Zer ikasi Kataluniako prozesutik? (1. lekukotasunen bideoa)

 

‘Zer ikasi Kataluniako prozesutik?’ solasaldia aberasteko hiru katalanen lekukotasuna jaso du Norabideak: Lluis Llach Junts Pel Siko parlamentaria, Irene Martin Abellan ANCko kidea eta David Fernandez CUPeko kidea. Hirurei galdera sinple bat egin zaie: zure esperientziatik abiatuta, zer gomendatuko zenieke zure lagun euskaldunei kontuan har dezaten? Hiruren erantzunarekin osatu da 13 minutuko bideoa, ekitaldiaren hasieran proiektatu zena. Merezi du ikustea. 

Jarraian bideoan jasotzen den mezuren transkipzioa (euskarara itzulita) bildu da. Lekukotasun hauek Bartzelonan grabatuak izan dira, martxoaren 2an eta 3an.

 

LLUIS LLACH

Junts Pel Siko parlamentaria

“Nire iritziz, Katalunian bizitzen ari garen guztian, ondare interesgarriena da ekimen politikoa ez datorrela abangoardien eskutik, prozesu historikoetan halako mugimenduak ordezkatu edo abiatu ohi dituzten horien eskutik, alegia; izan ere, indar guztia, ahalmen guztia kaletik etorri da, kaletik, eta oso modu bitxian, dena Auzitegi Konstituzionalak Estatutua murriztu, txikitu edo dena delakoa egin zuenean hasi baitzen. Kalean milioi bat lagun bildu ginen, aurpegira, begietara elkarri begira, eta galdetzen hasi handik aurrera zertarako zen dena. Begietara begiratu eta nik uste dut zerbait bitxia hasi zela, ekimena kalean sortu zela. Antolatzen jakiteko zortea ere izan genuen, baina hori herri honetan ez da hain arraroa.

Erakunde handiak baziren, Omnium sortu zen, adibidez, eta beste batzuk, Kataluniako Asenblea Nazionala, kasurako, eta, hortik aurrera, esan daiteke prozesuko protagonista nagusia —ez dut esango bakarra— jendea izan dela, kalea. Eta, nire ustez, horregatik da hain berezia, bakarra, prozesu hau, eta ikaskuntza zaila ere izan da: ANCk, Asanbleak eta elkarteetatik eta aktibismotik zetorren jendeak oso zeregin garrantzitsua izan du; buruan dut Muriel Casals, Carme Forcadell, beste pertsona batzuk… Gizarte zibilaren izaeratik jakin izan dute aurrean jartzen, eta gaitasuna izan dute, aldi berean, ulertzeko klase politikoak ere berebiziko eginkizuna bete behar zuela, eta, horri esker, kaleak bat egin du ordurako lanean ari ziren erakunde zibiko eta politikoekin.

Une bereziki garrantzitsu bat dago, hau da, Convergenciako idazkari nagusiak edo buruak, hau da, Mas lehendakariak ulertzen du berak ere, Generalitateak ere korronte nagusi horren alde jarri behar duela; eta honela gaude orain: parlamentuan gehiengo osoa independentista dugu, eta gobernu independentista bat, bere hautuak oso argi dituena. Hortaz, estatu bat denbora guztia aurka izateak dakartzan arazo guztiekin ere, inoiz izan ditugun lanabes indartsuenak dauzkagu herri gisa. Herri honek ez du inoiz borroka egin bere identitatearen eta bere askapen nazionalaren alde parlamentu eta gobernu independentisten eta kalea mobilizatuta edukita.

Garai bitxia da, eta ez dakit… Denbora gehiago eduki nahi nuke ikasteko, baina, nolanahi ere, uste dut hori dela mugimendu honen ondare nagusia, hain berezia eta hain indartsu egiten duena. Erasoen aurrean ere hauspo baten modukoa da, bi milioi lagunen borondatea batera, eusten, eusten eta aurrera egiten.

Prozesuan euforia handiko uneak izan dira, eta gero lur jota egon garenekoak, denbora politikoak eta garai sozialak ez direlako berdinak. Eta horrek gorabehera handiak eragiten ditu. Poz handiak, dezepzio handiak.

Baina hemen montserratinoak garenez, eta Montserrat-ek esan nahi duenez zerraren mendia, horrek esan nahiko du gure prozesuak ere zerra itxura duela: gora eta behera goaz, gora eta behera. Baina, animatzeko, ohartu ahal gara zerraren puntak gero eta altuagoak direla. Eta hori, gertatu den guztiarekin eta estatuko aparatu guztia kontra izanik, etorkizunerako sintoma ezin hobea da”.

 

IRENE MARTIN ABELLAN

ANCko kidea

“Nire ustez, Katalunian gertatu den mentalitate aldaketa horixe izan zen: kanpoan zer gertatzen zen begiratzeari utzi, eta barruan zer gertatzen zen begiratzen hastea. Azalpen ugari daude, urte hauetan gauza asko gertatu direlako. Kontsulten mugimendua garrantzi handikoa izan zen hemen, eta ondoren geldialdi bat izan genuen, eta orduan sortu zen Kataluniako Asanblea Nazionala. Eta Asanblea konturatu zen gizarte zibilak egin behar zuela aurrera, gizarte zibilak izan behar zuela ekimena. Eta gizarte zibila batuz gero, politikariak ere azkenean batu, eta aurrera eramango zutela prozesua. 

2012an manifestazio handi bat egin genuen, eta 2013an Via Catalana deitutakoa, Kataluniaren Bidea. Via Catalana bide bat izateko jaio zen, 400 kilometrotik gorakoa, Kataluniako Printzerriaren iparraldetik hegoaldera. 400 kilometro horiek bide bat ziren, eta, horrekin batera, bidea ziren. Via Catalana aipatzen genuenean, ingelesez Catalan way,  independentziara iristeko bide edo molde kataluniarra esan nahi genuen: beraz, guretzat baliagarria dena, Kataluniarentzat erabilgarria dena. Kontzeptua da herrialde eta herri bakoitza bere bidea aurkitu behar duela. Ez dago errezeta magikorik.

Guk ikusi genuen bide egokia zela gizarte zibilak bat eginda, ekintza batasunaren bidez, herri bakoitzak bere asanblea sortzea eta ahalik eta herrikide gehienengana iristea, eta bide hori baliagarria zitzaigula hemen, Katalunian. Gure ustez, herrialde bakoitzak, herri bakoitzak aurkitu behar du berarentzat baliagarriena den bidea.

Eta gauza horiek erabilgarriak izan zaizkigu mobilizazio masiboak egiteko garaian, beti saiatu garelako mobilizazioak ahalik eta inklusiboenak izan zitezen, eta erreinbidikatiboak ez ezik jai girokoak ere. Nire ustez, funtsezko hiru elementu daude.

Lehenbizikoa antolaketa da. Antolaketa beharrezkoa da: gauzak ez dira besterik gabe ateratzen.

Bigarrena, kontraesana badirudi ere, inprobisazioa da. Malgua izateko gaitasuna ere behar duzu, unera egokitzeko gaitasuna.

Eta hirugarrena, batez ere, konfiantza da. Konfiantza izatea pertsonengan. Gizarte zibil antolatuaz ari garenean, jendeaz, pertsonez ari gara. Norbaitekin maila berean hitz egiten duzunean, argi hitz egiten baduzu, zintzotasunez, konfiantza sortzen duzu. Eta pertsonenganako konfiantza hori, herrietatik, batzarretan sortzen dena, alderdi politikoetako jendearekin hitz egiten duzuenean ere sortzen da, azken finean pertsonak baitira, ez dugu ahaztu behar.

Konfiantzazko lotura horiek sortzen dituzunean, orduan gai zara sortzeko, aurrera egiteko, arrazoitzeko, konplizitateak harilkatzeko, eta helburu bateratu horretara hurbiltzeko. Horregatik dugu ilusio hori; posible dela uste dugu, eta guztion helburua, lehentasun batekin, besteak beste, hau da: pertsonentzat hobea izango den estatu bat lortzea. Horregatik hitz egiten dugu erradikaltasun demokratikoaz eta justizia sozialaz. Uste dugulako pertsonek abiatu dugula mugimendu hau.

Ez gara nekatuko, ez gara geldituko. Eta herri orok, bere helburua independentzia baldin bada, bere estatua lor dezake, nazioarteko onarpena lor dezake, batez ere hala nahi duten, estatu bihurtzeko borondatea duten pertsonen bitartez”.

 

DAVID FERNANDEZ

CUPeko kidea

“Benetan garrantzitsuena herriaren aktibazioa izan da, eta mobilizazio soziala; krisi ziklo batean, gainera: krisia alde askotatik, ez bakarrik politikoa, sozioekonomikoa edo instituzionala, ezta erregimen baten amaierako krisia bakarrik… Baina gakoa jendeak dauka: benetan daukagun berme bakarra, estatu egitura bakarra jendea da, jendea eta bere konpromisoa.  

Hau bide luzea da, eta errebuelta asko eta asko etorriko dira, baina azken sei urteotako esperientziak, esperantza zapuztuz betetako aurreko urteetan ernalduak, bide berezi bat ireki du Europako hegoaldean, Europako Batasuneko krisi bortitz horren erdian, non faktore bereizgarria horixe izan baita, kaleak bete direla, 555 kontsulta egin direla, eta jendearen konpromisoak, erabakimenak eta ausardiak ekarri gaituztela jokaleku honetara, esan dezagun jokatzen ari garen partida honetara, gure kontra dagoen zelaian, oztopo pila batekin, orain arte izan ditugun zailtasunekin eta etorriko direnekin, baina iritsiko garela jakinda, eta galdetzen badiguzue noiz eta nola, oraindik ez, hori ikusteko eta argitzeko dago. 

Baina horixe izan da gakoa, inoiz ez bezalako mobilizazio sozial bat, trantsizioa deitu duten erregimen horrek izan duen krisi demokratikorik handienaren erdian. Eta herri bat denon artean egiten dela, inor baztertu gabe, eta askoz jende gehiago behar dela. Irailaren 27ko hauteskundeetan 80.000 boto falta izan ziren baiezkoa nagusi izateko. Eta hurrengoan, gehiago eta hobeto. Hau maratoi bat da; etapaz etapa goaz.

Eta aniztasunaz eta konplexutasunaz ere jabetu behar dugu. Prozesu hau ez da inola ere erraza edo binarioa. Subiranotasunaren eta independentziaren atzean sentsibilitate sozial, ekonomiko eta politiko desberdin asko daude. Baina aniztasun eta konplexutasun horiek ematen diote indarra prozesuari, eta espero dezagun atzera ez egitea horretan.

Eta bestea euskaldunen eta kataluniarren ikasgai bateratua da, ispilu konbinatu moduko bat, estatuaren ezetza eta immobilismoa, bunkerraren immobilismoa. Hori da Kataluniako esperientzia. 30 urtez, erregimenaren leloa izan zen, euskal gatazkari zegokionez, indarkeria politikoak, pluralean esanda, desagertuz gero, proiektu politiko guztiak gauzatu zitezkeela, eta agerian geratu da hori guztiz faltsua dela, gezurra benetan. Beraz, ziurrenik, euskal-kataluniar bidea, parametro desberdinetan, aldebakartasuna eta norberaren bidea bilatzea da, Godoten esperoan egon gabe. Hau da, itxoin gabe Madrilen David Cameron bat izan arte edo Espainiako Estatua bat-batean kultura parlamentario britainiarrera aldatu arte. Hori dugu elkarrekin. Estatu bera dugu, sustraiak Torquemadarengan dituena, eta nekez onartuko duena herri katalanaren edo euskal herriaren erabakitzeko eskubidea, independentziaren aukera onartzearen parekoa delako. Eta hori da, azken batean, onartzea Espainiaren batasuna XXI. mendean ez dela printzipio sakratu bat, inkisizioaren garaikoa. Eta, hortaz, ziurtasunik ezaz egiten dugu lan. Immobilismoaren eta ziurtasunik ezaren artean, segurtasun faltarekin lan egitea aukeratu dugu, bestea inoiz ezer ez gertatzea delako. Eta inoiz ez da ezer aldatzen inoiz ezer aldatzen ez bada, esan dezagun”. 

 

 

Etiketak: , , , , ,

Igo