Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionala, arlo sozio-ekonomikotik begiratuta

Lau orduko solasaldia izan da Uztaritzen Ipar Hegoa Fundazioa Fundazioaren eskutik, “Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionala, eskumen ekonomikoak eta lan harremanak antolatzeko eremua: aukera eta beharra” goiburu harturik.

Lehen atalean, arlo sozio-ekonomikoan diharduten lau erakunde ezberdinek euren ikuspegia plazaratu dute. Zailtasunen tamainaz jabeturik, aurrera egiteko aukerak nabarmendu dituzte. Hemen-Herrikoa erakunde arduradun Jean-Louis Harignordoki, Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariorde Pantxoa Binboire, LAB sindikatuko kide Eñaut Aramendi eta Laborantza Ganberako Mixel Berhokoirigoin, bakoitza bere arloan, baikortasun neurtuaz mintzo dira. Ipar Euskal Herria lan eremu gisa hartzeak gertutasunetik lan egitearen abantailak eta aukerak nabarmendu dituzte.

Jean Pierre Massias Paueko Unibertsitateko Zuzenbide konstituzionaleko irakasleak Ipar Euskal Herrirako proposatu diren egitura instituzionalei buruzko gogoeta labur bat igorri du (bera bertaratu ezin baita). Frantziako lehen ministro kargua hartu ondoren, Manuel Vallsek lurralde egiturak erreformarako agertu berri duen asmoa ere aipatu du Massiasek gogoetan. Horren harira, Jakes Bortairu Batera plataformako kideak egitura instituzionalari buruzko unearen erradiografia egin du hitz-hartze labur baten bidez. Ondoko bideoan entzun daiteke Jakes Bortairuren iritzia.

 

Iñaki Irazabalbeitia, Nikolas Blain eta Maite Iturre Udalbiltzako hautetsiek parte hartu dute solasaldiaren bigarren atalean. Argitxu Etxandi ikerlariak Udalbiltzak eskatuta egin duen ‘Muga gaindi Europatik Euskal Herrira’ izeneko azterlana aurkeztu du bertan; mugaz gaindiko lankidetzarako Europan dauden aukerak aztertu ditu Izpurako ikerlariak.

Nikolas Blain Makeako hautetsiaren ustez, “ez dugu Independentzia Egunaren zain geldirik egon behar herrialdea antolatzen hasteko; oraingo fase hau trantsizio politiko batena da, dudarik ez, baina urratsak egin ditzakegu Euskal Herriko lurralde guztien egituratze instituzional eta administratiboaren bidean, eta, halaber, Pirinioen bi aldeetan lan egiten duten entitate guztiei egitura nazionala emateko aukerak lortzeko”.

Gaur egun, gure udalerriak bi estatutan eta hiru errealitate administratibo desberdinetan banaturik daudenez, nazio ikuspegia aintzat hartuz jarduten duten entitateek era guztietako formulak baliatzen dituzte lurralde osoan egituratzeko. Hori dela eta, Udalbiltzak Europar Batasunaren barrenean mugaz gaindiko lankidetzarako dauden lanabesei buruzko azterlan bat egin dezan eskatu dio Argitxu Etxandi ikerlariari, informazio hori nazio osoan egitura izan nahi duten Euskal Herriko entitate publiko eta pribatu guztientzat erabilgarria izan dadin.

Argitxu Etxandi ikerlaria, Uztaritzeko solasaldian.

Argitxu Etxandi ikerlaria, Uztaritzeko solasaldian.

Argitxu Etxandik Europaren barnean diren mugaz gaindiko lankidetzarako tresnak aipatu zituen, “gaurtik bertatik baliatu ditzakegunak herria egituratzen hasteko, Euskal Herria Europako maparen barnean marrazten hasteko”. Udalbiltzak espero du lan hau baliagarria izatea beren jardunean nazio ikuspegia aintzat hartzen duten entitate guztientzat.

Azkenik, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak estrategia ekonomiko propioa abiarazteko eskumen eta baliabideen beharra aipatu du. Eta Aitor Bengoetxea EHUko irakasleak lan harremanen esparruan dauden Europa mailako lege erreferentziak eta tokiko estrategiak garatzeko aukerak aztertu ditu.

Etiketak: , , , , ,

Igo