Aberri Eguna 2016 / Sortu: Independentzia, herritarren arazoei irtenbidea emateko tresna eraginkorrena

Sortuk independentziaren aldeko mezua zabaldu du 2016ko Aberri Egunaren harira. Independentzia herritarren arazoei irtenbidea emateko tresna eraginkorra dela aldarrikatu du Kontseilu Nazionalaren editorialean. Sorturen ustez, “Euskal estatu bat eratzeko masa kritikoa” badago, baina galdera da nola egin independentziarako bidea etorkizunean. Estrategia independentista berrituaren beharra azpimarratu du Sortuk: “Badira independentzia fasean sartzeko baldintza objektiboak, baina estrategia independentista berritua behar da, eta horixe azaleratu du ezker abertzalearen barruan egiten ari den Abian eztabaida prozesuak”.

Jarraian, Sortuko Kontseilu Nazionalaren editorialaren pasarte batzuk:

“Erronka nagusia, independentista eta, are, abertzale ez direnak erakartzeko moldeak asmatzean datza. Eta hori lortzeko, independentzia helburu gisa baino gehiago, bide gisa planteatu beharko litzateke: herritarren arazoei irtenbideak emateko tresna efikaz gisa irudikatzean datza aurrez aurre daukagun erronka hori”.

“Sortuk argi eta ozen esan nahi du, Aberri Eguna euskal herritar guztien eguna dela, Euskal Herria bizitzeko eta sentitzeko dauden forma guzti-guztien eguna, guztiek baitugu lekua ospakizun honetan”.

“Proiektu ezberdinak defenditzen ditugu batzuek eta besteek, gurea Estatu sozialista baten aldeko hautua da, beste batzuek ez dute halakorik nahi, baina guztientzat zoru komuna gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea izan behar du”.

Sortuk Iruñean ospatu du Aberri Eguna, EHBilduko gainerako alderdiek bezala, Independentistak Sareak antolatutako mobilizazioan.

 

 

 

Etiketak: ,

Igo