadako auzitegiak ez du auzitan jartzen Quebeceko herritarrei dagokiela erreferendum batean hori erabakitzea, Espainian erabiltzen diren argudio batzuen kontrara; Kataluniaren estatusaz Kataluniako herritarrek baino ez lukete erabakitzeko eskubidea, Vilajosanaren arabera; Cotareloren argudioa bere eginez, gehiengoaren printzipioa eta gehiengoaren domeinua ez nahaste aldera.

Etiketak: , , ,

Igo