Erabakitzeko eskubidea eztabaidagai AEBetako Kongresuan

 Hiru adituk AEBetako Gobernuari eskatu diote estatu berrien sorrerarekiko jarrera alda dezala.

 

Ameriketako Estatu Batuen politika Autodeterminazio mugimenduekiko izenburupean, gaia mahai gainean izan dute AEBetako Kongresuko Atzerri Politikako Batzordean. Bertan hitz egin dute Jason Sorens Dartmouth Collegeko irakasleak, Ivan Vejvoda German Marshall Fundazioko Programa presidenteordeak eta Paul R. Williams Public International Law and  Policy Groupeko presidente eta sortzaileak.

Williams oso kritiko azaldu da Europako Batasunak prozesu subiranisten aurrean izandako jarrerarekin; kontinenteak erabakitzeko eskubideari “fobia” diola eta estatu berrien sorrerarekiko jarreran kohesio falta duela nabarmendu du, salatuz Eskozia eta Kataluniako erreferendumen atarian Europako Batzordeak ez zuela argitu zein posizio hartuko zuen estatu berrien aurrean. Kataluniako kasua sakonago aztertu du; “Independentzia aukeratzen badute, nazioarteko aitortza bilatuko dute jendearen borondatean oinarrituta, ez Espainiako Konstituzioan oinarrituta”. Ildo horretan, gogorarazi du Nazioarteko Justizia Auzitegiak Kosovoren kasuan ebatzi zuela independentzia aldarrikapena ez zela legez kanpokoa izan. “Gerturatze koherenterik gabe, EBk posizio ezinezko eta prekario batean kokatu du bere burua”, ondorioztatu du.

Gomendioa egin dio Williamsek AEBetako Gobernuari: “Bakea eta egonkortasuna epe luzera sustatzeko, beharrezkoa da AEBek politika aldatzea, egonkortasuna eta egungo mugen status quoa nabarmentzetik irabazitako burujabetzara igaroz”. Horrek “malgutasun handiagoa” emango lieke AEBei mugimendu subiranisten asmoak kudeatzeko, eta murriztu egingo lituzke “indarkeriaren eta ezegonkortasun politiko eta ekonomikoaren arriskuak”.

Sorensek, berriz, nabarmendu du independentziaranzko legezko bideak bakea sustatuko lukeela, bitarteko demokratikoen bidez lor litezkeelako horrela helburu politikoak. Sorensek normaltzat jo du independentzia prozesuen aurrean AEBek posizionatu nahi ez izatea, baina behin independentzia aldarrikatuta, AEBeko Gobernuak “ez du beste aukerarik eta erantzun beharra dauka”, haren ustez. Soilik jatorrizko estatuaren interesak aintzat hartu ordez, sortzen den estatuaren interesak ere kontuan hartzeko eskatu dio: “Normalean, estatu-nazio harreman bat estatu-estatu harreman batekin aldatzeak indarkeria murrizten du”.

Igo