‘Eskoziaren ordua’, saio berezia 11TBn erreferendumaren biharamunean

Etorkizuna erabakitzeko hitzordua dute eskoziarrek hilaren 18an. “Eskoziak independentea izan beharko luke?” galderari erantzun behar diote erreferendumaren bidez. Eskoziako erreferenduma aro berri baten ikurra izango da Europako herrientzat. Erreferendumaren biharamunean, irailak 19, telebista saio berezi bat eskainiko du Hamaika Telebistak, Eskoziaren ordua izenburupean. Saio berezi hau NORABIDEA blogaren eta Hamaika Telebistaren elkarlanari esker gauzatuko da, eta 11TBren kanalean eskaintzeaz gain (22:00), Interneten ere sareratuko da berria.eus, hamaika.eus eta norabidea.eus webguneetan.

Saio berezi honetan lau adituk parte hartuko dute Eskoziako erreferendumaren emaitzak eta independentzia prozesuaren egoera aztertzeko: Jule Goikoetxea EHUko irakaslea, Angel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailea, Asier Etxenike Aztikerreko soziologoa eta Igor Calzada Oxford Unibertsitateko eta Ikerbasqueko irakasle eta ikerlaria. Igor Calzada ikerlariak Eskoziatik bertatik parte hartuko du saioan. Lauek ongi ezagutzen dute Eskoziako kasua eta gertutik jarraitzen ari dira erreferendumaren prozesua.

Eskoziaren ordua saio berezi hau aukera ezin hobea izango da Europako herrien etorkizunaz gogoeta egiteko, eta Eskoziako kasuak Kataluniari edo Euskal Herriari begira eragin ditzakeen ondorioak aztertzeko. NORABIDEA joan den apirilaren 28an sortu zen, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoeta sustatzeko asmoz. NORABIDEA-k honako zazpi sustatzaile ditu: Berria, Hamaika Telebista, Udalbiltza, Gaindegia, Robles Aranjiz Fundazioa, Ipar Hegoa Fundazioa eta Euskal Nazionalismoa XXI Mendean Masterra.

 

Eskozia 

  

Etiketak: , , ,

Igo