Euskal Estatuari bidea zabaltzen. Herritartasuna eta kultura

herritartasuna eta kultura

Egileak: Josu Amezaga, Mila Amurrio, Iker Iraola, Patxi Juaristi, Ane Larrinaga, iñaki Martinez de Luna, Txoli Mateos, Fito Rodriguez Bornaetxea, Julen Zabalo
Argitaletxea: Ipar Hegoa Fundazioa
Hizkuntza: Euskara
Argitaratze data: 2012

Azterlan honetan jasotako ekarpen teorikoak, interesgarri bezain baliagarriak izango dira Euskal Estatuaren aldarrikapena edukiz hornitzeko, eta lagungarriak, halaber, horrelako apustu bat bideratzeko beharrezkoa den oinarri material eta ideologikoa lantzeko. Liburu-bilduma honetan agerian geratzen da Estatua dela alternatibarik onena Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiontzat, eta Euskal Herriak badituela oinarrizko potentzialtasunak, gaur eta orain, europar Estatuen multzoan Estatu berri bat eraikitzeko.

Kulturaren auzia garrantzitsua da estatu-eraikuntzan, nazio-eraikuntzan den bezalaxe. Oro har, kulturak gizarte-kohesioa lortzeko eta, horrenbestez, identitate kolektibo partekatua osatzeko baliabideak eskaintzen dituela esan daiteke. Azken finean, kulturak birsortzeko eta bizirauteko bideak ematen dizkio bere burua halakotzat duen edozein gizarte-talderi. Ideia horretatik abiatuz gero, kulturari buruzko azterketa orok uzten dizkigu agerian kulturak boterearekin dituen loturak. Izan ere, kulturalki nahiz sozialki modu egokian birsortu nahi badu gizarte-talde batek, kultura-subiranotasun maila jakin baten jabe izan behar du gure aroan, alegia, baliabide sinboliko batzuk kudeatzeko, arautzeko, sortzeko eta babesteko ahalmena —boterea— izan behar du. Azken aldi honetan haren rola zalantzan dagoen arren, estatua dugu burujabetasun hori politikoki ahalbidetzen duen instituzioa. Eta, hain zuzen ere, birsortze sozialerako nahiz kulturalerako ezinbesteko erremintatzat jota, beretzat aldarrikatzen dute instituzio hori estaturik gabeko hainbat nazio-taldek.

Liburukia deskargatu: Euskal Estatuari bidea zabaltzen. Herritartasuna eta kultura (pdf)


Gaia: Euskal estatua
Igo