Norabideaz

Gure herriaren etorkizunari buruz gogoeta egitea ezinbestekoa da gure ametsak betetzeko bide egokia topatu nahi izanez gero. Hartara, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoeta bildu eta sustatzeko asmoz, espazio berri bat sortzear da, elkarlanaren bidetik.

Espazio hori blog  da: NORABIDEA. Gogoeta egiteko blog bat. Euskal Herriak dituen erronkei buruz, burujabetzaz, erabakitzeko eskubideaz, autodeterminazioaz, independentziaz, autogobernuaz, gure herriaren egituraketa, garapen edota nortasunaz… azken batean, gure herriaren norabideaz gogoeta egiteko gune bat.

Helburuak
Helburu nagusia Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoeta sustatzea da, gogoeta horri komunikazio tresna bat eskainiz. Halaber, etorkizun hori eraikitzeko oinarri, osagai, bide, ibilbide edota estrategiari buruzko gogoeta suspertzea eta aberastea.
Egun egiten ari den gogoeta bildu eta ikusgarriago bihurtu nahi da egitasmo honen bidez.
Gogoeta sustatzeko asmoz, erreferentziak eta inguruko edota antzeko esperientzien gakoak eskaini nahi dira (Katalunia, Eskozia, Flandria, Quebec… ).

Izaera
Ikuspegi aniztasuna, zintzotasuna, zorroztasuna eta elkarlana dira egitasmoaren ezinbesteko zutabeak.
Honenbestez, beharrezkotzat jotzen da:

- ikuspegi aniztasuna eta iritzi kontrastea landu.
- sakontasuna eta zorroztasuna zaindu, gogoetagile sendo eta ekarpen mamitsuen bidez.
- lurralde aniztasuna aintzat hartu.
- ika-mikak saihestu.

Sustatzaileak

Elkarlanean oinarritutako proiektua da, elkarren artean sustatukoa. Gardentasuna, elkarren arteko begirunea eta konfiantza oinarri izango dituena. Momentuz, proiektu hau zazpi eragile sustatzen ari dira: Berria, Hamaika Telebista, Udalbiltza, Gaindegia, Manu Robles Arangiz Fundazioa, Ipar Hegoa Fundazioa eta Euskal Nazionalismoa XXI Mendean Masterra. Proiektua irekita dago, hala nahi izanez gero, eragile gehiagok sustatu ahal dute egitasmoa.  

Bitartekoak

Komunikazio tresna nagusia blog bat da. Funtsean, hiru motatako edukiak eskainiko ditu.

- gogoetak (ekarpenak, analisiak, ikerketen laburpenak…), eremu, arlo eta disziplina ezberdinak uztartuz.
- erreferentziak: agiriak, argitalpenak, hemeroteka (era osagarrian).
- gertaera edo albiste esanguratsuen aipamenak edo erreferentziak (prozesu independentistak ikusmiran).

Egitasmoa aurrera eramateko bestelako gogoeta ekitaldiak antola daitezke: mahai-inguruak, mintegiak, hitzaldiak, aurkezpenak…

Kudeaketa eta ardura
Proiektuaren emaitza sustatzaile edota gogoetakide bakoitzaren ekarpenei esker osatuko da. Bakoitza ahal duen neurrian. Guztiena da meritua. Ardura ere partekatua izango da. Dena den, beharrezko gutxieneko koordinazioa, blogaren kudeaketa teknikoa eta argitalpenaren ardura legala Berriak hartu ditu bere gain. Berriako Pello Urzelai kazetaria arituko da blogaren koordinatzaile.

Lizentzia
Blogaren edukiek Creative Commons lizentzia dute. Zehazki, Kultura Libreko lizentzia bat. Salbuetsita daude Argazki Press agentziaren argakiak.

 

Harremanetarako:

Pello Urzelai (koordinatzailea)

norabidea@norabidea.eus

687489778 

 

Igo