Independentzia helburu: elkarrizketa sorta Gaur8-n

Andoni Olariaga, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza, eta Imanol Galfarsorok osaturiko Independentzia helburu izenburuko liburua aitzakia harturik, independentziaren gaia astindu du azken asteotan Gaur 8 Gara egunkariaren euskarazko gehigarriak. Liburuaren egileekin elkarrizketa bana argitaratzeari ekin dio.

Honako galderak pausatu nahi izan ditu Gaur 8-k: “Posible ote XXI. mendean estatu burujabe berri bat sortzea? Eta posible balitz, nola eraikiko litzateke? Eta zer antolamendu politiko izango luke? Badira hamarkada batzuk jada Euskal Herriaren independentziaz hausnartzen hasi ginela. Denborak, ordea, aurrera darrai, eta berarekin darama gizarte oso bat, pentsamoldez eta jokamoldez etengabe aldatzen doan gizarte bat. Hori hala, ba ote du gaurkotasunik independentziaren aferak XXI. mendeko Euskal Herrian? Eta hala balitz, zer iturri ideologikotatik edaten du? Eta zer bilakaera historiko izan du?”

Jarraian, orain arte argitaratutako elkarrizketa hauen aipamen laburra.

 

ANDONI OLARIAGA

Filosofian lizentziatua, Lapiko Kritikoa kolektiboko kide da egun Andoni Olariaga (Berriz, 1984). Berriki, Jakin taldeko partaide izendatu dute.

«Helburuei eutsiz, betaurrekoak aldatu behar ditu askapen mugimenduak»

(2016-02-13)

Apustuek aurkitzen garen faseari erantzun beharko liekete. Esan genezake erabakitzeko eskubidea gehiengoak onartzen duen ideia dela, beraz, zein litzateke hurrengo geldialdia? Zer erabaki nahi den izango da definitu behar den hurrengo elementua. Ezin da esan dena nahi dugula erabaki, dena ezerezaren sinonimoa baita. Euskal askapen mugimenduak proiektu bat definitzen joan behar du, eta horren araberako apustuak egin beharko ditu. Zein da gure helburu estrategikoa, estatu jakobino bat, ala gure balioekin estuago lotzen den estatu konfederal bat? Eskaintza bat zehaztu eta helburu argiak behar ditu gehiengoak artikulatzen hasteko.

Politikak asko dauka sinbologiatik eta alde irrazionaletik, eta gutxi arrazionaletik. Abertzaletasunak asko eragiten dio alde irrazional horri, eta horregatik mobilizatzen du gehiago motibazio politiko gisa. Zentzu horretan, abertzaletasunak duen indarra “zureak” eusteko duen gaitasuna, fidelitatea da. Hori hala, ezin da erabat arrazionala den independentismo bat sor daitekeenik pentsatu; atzean beti egon behar du alde irrazional indartsu batek. Eta horretan nazio pertenentziak hartzen du indar gehien. Agian, egin behar dena da nazioaren ideia zabaldu, eta jende gehiago egin ideia horren parte; hau da, nazio inklusiboago bat eraiki beharko litzateke. Horrek eskatzen du errelato berri bat sortzea, kontakizun berri bat egitea, eta, noski, “euskal” sinboloak lausotzea.

 

UNAI APAOLAZA

Filosofian lizentziatua, Filosofia irakaslea da egun batxilergoan Unai Apaolaza (Donostia, 1973). Lapiko Kritikoa kolektiboko kide ere bada.

 
«Abertzaletasunak ez digu balio jada subjektu independentista artikulatzeko»
(2016-02-20)

 

Abertzaletasunak jada ez digu balio. Ohartu behar gara behingoz hiru nazio sentimendu barnebiltzen dituen herri batean bizi garela, eta ezin dela eraiki subjektu independentista soilik nazio sentimendu bakarra duen komunitatearen gainean. Abertzaletasuna naziora eta honen ezaugarriak –hizkuntza, kultura…– babestera mugatzen da. Gaur egun, beraz, independentista izateko nazio jakin bateko sentitu behar zara. Aurrebaldintzak jartzen dira independentista izateko, eta hori da apurtu beharrekoa.
 
Momentuotan independentismoak betaurreko aldaketa izugarri bat behar du. Gaur-gaurkoz independentismoa oso eskema zaharrekin pentsatzen da: abertzaletasunarekin eta azken 40 urteotan izan dugun eskema orokorrarekin, hots, aldebikotasunarekin. Mundua eta jendartea ulertzeko eskema horietatik ezin aterata gabiltza, nahiz eta onartu krisian gaudela eta zenbait aldaketa eman behar direla. Alderdi independentistak, baina, ez dira aurreiritzi horiek guztiak albo batera utzita estrategia independentista bat pentsatzeko gai.  

Estatu txiki bat izanda, gainera, hemen Euskal Herrian politika kontrolatzeko dugun ohiturarekin, denok hobeto biziko ginatekeen estatu bat gauzagarriagoa dela esango nuke, Estatu frantses edo espainiarrarekin alderatuta baino. Hori saltzea oso erraza da; gaurtik hasi beharra daukagu.

 
IMANOL GALFARSORO
 
«Subordinazioaren kontra» liburuaren idazlea da Imanol Galfarsoro (Aretxabaleta, 1960). Era berean, «IJZS» aldizkariaren editore orokorra eta Lapiko Kritikoa atariaren sustatzailea da.
 
«Independentziak prezio batzuk ditu; euskalduna ‘desagertzea’, horietako bat»
(2016-02-27)

 “Euskaldunak desagertu egin behar du” adierazpena, berriz, estatugintzaren zereginarekin dago lotuta. Estatu garaikidearen zeregina hiritarren segurtasuna eta ongizatea garatzea da. Euskal Herrian estatu independente baten jabetzarekin batera, orain arte kulturalki (edota etnikoki) definitu izan den euskalduna de facto desagertzen da. Zentzu horretan diot etorkizuneko Euskal Herriko estatuan identitate kulturala zehaztu gabe garatu beharko litzatekeela. Estatuaz ari naiz, ez gizarteaz edo merkatuaz. Estatua baliagarria izango da soilik arraza, erlijio edo kulturazko identitate osagaiekin betetzen ez bada; hots, aldarrikatzen dugun estatuaren azken asmoa denontzat babestuta dagoen berdintasun politikoa izan beharrean herri edo nazio bakar baten diferentzia kulturala babestea baldin bada, desastrerako errezeta emanda dago. Bestela esanda: diferentzia kulturalean zilegitutako estatua irudikatzeak “tribugintzatik” du gehiago “estatugintzatik” baino.

Euskaldungoaren estatu independentearekiko mesfidantza orokorrak zer pentsatua ematen du. Baina, oro har, inkestaren emaitzak aipagarriak dira, “Independentzia helburu” liburuaren zenbait intuizio orokor baieztatzeaz gain independentzia “zertarako” horren erantzun zehatzak ematen dizkigulako: Europaren baitan estatu independente bilakatzeko demokrazian sakondu eta orain dagoena baino ongizate hobea eta gizarte politika eraginkorragoak garatzeko gauza garela frogatu beharko dugu.

 

 

Etiketak: , , , , ,

Igo