Euskalgintzak zein leku du sezesio-prozesuan, euskaldun gehienak independentista badira?

Geroz eta gehiago darabildan auzia da. Foro hau berau, azken hilotako eztabaidetako asko, dozenaka artikulu – politikagintzan ohi direnak baino gehiago, esango nuke – euskaraz argitaratu dira. Eremu akademikoan ere, sezesioaren gaiak, Eskozia eta Kataluniako analisiak, printzipio demokratikoa eta erabakitzeko eskubidearen auziak, izan du oihartzunik euskaraz. Areago, euskaraz asko egin delakoan nago, eta horrekin batera, Katalunian egin ohi den antzera, egin direla halaber zenbait eztabaida eta aurkezpen espainolez edo ingelesez. Baina ez elebitasun sisteman, unean unekoan baizik, horrelakoetan gutxitan gertatzen den legez: euskaraz zirela horietako asko. Hitzaren arriskutsuaz jakitun ere, naturaltasunetik hurbil dagoen jarreran.

Uste dut gaiaren nazioartekotasunak indartzen duela etxekoa euskaraz egitea neurri handi batean. Elebakarrak zail du gure inguruko herrialdeetan gertatzen ari den prozesuari jarraitzea. Horretarako garrantzitsua da ingelesa, gutxienez, ulertzea, eta katalanez inoiz berba egin ez dugunok ere egunero-egunero irakurtzen hasi gara. Hemen, elebakarra ez dena, gehienetan zorionez, euskalduna ere bada. Horregatik, zenbait ikerleren hizkuntza garrantzitsuena espainola izanda ere -kontzeptuok azaltzeko besteko euskara mailarik ez dutelako, esaterako- gutxitan dago oztoporik bakoitzak beretik ekiteko.

Gertatzen da, baina, errealitate sozialarekin topo egiten duela horrek. Lurraldetasunaz harago, Katalunia eta Eskoziaren aldean badago adskripzio nazionalaren zatiketa bat gurean. Euskal nazioak ez dauka Katalunian izan dezakeen onarpen ia unibertsala, zer esanik ez Eskoziaz badihardugu. Lehenean hizkuntzak erraztu du hori, baita bigarrenean ere, aurkako motiboengatik izan arren. Gaelikoak badauka rol bat -sarritan ikusi gura dena baino handiagoa- baina plano sinbolikora mugatuta, nortasuna indartzeko elementu gisa. Eta Eskoziako eztabaida ez dago nortasunean, independentziaren alde zein aurkakoek bat egiten dute horretan. Gurean azken aldian garatzen ari den diskurtso independentista ere bide hori urratzen du, abertzaletasuna transzenditzen duen independentismoa.

Gure Esku Dago dinamikarekin egindako aurkezpenetako asko ia espainol hutsez egin ditut. Bakarren bat euskara hutsez, eta bietara beste batzuk. Bilboko auzune batzuetan, eta hortik mendebaldera dauden herrietan, hasieratik esan didate erdaraz egiteko aurkezpena. Nik, burugogor-edo, leku sinbolikoren bat eman diot euskarari, baina espainolez izan da solasaldi osoa.

 Badirudi ia barkamen eske esaten ari naizela hori. 2012ko Diadako jendetzaren artean nabarmendu zen elementu positiboetako bat izan zen, berriz, zenbat espainol entzun zen manifestazioan. Bide horrek ekarri du 2013ko udazkenean Súmate taldea aurkeztea eta berehala izandako arrakasta, independentismoaren izaera transbertsala eta balore zibiko eta demokratikoak nabarmentzeko.

SEZESIOAK ERDALDUNAK BEHAR DITU

Betiko auzia da: euskaldunek soilik balute erabakitzeko eskubidea, sezesioaren aldeko jarrera ia erabatekoa litzateke. Eta hor dago, inoiz ikertu den legez, katalan nortasun zibikoaren aldean euskal nazionalismoaren nortasun ustez etniko hori zalantzan jartzeko, gakoetako bat: Euskal Herria euskararekin lotuta dago, baina lurralde-egitura batek osatzen du, euskaraz hitz egiten duen lurralde batekin, eta berriki arte galduta zeukan beste lurralde sarritan handiago batekin. Paisos Catalans kontzeptua ez bezala, Euskal Herriaren lurraldea ez du hizkuntzak eraikitzen. Parentesi hori itxita baina, euskara berreskuratzeko eta Euskal Herria euskalduntzeko egitasmoa sustraituta dago gaur egun, baita abertzale -eta zer esanik ez, euskaldun– ez diren askorengan ere.

 Laburbiltzen, euskarak sezesioa eta estatua behar ditu, baina sezesioak erdaldunen babesa behar du. Sezesio-prozesua demokratikoak printzipio demokratikotik abiatzen dira, lurralde bateko herritar guztiak aintzat hartuta. Eta Katalunian ondo ulertu duten legez, errezelo handiena izan dezaketenekiko zubiak eraiki eta bideak erraztea da gakoetako bat. Katalunian ez dago hizkuntza-gatazkarik, baina garrantzitsua da espainiera-hiztunek ere bere egitea independentismoa eta estatuaren beharra; estatu berri horretako partaide direla eta hura eraikitzeko ilusioa sentitzea. Katalanez badakiten espainiera-hiztunekin jarrera inteligente hori baldin badago, zer ez litzateke beharko euskaraz hitz erdirik ulertzen ez duen biztanleen zati handi horrekin?

 Euskararen berreskurapen prozesuak ez du, oraingoz, Kataluniako emaitza itzelik eman, baina han bezala, lortu du gatazka sozial handirik ez egotea. Nafarroan ere, argudio abertzaleen aurretik eta errazago ulertzen da euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko dinamika. Baina teoriak argi dio: herritar gehienak ideia batera bildu nahi badituzu – estatu berri baten beharra, kasu honetan – , ez jarri bestelako baldintza erantsirik. Independentistak batzeko, berdin balio dute eskuindar zein ezkertiar izatea, sozialista, liberal edo kontserbadore eta, noski, euskaldun, euskaltzale zein erdaldun. Oriol Jonqueras ERCko buruak Espainiako selekzioa ikusteko pantaila erraldoia jarri zuen bere herriko kaleetan, eta argi bota zuen: “zelan ez da posible izango espainiarra edo Espainiako selekzioaren zalea izatea, eta independentista izatea?”

Horren atzeko mezuak, baina, errezeloak sortzen ditu euskalgintzan: sarriegitan iradoki zaigu euskararen auzia “geroko” uztea, “garaipenaren” egunean helduko zaiola horri. Funtsean, abertzaletasunak, modu batera edo bestera beti dihardu kontraesan horretan, teoria euskaltzalea eta euskararen errealitate sozialarekin.

Eztabaida independentistan espainierak indar handiagoa hartuko balu ere -euskararen kaltetan-, euskaltzale gehienek independentziaren alde jarraituko lukete, kritikak kritika. Hori du, gutxienez, aurreikuspena independentismoak. Gaur gaurkoz, plano teorikoan nabil, esan bezala, orain artean euskarak leku aski duina izan duelakoan, salbuespenak salbuespen. Euskaldunen % 90 independentista dira gutxi gora behera, baina euskaldunak biztanleen % 25-35 gara, subjektua non jartzen dugun. Beraz, erdaldunen babesa ezinbestekoa da.

EUSKAL ESTATUAN ERDAR(AR)EN LEKUA

Ez nau hainbeste arduratzen sezesiorako espainola erabiltzeak edo erdaldunak, ez abertzaleak batez ere, hurbilarazteko estrategian euskarak daukan lekua. Onartzen badugu izan daitekeela independentista eta ez-abertzalea, are espainol sentitzen direnak ere behar ditugula independentista, onartuko dugu ez duela zertan euskaltzalea izan independentistak.

Euskalgintzak bazterrean gelditu behar duela planteatzen ari ote naiz? Tira, orain arteko esperientziak diosku, lehen ere ez dela geldirik egun, euskaltzaleak lanari heldu diola hedabideetatik irakaskuntzara eta beste hainbat esparrutara. Ez luke zentzurik orain bide hori uzteak.

Baina sezesio-prozesuan euskarak behar duen lekuaz baino, haren helburu den euskal estatuak euskalduntzean zein rol izango duen planteatzen ere hasi beharko luke. Idatzi nuen horri buruzko zeozer duela ez asko, “Euskal estatuko hizkuntza“. Katalunian ere badago eztabaida hori: Oriol Jonquerasek behin eta berriz esan du espainola ere ofiziala izango dela Kataluniako errepublikan, baina asko dira horren aurka mintzatu direnak eta bestelako proposamenak egin dituztenak (Gabriel Bibilonik eta Vicent Partalek, esaterako. Albert Pla i Nualarten argitasuna ere biziki estimatzen da). Besteak beste, espainiar ereduetatik urruntzea eta hizkuntza ofizialik gabeko errepublika izan dadila, leku bakoitzean bertako errealitatearen arabera lantzen herritarren hizkuntza-eskubideak, izan espainol-hiztunak herritarrok zein, esaterako, amazig edo errumaniera hiztunak. Baina estatu-hizkuntza katalana izanda, hori bai. Eta hura izatea estatuaren hizkuntza, administraziotik epaile zein poliziarengana. Berriki, Juan Carlos Moreno Cabrera espainiar hizkuntzalariak esan du espainierak ez duela ofizialtasunik behar, besteak beste ez daukalako inolako arriskurik. Aldiz, espainiera ofizialtzeak ondorio larriak izan litzake: besteak beste, nazioarteko auzitegietara jotzeko bidea ireki lezake katalanaren edo euskararen normalizazioaren aurkakoentzat.

Egia da, utopiko samarra dirudi euskal estatuaz hitz egitea, itxuraz sezesionismoa horren egituratu gabe egonik, alderdi politiko bakar batek ere ez daukala sezesiorako proposamen argirik. Baina Kataluniakoak ekar dezake Espainia desegonkortzea, eta horretarako prest egon behar da. Euskal estatua sortzean, zer nolako konstituzioa osatuko dugun, euskarak zein leku izango duen testu horretan, erdara/ek zein leku izango duen (edo izango ote duen), zelan garatuko duen euskalduntze prozesua estatu horrek. Laburbiltzen, zelan islatuko dituen konstituzioak Euskal Herria euskalduntzeko egitasmoa, eta herritar guztien oinarrizko eskubideen babesa. Euskaraz ez dakitenek badituzte hizkuntza-eskubideak, besteak beste, euskaraz ikasteko eta euskalduntzeko (elebakartasuna ez da eskubide bat, analfabetismoa legez desagertu beharreko zerbait baino), baina ordura arte ere administrazioak asmatu beharko du zelan izan harremanak herritar ez-euskaldunekin. Kataluniak bidea markatzen du hemen ere: pertsona erdaldunek badituzte hizkuntza-eskubideak – pertsonek -, baina horretarako espainolak – hizkuntzak – ez du zertan ofiziala izan. Euskal estatuak euskaraz egingo du bere lana -ez da gutxi hori, gaurkoaren aldean-, baina herritarrek bere sentitu behar dute estatu hori, halaber. Ez zait konplikatuegia iruditzen, baina oso fin landu beharreko diskurtsoa da, oraindik ia eztabaidatu ere egin ez dena, inoren errezelorik ez pizteko. Baina prest egon beharko da ondo lantzeko prozesuak erritmoa hartuz gero. Antisezesionismoak haizatuko dituen mamuak ahalik bizkorren isilarazteko eta, diskurtso horiek ez direnez euskaltzaleengan pentsatuta eraikitzen, haiek jasotzen dituztenak lasaitu eta balizko mamuak uxatzeko. Besteak beste, argi utzita mundua guztiak lekua izango duen estatua eraikiko dela denon artean.

Etiketak: , , , ,

7 erantzun nabarmendu

Trackback  •  Comments RSS

  1. Iñigo(e)k dio:

    Hausnarketa bikaina bezain beharrezkoa. Eskerrik asko Urtzi!
    Artikuluaren amaieran eginten duzun mamuen aipamena irakurtzean, azken hauteskunde autonomikoen harian Deia egunkariak argitaraturiko notizia batekin akordatu naiz eta, google-eri esker aurkitu eta ekartzen dizuet, lehia abertzalearen baitan erdaldunen botua bideratu gurean:

    http://www.deia.com/2012/09/02/politica/euskadi/eh-bildu-propone-el-conocimiento-obligatorio-del-euskera-y-el-cierre-de-etb-2-y-radio-euskadi

  2. Iker(e)k dio:

    Ekarpen interesgarria, hainbat eztabaidatarako aukera ematen duena. “Euskaldunen % 90 independentista dira gutxi gora behera” esaldiak harritu nau. Datu hori ikerketaren batetik ateratakoa da?

    • Ez, ez da inolako datu zientifikoa, askorik nekatu gabe bota dut. Nik dakidala, datua ez dago ikertuta. Baina argi dago alderdi independentistek babes handiena herririk euskaldunenetan dutela; alde horretatik, euskararen mapa eta independentismoarena nahiko antzekoak dira. Eta hori, arazo bat da.

  3. Idurre(e)k dio:

    Gomendatuko nizueke beste artikulu hau irakurtzeko: Alvarez Enparantza, J.L., 1997, “Hizkuntza normalizazioko prozesuetan neurri juridiko hutsek dituzten mugak”, Bat soziolinguistika aldizkaria 24.

  4. Gillen(e)k dio:

    Egungo egoera horrelakoa da, ados Urtzi. Baina egoera euskaldunen konformismoaren ondorio da, Euskal Herriak ez du euskaraz bizi nahi, planta besterik ez da. Telebista piztu bezain azkar konturatuko zara horretaz.
    Erdaldunak aipatzen dituzunean komikoa egin zait, erdaldunak euskaldun guztiak baikara. Erdaldunen beharra badugu, euskara Euskal Herrian gutxi batzuen hizkuntza delako da, ez da Euskal Herriko hizkuntza zoritxarrez. Ofiziala bada bai, baino umeek ez dute zertan ikasi, hori zinez kezkagarria da. Horrek, gainera, etorkizun euskaldun baten nahi eza erakusten du. Ni, gaztea izaki, nire adinekoekin euskaraz egin ez badezaket, zer zentzu dauka normalizazio desiraz edota berdintasunaz hitz egiteak? ez dira posible bizi dugun egoeran. Horregatik arrazoi duzu, noizbait Euskal Herria independiente bada Pais Vasco izango da bere funtsean, baina zer da Euskal Herria euskararik gabe? ezer ez. Euskal Herri independientea, hortaz, ez da ezer izango, pantomima hutsa besterik ez.

  5. Araotz(e)k dio:

    “Independentistak batzeko, berdin balio dute eskuindar zein ezkertiar izatea, sozialista, liberal edo kontserbadore eta, noski, euskaldun, euskaltzale zein erdaldun.”
    Esaldiarekin erabat ados. Hortik hasi beharko genukeela iruditzen zait.
    Azken aldian ordea, garrantzia gehiago hartzen ari dena beste hau da:
    “Onartzen badugu izan daitekeela independentista eta ez-abertzalea, are espainol sentitzen direnak ere behar ditugula independentista”
    Nik ez dut espainol independentistarik ezagutzen. Lehen esaldiko batasuna egin aurretik, ez nuke honetan batere indarrik xahutuko.
    Zuetakoren batek uste al du norbaitek konbentzitu dezakeela independentista izan ez dadin? Orduan, zergatik pentsatu behar dugu guk espainolak independentista bihur ditzakegula?

Igo