Oraindik ez gaude plaza honetan kantatzeko

Non jartzen dugun arreta. Hor dago “Norabideaz” jardutean aintzat hartu beharreko gakoetako bat, hau idazten duenaren ustez.

Artikulu honen izenburuak irakurlea zirikatzea du helburu, besteak beste, auzitan jarri nahian norabidearen gaineko eztabaidari eman ohi zaion joera.

Gurean (eta edonon) norabidearen gaineko eztabaidak asko izan ohi du norberaren egoera edo asmoetatik. Norbera izan daiteke pertsona bakar, organizazio sozial, alderdi politiko edo instituzio. Norabidearen gaineko gogoeta egiten duenak, ordea, gehienetan, ez ohi du bere uneko xedea auzitan jartzen eta bai, ordea, denoi zer komeni zaigun esaten.

Ez da hau idazten duenaren helburua inoren asmo eta xedeak auzitan jartzea, are gutxiago proposatzen denaren borondate onbera. Eta esan beharrik ez bada ere, ez du auzitan jarri nahi horretarako eskubidea. Bai, ordea, pentsamendu egozentrikoaren eraginkortasuna herri (nazio?) prozesuari norabide arrakastatsu bat ematerakoan.

Baina onar dezagun mendetako jazarpen kultural-instituzionalak, lurralde zatiketak, atzerriko estatuen programazioak… gure errealitateaz dugun ikuspegia zeharo nahasi digutela. Eta hainbeste nahasi gaituztela non gai garen, arestian esan dugun bezala, gure zatitxoa denon jabego gisa ikusteko ere, sinekdoke paregabea eginez (“gu gara denok”).

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako eredu fiskalen eztabaidan, zer den “justuago” zer behar den enpresen jarduera “animatzeko” aipatzen dira, baina inor gutxik aipatzen du eztabaida horretan, Hegoalde eta Iparralderen arteko etorkizuneko uztardura nola erraztu aztertu behar genukeenik, esaterako nola erraztu, mugaren alde batean lan egin eta bestean bizitzeak egun dakartzan kalteak desagerrarazteko, Europako beste zenbait zonaldetan egin ohi den moduan.

Honekin ez dugu esan nahi Hegoaldeko Fiskalitateak Iparraldekoari jarraitu behar dionik, bi lurraldeon arteko uztarketa eremu fiskalean nola lor dezakegun aipatzen ez dugula baizik. Klase interesak dira, nonbait aintzat hartzeko bakarrak, nahiz eta ondorioz “euskal gizarte” baten garapena biharko utzi. Ikuspegi horretatik, beraz, justizia soziala edo lehiakortasun enpresarialaren gaineko ikuspegi “bikainak”eraikiko ditugu, baina aldi berean euskal eremu sozio-ekonomikoa gorpuztea aitzinatu gabe. Eta lurraldeen arteko uztarketa orain dugun edozer baino hobea balitz? Batzuk uste horretan gaude.

Fiskalitatearen adibidea eta Hego-Ipar harremanak adibidetzat hartu baditugu Hegoalden gai “klasikoa” delako da. Baina burujabetasunaren aldeko eragileak bere proposamenak aberri mailako (nazio?) proposamenak herri ikuspegi egituratzaileak eta bateratzaileak txertatu gabe ari direla erakusteko adibide ugari eman daiteke. Noizko enpresa clusterrak lurralde guztietako enpresei irekiak? Noizko ikerketa talde akademikoak lurralde guztietako adituekin eraikitzeko erraztasun materialak? Noizko…

Gabeziak ez dira nolanahikoak. Eman dezagun, zer egin dezake gutariko bakoitzak (norbanako, organizazio edo instituzio) euskal esparru ekonomiko eta soziala gorpuzten laguntzeko? Zer egin dezakegu euskal Herriarentzat egituratzailea eta bateratzailea izan daitekeen norabidea nazio sentimenduetatik urrun dauden sektoreentzat estimulagarri gertatzeko? Galdera hauek zeharlerro moduan iltzatuta behar genituzke erabakiak hartzerakoan.

Bertako arazoei bertako erantzunak, lokalak izan arren, ematen ahalegintzearen onura ez dut auzitan jarriko, baina azpimarratu nahi nuke, ikuspegi horien izaera “motza”. Eta guztietan lehena gutariko bakoitzaren formakuntza eta ezagumendua gure nazio errealitateari buruz. Ezjakintasunaren gainean ez dago nazio prozesu bat bideratzerik. Norabidea bai erabaki daiteke, baina zein oinarrirekin? Ez da sentimenduaren ordua, borondatea sendo oinarritu behar da, eta horrekin sentimendua eragin.

Esandakoak esanda, beraz, gatozen harira, Katalunia eta Eskoziak, besteak beste, baina Flandriak eta Quebec-ek ere bai, Norabidearen gaineko auzia egiturako osagaietan oinarritzeko ahalegin handia egin dute. Ongi aztertu eta ongi eraiki dituzte herri bat osatzeko beharrezkoak diren zutabeen egoera zein den, bai eta arloz arlo hartu beharreko bidea ere. Ez dira perfektuak izango, baina oinarri egituratzaileak eman dizkiote, hala nola, estrategia ekonomikoan, gizarte babesean, formakuntzan… Eta ez atzo goizean, aspaldian hasita baizik. Nazio prozesuaren gaineko oinarri intelektuala deskolonizatu dute lehenik.

Gu oraindik hasi gabe gaude. Hortik begiratuta diogu Euskal Herrian ez gaudela hitzordu honetarako, Kataluniar eta Eskoziarrek plaza zabalean botako dute bertsoa gu bertso eskolan lehen oinak doinuari lotzen ikasten ari garen bitartean. Prestaketa luzea falta dugu norabidearen gaineko ikuspegiak eta borondateak hegemonikoak eta gehiengoarentzat bateratzaileak izatera iristeko. Nazio mailan integratzaile eta bateratzaile izango diren pentsamendua zein planteamendua eraikitzea gure esku dago. Bide horretatik geuk ere izango dugu gure hitzordua herrien plazan kantatzeko. Orain entzun ditzagun Eskoziako eta Kataluniako zortziko nagusiak.

Etiketak: , , , ,

Igo