Aberri Eguna 2016 / ETA: Herri proiektua eraikitzea dugu erronka, denon artean eta denontzat

Euskal Herriaren egoera eta etorkizunari buruz egiten duen gogoeta plazaratu du ETAk Aberri Egunean, Gara egunkariak argitaratutako agirian. Borroka armatua utzi zuenetik aurten bost urte beteko direla gogoratzean, “orduan Euskal Herrian sortu zen itxaropen kolektiboari erreparatuz gero, ez gaude espero genuen tokian”, aitortu du ETAk. 

“Independentziarako hautua denetan egokiena dela guztiok egiaztatzeko bidean”, ETAk elkarlanaren beharra nabarmendu du: “gure herriaren erronka nagusiei aurre egiteko elkarlanean jardun behar dute sentsibilitate ezberdinek”.

Jarraian, agiriaren pasarte batzuk:

“ETAren borroka armatuaren bukaerak eta, berarekin batera, konfrontazioaren hainbat aldagai gordinen indargabetzeak ezaugarritu dute egoera berria. Ez da aski, oraindik ez dugulako egiazko bakea lortu. Baina ez da gutxi ere hamarkadatan, mendetan, sufrimendua metatu duen eta beste etorkizun bat merezi duela aldarrikatzen duen herriarentzat. Guk gure ahalegina egin dugu eta harrotasunez aldarrikatzen dugu ekarpena, gatazkaren gordintzean izan dugun ardura zatia onartzen dugun zintzotasun berarekin”.

“Alta, gogoan bost urte atzera egin eta orduan Euskal Herrian sortu zen itxaropen kolektiboari erreparatuz gero, ez gaude espero genuen tokian:

• Ez da bake edo konponbide prozesu elkarrizketaturik abiatu, ez estatuekin ezta Euskal Herriko indar politikoen artean ere, Ipar Euskal Herriko salbuespenarekin.

• Gatazkaren ondorioek konpondu gabe jarraitzen dute, eta gako nagusia den euskal preso politikoen egoera askatu gabe dago. Are gehiago, estatuen biolentziak bere horretan segitzen du, baita indar armatuen mehatxuak ere.

• Ez da gatazka politikoa behin betiko gaindituko lukeen eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen onarpenean oinarrituko litzatekeen akordio demokratikorik adostu”.

“Oinarri sendoak, bai horixe, baina garapen eta osagai berriak behar dituztenak. XXI. mendeko proiektu independentista taxutu beharra dago. Euskal nortasunak, kulturak eta hizkuntzak aurrera egiteko Euskal Estatua behar duten bezalaxe, jendarte justuago bat sortzeko erronkak ere, sozialismoa eskuratzeko bidean, Euskal Estatua behar du. Abertzaleek ez ezik, beste herritar askok ere iritsi behar dute ondorio horretara. Besteak beste, pertsona ororen gutxieneko beharrizanak asebetetzea, guztion eskubideak errespetaraztea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzea xede izango dituen proiektu independentista egituratu beharra dago, askoren artean, ezberdinen artean”.

“Formulazioa beste bat da: askatasuna behar dugu bakea izateko. Prozesu independentista, horrenbestez, demokratizazioaren aldeko prozesua izateaz gain, bake prozesua ere bada. Gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko prozesua ere izan behar du, zehazkiago esanda”.

 

Agiria osorik: Euskadi Ta Askatasunaren agiria Aberri Egunean

 

 

Igo