Aberri Eguna 2016 / ELA: Nazio Batzordearen adierazpena

ELA-agiria

Euskal Herriko egoera politikoa aztertu du ELAko Nazio Batzordeak 2016ko Aberri Egunaren harira, eta agiri luze batean plazaratu du azterketaren emaitza. Aurrera begira, hiru erronka handi nabarmendu ditu ELAk: “gizartean babes handiagoa lortzea, mobilizazioa bizkortzea eta akordio politikoak iristeko gure betiko gaitasun eza gainditzea”.

Jarraian, agiriaren pasarte batzuk:

“ELAk ikusi du gure erakundeak eta estatua bat datozela politika ekonomiko antisozialean. Autogobernuaren eta justizia sozialaren aurkako erasoak hain gogorrak direnean, horixe da arrazoi bakarra gure ordezkari politiko nagusiek –Urkullu lehendakaria bera buru dela– oraindik aldebiko harremanaren aldarrikapena egiteko. Jarrera honen eskutik doa Eusko Jaurlaritzak Confebaski ematen dion babesa, soldatak debaluatzeko negoziazio kolektiboaren zentralizazio estrategiari dagokionez, edota eskubideak, oinarrizko zerbitzuak eta lan-baldintzak murrizten dituen legedia estatalaren aplikazioa eta garapena ere”.

“Gobernua sostengatzen duten indarrek egin zuten Akordio programatikoa urrun dago Nafarroako organizazio sindikal eta sozialok urtetan hainbat mobilizaziotan galdegin izan dugun aldaketatik. Zehazki, pribilegioen eta sare klientelarren amaierari dagokionez justi- fika ezina da egungo gobernuak hitzarmen bidez sindikalismo estatalari eta patronalari finantzazio oso eskuzabala ematen jarraitzea”.

“Iparraldeari dagokionez, ELAk interes eta arreta handiz behatzen du instituzio-, administrazio- eta lurralde-mailan garatzen ari den berregituratze prozesua, baita Euskal Herriaren errealitate sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalaren zilegizko aintzatespena izateko aztertzen ari diren formulak ere”.

“ELAk uste du soberanismoak ez duela oraingoa baino gehiengo zabalagorik erakarriko politika publikoak klase xeheen zerbitzura jartzen ez diren bitartean. Beharrezkoa da gure herriak jakitea eta sentitzea autogobernu handiagoarekin justizia soziala areagotu egingo dela, hala ez bada nekez hartuko baitu bere gain burujabetza betearen helburua. Horregatik da bereziki etsigarria gure gobernu eta aldundiek agertzen duten joera neoliberala eta enpresazalea”.

“ELAk deritzo inoiz baino premia handiagoa dela erakunde sozialak aktibatu eta artikulatzea, politika publikoak baldintzatu eta orientatzeko eta estrategia soberanistari bultzada emateko”.

“Zoritxarrez begibistakoa da borroka armatuaren amaierarekin sortu zen abagunea ez dugula baliatzen asmatu erabakitzeko eskubidearen inguruan minimo batzuk finkatzeko. Eta nabarmena da soberanisten zatiketa dela estatuaren agenda zentralizatzailearen abantailarik handiena. Ez dugu asmatu uneaz baliatzen, batetik urteotako konfrontazio nagusian gailendu egin delako hegemoniarako lehia eta diziplina alderdikoia; norgehiagoka honetan gizarte-eredua alboratu egin da. Hau ez da erritmo arazoa, norabidearena baizik. Ez dago helburu partekaturik, ezta aliantza zehazturik ere”.

“Euskal gehiengo sindikalak beste batzutan erakutsi izan du aliantzak berebiziko aukerak ematen dituela mobilizazioari eta eraldatzeari dagokionez, hala lan munduan, nola eremu sozial eta politikoan. ELAk hau etorkizunean ere hala jarraitzea nahi du. Modu eragingarrian proiektu alternatibo, klaseko eta soberanista baten alde elkarrekin lan egiten galarazten diguten arazoak konpontzea ez dagokio Estatuari, geuri baizik, eta hau ardura itzela da: gobernu, alderdi eta botere ekonomikoekiko autonomia duen mugimendu sindikal eta sozial bat sortzea”.

 Agiria deskargatu: 2016ko Aberri Eguna. Nazio Batzordearen adierazpena

 

Etiketak: ,

Igo