Nazioa husteko garaia?

[BERRIAn argitaratua / 2014-08-14]

NAZIOGINTZA ETA ESTATUGINTZA (II). DISKURTSOA
Independentziaren eta demokraziaren arteko lotura egitea. Hori da urte hauetan izaten ari den eztabaidetako bat. Eta gehiengoak lortzeari begira, diskurtsoa ere bide horretan jorratzea proposatzen da.

Euskal Herria desberdina dela aldarrikatu izan du euskal nazionalismoak. Espainiako eta Frantziako estatuen nazionalismoei eusteko eta euskal nazioari iraunarazteko, horiek izan ditu oinarrian: diferentziak. Hizkuntza, kultura, historia eta ohiturak, adibidez. Berezitasun propioak ditu euskal nazioak, partikularrak deitu izan direnak. Eta independentzia horiei bizirik iraunarazteko aldarrikatu du nazionalismoak. Diskurtso horrek mugak dituela azpimarratu dute urte hauetan hainbat adituk. Euskal Herrian, diferentzia edo berezitasun horiek partekatzen ez dituzten herritarrak baitaude. Independentziaren alde gehiengoak lortzeari begira, nazioaren aldarrikapena alboratu eta demokraziaren aldeko diskurtsoa lantzearen beharraz hainbat eztabaida izaten ari dira. Horren adierazle izan daiteke diskurtsoan zer jauzi egin den, hain zuzen, nazioa oinarri duen autodeterminazioaren aldarrikapenetik herrian sostengatzen den erabakitzeko eskubidearen eskaerara. «Helburua ez da estatua lortzea, nazioa garelako; helburua da estatua izatea, demokrazia eskatzeko», adierazi du Jule Goikoetxea EHUko irakasleak.

Imanol Galfarsoro irakasle eta pentsalariak, esaterako, Twitterren irakurrita zuen txio batekin azaldu du gaur egun diskurtsoarekiko dagoen erronka. «Estatu gabeko naziotik, nazio gabeko estatura», zioen txioak. Diskurtso demokratikora egin beharreko jauzi horri kritika egiten zion txiolariak mezu horrekin. Bada, trufa gisa idatzitakoa lelotzat hartu du Galfarsorok. Askatasunaren eta demokraziaren diskurtsorako jauzia «zirt edo zart» egitekoa da, haren arabera. Baina independentismo demokratikoaren ideiak prezio bat du, pentsalariaren ustez: euskaldun etnikoaren desagertzea.

Euskal nazioa kultura eta folklorearekin identifikatu izanak euskal nazioari kalte egin diola uste du Goikoetxeak. Euskal Herrian euskal nazioaz harago doazen nazio nortasunak baitaude: espainiar zein frantziar sentimenduak, adibidez. Abertzaletasuna eta independentismoa elkarrekin lotuta joan direla dio, eta, ondorioz, euskal nazioko kide sentitzen ez direnen independentziarekiko atxikimendua zaildu egiten dela. Goikoetxea: «Naziogintza egiten baldin bada estatua lortzeko, abertzaletasunaren ildotik jotzera behartzen duzu jendea ». Horregatik, beharrezkotzat jotzen du nazioaren aldarrikapenetik independentzia demokraziarekin lotzen duen mezua lantzea. Dio horrek ez duela esan nahi nazioa bera alde batera geratzen dela. Naziogintzaren esanahia aldatzen da. Inkesta moduko elkarrizketa bidez azaldu du bere jarrera Goikoetxeak: «Demokrazia nahi duzu? Bai. Non? Hemen. Ados, euskal demokrazia nahi dugu orduan. Eta, horretarako, zer behar da? Estatua. Kito. Hor berdin da zein naziotakoa zaren». Demokraziaren izenean independentziaren alde egitea errazagoa da, irakaslearen arabera: «Nork esango dizu euskal demokraziaren aurka dagoela?».

Galfarsororen arabera, independentismo demokratikoaren ideia indartzen ari bada ere, ahula da oraindik. Dioenez, gaur egun, kultur berezitasunaren ideia da nagusi Euskal Herrian. Eta horren adibidetzat jarri du Gure Esku Dago plataformaren irudigintza. Berezitasun diskurtsoa zentrotik periferiara eramatea proposatzen du Galfarsorok. «Erresidual» bihurtu beharko luke, haren ustez: «Diferentzia etniko linguistikoa eta berezitasun kulturalarekin azpimarratzen den partikularismoaren zentzuak berea egin du». Pentsalariaren ustez, hainbat urtean subordinazioan bizitzera ohitu egin da euskalduna, eta ezberdintasun kulturala aldarrikatzea berdintasun politikoa azpimarratzea baino atseginagoa bihurtu dela dio: «Euskaldun subordinatua desagertu egin behar da. Ongizate publikoa eta unibertsala garatu nahi duen estatua eraikitzeko ez dugu nazio etnikoaren beharrik». Nazio kulturalaren aldarrikapenarekin, estatu demokratiko eta kosmopolita eraikitzeari bideak ixten zaizkiola uste du Galfarsorok: «Independentzia lortzeko diskurtso demokratikoaren unibertsaltasunaz baliatu behar dugu». Euskal Herrian benetako estatua eraiki nahi baldin bada, kosmopolita izan beharko duela dio: identitatearen eraikuntzan zehaztugabea, alegia: «Estatua bera, inolako elementu arrazista, erlijiozko edo, oro har, kulturaletan erortzen ez den neurrian izango da baliagarria». Diferentzian oinarrituriko aldarrikapenetik berdintasunean oinarrituriko estatu demokratikora eman beharreko jauziaz ari da. Alain Badiou filosofoaren hitzak ekarri ditu gogora ideia horri erreferentzia egiteko: «Hemen dagoen edonor hemengoa da». Frantziar filosofoaren arabera, demokrazia modernoa inolako identitate aldagairik faktoretzat hartzen ez duen neurrian da posible. Horrekin bat egiten du Galfarsorok: «Estatuari dagokion esparruko hiritar oro hartzen du bere barnean». xehetasun gisa aipatu du, horregatik nahiago duela «estatua euskal herrian» terminoa «euskal estatua» baino. «Euskal» adierazlea identitate konkretu batekin lotzen baita.

Demokrazia garatu ahal izateko baldintzak zeintzuk diren zehaztea beharrezkoa dela uste du Goikoetxeak: «Estatua behar baldin badugu demokrazia lortzeko, has gaitezen definitzen zer-nolako egiturak behar ditugun». Gaur egun dagoenaren eta behar denaren analisia beharrezkoa dela dio. Baina berebiziko garrantzia eman dio diskurtso berria hedatzeko praktikari: «Diskurtsoa, praktika berrien bidez lortzen duzu». Herrian diskurtsoa gizarteratzeari begira, Gure Esku Dagoren lana aipatu du: «Herrietan konfiantza sareak sortu dira, eta diskurtsoaren praktika gauzatu da».

Galfarsorok nabari du beldurra diotela sektore batzuetan estatua eraikitzeari. Horren sintomatzat aipatu du euskal komunitarismo «antiestataletik» sustatzen den dimentsio kulturalaren indar sinbolikoa: «Berdintasuna, unibertsaltasuna, kosmopolismoa… Ezin dira edozein preziotan erosi. Independentziak subordinazioaren amaiera eskatzen du, euskal berezitasunaren kapital sinbolikoarekin ateratako etekinak amortizatzea. Horregatik, kulturgintzaren esparru batzuetatik estatua osatzearekiko erresistentziak: subordinazioa errentagarriagoa zaie askatasuna baino».

Testuinguruaren arabera aldatu du diskurtsoa euskal nazionalismoak. Horretan ari da gaur egun ere. Mugimendu independentista hedatzeko formularik egokienaren bila.

 

UNAI APAOLAZA

«Mugimendu berri bat sortzen ari da»

Unai Apaolaza
 
Apaolazaren arabera, oraintxe sortzen ari da euskal estatua sortuko duen independentismoa. Haren ustez, mugimendu hori indartu ahal izateko, abertzaletasunak bere burua birkokatu behar du.
 
Euskal naziotasuna ikertu du Unai Apaolazak. Eta subjektu politiko zein independentista lantzen ari da orain. Euskal Herriko mugimendu independentista trantsizio egoera batean dagoela uste du. Bide horretan, beharrezkotzat jotzen du abertzaletasunak mugimendu horretan bere burua birkokatzea. Independentziaren aldeko gehiengoak lortzeari begira, abertzaletasunetik harago doan mugimendua artikulatu behar dela uste du Apaolazak.

Zer garaipen izan du abertzaletasunaren diskurtsoak?

Euskal nazioa marrazteko diskurtsoa da abertzaletasuna. Beraz, euskal naziotasunerako baldintzak jartzen ditu. Diskurtso nazionalistak, hortaz, nazioa zehaztu egiten du. Garai batzuetan esango du nazio hori era batekoa edo bestelakoa dela. Zergatik? Eraginkortasun politikoa lortzeko. Naziotasuna marraztea edo identitate politikoa marraztea estrategia politikoa da. Eta abertzaletasuna estrategia politiko gisa ulertu behar da, nazioa sortu egiten baitu diskurtsoarekin. Egoera sozial, ekonomiko zein politikoaren arabera marraztu du abertzaletasunak nazio hori. Frankismoan, adibidez, elementu objektiboetan jarri zen indarra: hizkuntzan, kulturan…

Zer ekarri du abertzaletasunaren diskurtsoa faktore objektiboetan oinarritzeak?

Borondatetik kanpo kokatzen direnak dira faktore objektiboak: euskara eta kultura, adibidez. Nazioa horiekin zehazteari esentzialismoa ere deitu izan zaio. Era sinplean azalduta, subjektu politikoa borondatetik kanpo mugatzea litzateke. Esatea, adibidez: zu euskal naziokoa zara, euskaraz dakizulako. Bi kasuetan erabil daiteke estrategia esentzialista hori: jendartea homogeneoa denean, adibidez, Euskal Herrian %95ek euskaraz jakingo balute. Edota erresistentzia gisa, independentzia nahia asko txikitzen denean. Frankismo garaien hasieran erabili izan da. Eta eusteko balio du, baina ez zabaltzeko. Esentzialismoak ez garamatza gehiengoa lortzera. Independentziaren aldeko subjektua faktore konkretu batzuk partekatzen dituztenetara mugatzen da.

Nola ikusten duzu, gaur egun, independentismoaren artikulazioa?

Subjektua artikulatu eta handitzeko gaitasuna duenean da estrategia bat eraginkorra. Abertzaletasunaren historian, 60ko hamarkadako formulaziora joan beharko ginateke. Nik uste orduan aktibatu eta indartu zela gehien independentismoa. Partikular hutsetik harago, unibertsalen borroka garatu baitzen garai horietan Euskal Langile Herriaren terminoarekin. Askatasunaren eta demokraziaren izenean egiten zen independentziaren aldarrikapena. Eta faktore objektiboak, kultura eta hizkuntza, adibidez, ez ziren baldintza gisa jarri, sinbolo gisa iraun bazuten ere. Gaur egun, trantsizio egoera batean gaudela uste dut, independentismo berri bat sortzen ari dela. Areago esango nuke, euskal estatua sortuko duen independentismoa oraintxe sortzen ari dela iruditzen zait.

Abertzaletasuna abiaburutzat ez duen independentismoa proposatzen duzu. Azalduko zenuke?

Orain arte, euskal nazioaren partikularrekin artikulatu dugu independentismoaren subjektua. Baina zer gertatzen da? Euskal naziokoa sentitzen denarekin bakarrik ez dugula gehiengorik lortzen. Abertzaletasunak orain arte planteatu du independentzia behar dugula, euskal nazioaren partikular horiek salbatzeko. Nik buelta emango nioke horri: independentzia ez da euskal nazioa babesteko erreminta, nazioa independentzia lortzeko erreminta posible bat da. Hori onartzen baldin badugu, onartuko dugu beste tresna batzuk badaudela, beste nazio sentimendu batzuk onartuko genituzke subjektu independentistan. Nazioa kultura batekin lotu dugu; zaila da beste kultura bat duenari hori aldatu behar duela eskatzea. Abertzaletasuna identifikatu da independentismoarekin, eta bi horiek bereizten hasi behar dugu. Abertzaletasuna batzuetan independentismoari kalte egiteko erabiltzen da, ez diolako hazten uzten edo duen potentzialtasun guztia askatzen. Independentismoak, partikular konkretu batzuen defentsa baino gehiago izan behar du. Demokraziarekin identifikatzen denean, eta bloke demokratikoa artikulatzen denean, izango du zabaltzeko eta aktibatzeko aukera. Hau da, estatua lortzeko aukera.

Nola uztartu hor nazioaren ezaugarri objektiboak?

Abertzaletasunetik independentismorako jauzia egiteak ez du esan nahi faktore horiek kanpo utzi behar direnik, baina ez dira artikulatzaile nagusi izango. Euskal partikular hegemonikoak normal funtzionatzen jarraitzeko borroka egiten jarraitu behar da. Adibidez: euskara da euskaldun egiten gaituena errepikatu beharrean, alor guztietan euskaraz funtzionatzen. Euskal herritarren gehiengo osoa ez dator bat artikulazio horiekin. Hortaz, abertzaletasunaz bestelako erreminta batzuk behar ditugu. Horregatik, independentismoa plurinazionala onartzen hasi behar dugu.

Zein erronka du, gaur egun, euskal abertzaletasunak?

Abertzaletasunak ulertu behar du independentzia ez dela bere ondare esklusiboa. Independentziari kalte besterik egiten ez diolako horrela. Badira abertzale ez diren independentista eta independentista ez diren abertzaleak ere. Iruditzen zait abertzaletasunak bere buruaz beste egin beharko lukeela. Ez naiz desagertzeaz ari, independentismoaren barruan zer jarrera duen argitzeaz ari naiz. Prozesu horretan, onartu behar du ez dela aktore bakarra. Subjektu berri bat sortu behar da, eta ez bakarrik abertzale edo euskal nazionalista sentitzen dena. Hori da erronka: abertzaletasuna birkokatu behar da, independentismoa indartu, sustatu ahal izateko.

 

ATAL GUZTIAK

1. Lurraldetasuna
 
 
 
 
 

Etiketak: , , , , , ,

Igo