Ibarretxe: “Menpekotasun eredua txarra iruditzen bazaigu, beste eredu batera joan beharko dugu”

“Menpekotasun eredua txarra iruditzen bazaigu, beste eredu batera joan beharko dugu. Ez dakit zein izango den. Demokratikoki erabaki beharko da, hemen. Baina aldatu beharko dugu, eta aurrera egin”.  Honela mintzatu zen  Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Eusko Legebiltzarrak joan den urtarrilean Kontzertu Ekonomikoari buruz antolatu zuen mintegian. Kontzertu Ekonomikoaren gaiari ikuspegi bikoitzetik heldu zion Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Batetik, atzera begira, irakurketa kritikoa eginez. Bestetik, aurrera begira, menpekotasunaren eztabaida erdi-erdian jarriz.

Izan ere, Ibarretxeren ustez, “gizarte gisa egin behar dugun eztabaida menpekotasun ereduari buruzkoa da. Hau da, Espainiako Kongresuarekiko menpekotasuna izateaz hezkuntza ereduaren ikuspuntutik, legeen ikuspuntutik, ona edo txarra da?”. Eztabaidatu eta ondoren erabaki zein motatako eredua nahi duten euskal herritarrek, horixe proposatu zuen Ibarretxek.

Aurten, lehen Kontzertu Ekonomikoaren, 1878an onetsitakoaren Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrena bete da. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak mintegi bat antolatu zuen joan den urtarrilean. Mintegiaren helburua Kontzertu Ekonomikoaren oinarriak ezagutaraztea eta “Kontzertuaren egiturako, oraineko eta etorkizuneko hainbat alderditan sakontzea” izan zen. Bertan, besteak beste, Eduardo Alonso Olea, Santiago Larrazabal, Pedro Luis Uriarte, José Luis Larrea, Juan José Ibarretxe, Blas Los Arcos León eta Susana Serranok parte hartu zuten.

Informazio gehiago: Kontzertu Ekonomikoa: iragana, orainaldia eta geroa
(Hitzaldi eta eztabaida guztien bideoak ikus daitezke)

Etiketak: , , , ,

Igo