Zer ikasi Kataluniako prozesutik? (2. Ekitaldi osoaren bideoa)

Zer ikasi Kataluniako prozesutik? goiburupean solasaldi bat antolatu zuen Norabideak joan den martxoaren 10ean, Iruñeko Katakrak aretoan. Ekitaldiaren helburua Euskal Herriko egoeraz eta etorkizunaz gogoeta egin eta sustatzea zen. Ekarpen interesgarriak egin ziren. Ekitaldiak bi zati eduki zituen: lehenik, solasaldia aberasteko hiru katalanen lekukotasuna eskaini ziren bideoaz: Lluis Llach Junts Pel Siko parlamentaria, Irene Martin Abellan ANCko kidea eta David Fernandez CUPeko kidea. Hirurei galdera sinple bat egin zitzaien: zure esperientziatik abiatuta, zer gomendatuko zenieke zure lagun euskaldunei kontuan har dezaten? Hiruren erantzunarekin osatu da 13 minutuko bideoa, ekitaldiaren hasieran proiektatu zena. Ondoren, solasaldia gorpuztu zen: Zelai Nikolas legelariak, Arantza Santesteban historialariak eta Martin Aranburu politologoak heldu zioten ekitaldiaren gaiari, eta, besteak beste, prozesuaren funtsezko baldintzei buruz, izaeraz eta aukeraz mintzatu ziren. Pello Urzelai Norabidea blogeko koordinatzaileak egin zituen solasaldiaren gidari lanak.

Ekitaldiaren laburpen gisa, Joxerra Senar kazetariak Berrian argitaratutako kronika irakur daiteke: Kataluniaren ispilua euskal bidearentzat

Solasaldiaren lehen puntua prozesu baterako funtsezko baldintzak zein diren eta Euskal Herrian ote dauden aztertzea izan zen. Gogoeta horri laguntzeko asmoz, Norabideak erabakitzeko eskubidearen aldeko jarreraren mapa aurkeztu zuen. Joan den abenduko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako herriz herriko emaitzetan oinarritutako intentsitate  mapa da. Bertan erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar politikoen indarra erakusten da herriz herri, Hego Euskal Herri osoan. Gaindegiak eta Berriak elkarlanean abenduko hauteskundeetarako egindako mapan txertatuta dago mapa hau, eta ikuspegi berri bat eskaintzen du.

 

Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarreraren mapa, Espainiako Kongresurako hauteskunde emaitzen arabera, Gaindegiak eta Berriak elkarlanean garatua.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrearen mapa, Espainiako Kongresurako hauteskunde emaitzen arabera, Gaindegiak eta Berriak elkarlanean garatua.

 

Etiketak: , , , , , ,

Igo