Non gaude eta nora joan nahi dugu?

Gure herriaren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko parada
suertatu zaigu blog honetan. Zorionak eman, zorte ona opa eta eskerrak
ematea dagokit neri. Ametsetaz eta proiektuetaz mintzo gara. Ametsak
amets, amesgarria dena gure ezagutzarekin lotzen dugu ezinbestean. Izan
ere, guztiz ezagutzen ez duguna irudikatu ahal izateko amestea egoki
litzateke. Baina ezin dugu amestu inolaz ere ezagutzen ez duguna. Saia
gaitezen denon artean gauden egoera berezitik abiatuz geroa nolazbait
irudikatzen, denon artean dakiguna, nahi duguna, eta ez dakigunaren arteko
muga konplikatua izanda ere. Horregatik, ametsak baztertu gabe, gauden
egoera edo ataka ondo ulertu beharra daukagu eta gure aurrean ditugun
aukerak ondo aztertu beharra dago. Hori proposatzen dut lerro hauetan, era
trinkoan, hausnarketa eta eztabaida piztu nahian.

Non gaude eta nora joan nahi dugu?

Funtsean hiru jomuga nagusi ditugu:

1. Bakea-bizikidetza, bidezko
soluzioak 

2. Gizarte kohesionatua eta solidarioa, ekonomia lehiakorra eta
emankorra, politika partehartzailea eta deliberatzailea, kultura
partehartua euskalduna eta modernoa 

3. Burujabetza konpartitua, demos
anitzaren artean. Nola iritsi? Ez dezagun inor baztertu, inork baztertu ez
gaitzan

Une honetan nahiko informazioa badaukagu gure egoeraren diagnostikoa
egiteko. Hiru gako nagusi ikusten ditut:

1. Politikarekin lotutako indarkeriaren amaiera, batez ere ETArena.
Gatazkaren ondorioak eta ondorioen ondorioak argitzen eta desagertzen
doazen neurrian, Justizia zabala eta eskuzabala beharko dugu. Iraganeko
astakerien aitortza ez letorke gaizki. Ikusi dugu nola frankismo-osteko
trantsizioa iraganari begiratu gabe egin zen, eta handik urte batzuetara,
mamuak berriz bueltaka memoriaren mapan. Berreskuratu dezagun historiaren
ezagutza eta erabili dezagun historia memoria orekatzeko. Gure esku dago
neurri handi batean ondorioak samurtzea.

2. Krisi sistemiko batean sartuta gaude bai Euskadin, bai Espainian, bai
Europako Batasunean, bai orokorrean Europan. Hasiera finantza sistemarena
izan da, baina krisia finantzari-ekonomiko-soziala-politikoa-kulturala da.
Krisitik ateratzeko formulak eta ekonomia zein gizarte ereduak
berraztertzea batera doazen ariketak dira, ez da azterketa soila, ekintzak
ere dira, denon artean, gutako bakoitzak zer jarriko dugu enpeinu
horretan? Gure esku dago gutxienez saioak egitea.

3. Euskal status politikoa: zazpi, lau, hiru? Oraindik ez dakigu. Eskozia,
Katalunia, Flandria, Quebec, zeintzuk ditugu ispilu eta jomuga? Badakigu
aurreko saiakeran Konstituzio Auzitegiak zer esan zigun eta oraingoak
Parlament-i zer esan dion. Badakigu orduan nola erantzun genuen…
Hurrengoan nola erantzun beharko genuke? Eta nortzuek EAEk? Hego Euskal
Herriak? Euskal Herri osoak? Gure esku dago gutxienez erantzuna
erabakitzea.

Hiru arlo nagusi hauetan azter genezake nora eta nola joan, jomugak eta
bideak zehazkiago definituz, ditugun tresnak eta baliabideak definituz.
Gauza asko ez dakigu, eta gauza asko ez dago gure esku, baina gure esku
dagoena zer den ere ez dugu oso ondo zehaztu. Katalan bidea hortxe dago,
eskoziarra ere bai, eta burujabetza era askotan deklinatzen da. Herri
bakoitzak bere hizkuntzaz deklinatzen du. Eusko Legebiltzarrak ere pista
batzuk eman beharko dizkigu bere status politikoari buruzko ponentzian.
Bertan ordezkatuta dauden indar politikoen arteko kontrasterik eta
benetako elkarrizketarik sortuko al da? Nire ustez ezin gara esperantza
horrekin bakarrik gelditu: abiapuntuak eta jomugak berdintsuak dituzte
alderdi gehienek. Erakundeetatik kanpo, Katalunian bezalako mugimendu
soziala sortzeko aukera ote dagoen laster ikusiko dugu, ekainaren 8an
Durango-Iruñea. Hori baino lehen hauteskunde europarrak ospatuko dira eta
horiek ere barometro egokia izan daitezke ipar eta hego euskal herritarren
gogoa ezagutzeko. Hauteskunde hauek ez dira “plebiszitarioak” izango,
baina akaso Katalunian bai eta agian horretaz ere pentsatu beharko genuke.
Eskoziatik berri handiena erreferenduma ospatzea bera da, emaitza baino
mila aldiz garrantzitsuagoa galdetu ahal izatea.  Gai eta gako hauek
guztietaz aritzeko, sakontzeko nahian, UPV/EHU, Eusko Ikaskuntza eta
ehuGuneren artean nazioarteko jardunaldiak antolatzen ari gara. Hona
hitzordua: 2014ko Abenduaren 10-11-12 Donostian, Carlos Santamaria
liburutegian. Zatozte eta parte hartu.

Rajoy mehatxuka: Robinson Crusoe-ren patua dugula espainiatik at. Apika!
Baina gauza bat garbi dago badakigu zer daukagun bere PP ereduko espainia
barruan goiko hiru gakoen inguruan: 1. ETAren Memoria eta mendekuneurriak,
2. Krisiak eta korrupzioa 3. Nazio bakarra zatiezina eta ukatzailea.
Abiapuntuan edo Jomugan gelditu baino, bidaia bera nahiago, huraxe baita
benetako abentura. Ekin diezaiogun.

Etiketak: , , ,

Igo