Metronomo bat prozesuarentzat

Pixkanaka, abiada hartzen doaz gertakariak Katalunian. Hilabeteak eman ditugu aurretik idatzita zirudien gidoi baten orriak igarotzen, baina ari gara sartzen azken ataletan, gidoiak ustekabeko birak eman eta erritmoa aldatzen duen fasean. Adagiotik andantera pasatu gara oharkabean, eta allegroa iritsiko zaigu konturatzerako. Halakoak dira prozesu sozialak. Hilabeteetan mantendutako batasun fasearen amaieran gaudela irudikatu dute Artur Masek —CiUk— eta orain arte bidelagun izan dituen ERCk; “pitzadura” da, Masen esanetan, ez haustura, baina unerik okerrenetarikoan heldu da; une erabakigarriak gero eta gertuago daudenean.

Nahasia izan da azken orduetako sekuentzia: bilera, Masek galdeketari eutsiko ez diola zabaldu, ERCk aldebakarreko independentzia aldarrikapena eskatu, Masek galdeketaren prestakuntza birformulatu. Eta zerumugan, hauteskunde plebiszitarioak. Jokaleku horrek saihestezina dirudi, baina horretara nola ailegatu eta nola aurkeztu da orain eztabaida. Eta, noski, ondoren zer egin adostu.

CiUk eta ERCk, batek zein besteak arriskatu dute prozesu honetan. Herri mugimenduen bultzadaz edo/eta presioaz, bere tradizio politikotik urrundu, eta trantsizio nazionalerako fasean sartu da CiU bete-betean. Hilabeteotan horrek eragin dion kostu politikoa da apustu horren seriotasunaren berme nagusia. CiU eta Mas bera ez dira “abentura” honetan sartu edozein unetan atzera egiteko, hala balitz, hilabeteak izan baitituzte hain emaitza kaskarra eman dien estrategia hori zuzentzeko. Horrez gain, Masek ez du zuzenean Espainiako legeriaren betoaren aurrean desobedientziara joko, baina Kataluniako Gobernuaren mekanismoak (ofizialak) jarri ditu martxan kontsultaren antza izan dezakeen ekimena aurrera eramateko. Ez da joan besteek nahiko luketena bezain urrun, baina CiUren soziologia onartzeko prest dagoenaren muga batzuk gainditu ditu Masek, ziurrenik.

ERCk ere bazuen zer galdu. CiUren gobernuaren babesle bihurtuta, Generalitatearen murrizketak irentsi behar izan ditu, beste gatazka sozial batzuekin batera, eta, horren kontura, ezkerreko esparruan asko zuten irabazteko CUPek eta ICVk Esquerraren kontura. Galdeketa da ERCk CiUri emandako babesaren truke duen karta bakarra, eta hori arriskuan ikusteak urduritu egin du ERC. Atzo gauean bertan Masi jarraitu beharreko ildoak ezartzeko presak, horren erakusle. Nolanahi ere, inkestei erreparatu besterik ez du Esquerrak sosegu pixkat hartzeko, CiU nozitzen ari baita desgaste osoa, hain zuzen Esquerraren mesedetan. Horixe aurpegiratu zion Masek ERCri: ikusle gisa aritzea, gobernatzeko txanda iritsi zain.

Esquerrak bart eta Masek gaur, desadostasunak desadostasun, antzekotasunak dituzten jokalekuetan kokatu dute euren burua. Parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko eskatu zuen bart ERCk, eta inor gutxik planteatzen du aukera hori aurretik hauteskundeak egin eta parlamentuak osaketa berri bat izan arte. Masek berak esan du azaroaren 9koa behin-behineko kontsulta izango dela, eta “hauteskunde formako erreferenduma” izango dela behin betiko galdeketa. Hortaz, posturek ez lukete hain urrun egon behar.

Sorpresarik ere ez luke eragin behar aukera horrek, CATN Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak hipotesi hori jaso baitzuen bere lehen txostenean. Txosten horretan jasotako jokalekuen artean azkenean gaude uneotan; hauteskunde plebiszitarioen atarian. Ondoren, parlamentu berria eta, gehiengoa izanez gero, independentzia aldarrikapena. Hala defendatu zuen atzo bertan CATNko presidente Carles Viver Pi-Sunyerrek.

Masek hitz egin ondoren, hauteskunde horietara aurkezteko modua da zalantza. Gutxienez CiUk eta ERCk zerrenda bakarra osatzea —CUPek baztertu du CiUrekin zerrenda konpartitzea—, bakoitzak bere aldetik programa komuna aurkeztea, zerrendaburua Mas —egungo presidentea— edo Junqueras —inkestek garailetzat jotzen dutena— izatea edota alderdiak ez diren beste plataforma batzuk aurkeztea bozetara. Horiexek aukeretako batzuk. Zalantzen atalean geratuko dira oraingoz unionismoaren alderdiek zer jarrera hartuko luketen hauteskunde horietan —zerrendak bateratzea, boikota…—, Espainiak zein erreakzio izan lezakeen independentzia aldarrikapenaren biharamunean —erreakzio eza, erantzun militarra…—. Baina mobilizazio sozialaren eta alderdien estrategien osagarritasunak eraman du egoera dagoen lekura. Ez dadila orain, ez hanka batetik ez bestetik, herren geratu, bien beharra izango baita vivace doinuetan dantzatzeko.

Etiketak: , , ,

Igo