Euskal Devo-max (I), berreskuratu harremanetarako euskal esparru librea

Pasa da Eskoziako ernaldia, “devo-max” oihuarekin, Katalunia bete betean ari da erabakitzeko eskubidearen ariketarekin biharko herria egiten. Honaino helduta, orain zer? Euskal herritarrok gogoeta egin beharrean gara hurrengo urtetan gure bidea zein izan daitekeen ikusteko. Ikus dezagun Herri gisa gorpuzteari dagokionez eremu ekonomiko eta sozialean zer dugun egiteko.

Euskal bizikidetza esparrua, galdu duguna

Elkarrekin bizi eta elkarrekin jarduteko askatasuna da Euskal Herritarroi ebatsi zaigun lehen eskumena. Inoiz naturala izan zena ezinezko bihurtzeraino programatu zituzten Euskal Herrian indarrean dauden banaketa instituzional eta administratiboak. Telesforo Monzonek gogoan zuen loreontzi apurtua esaten dugunaren irudi paregabea bihurtu da.

Eremu administratiboetan banatu gaituen prozesu honetan tokian tokiko kudeaketarako eskumena baino zerbait garrantzitsuagoa galdu dugulakoan nago. Alegia, euskal herritarrok elkarrekin askatasunez eta naturaltasunez jardutea galdu dugu, jarduteko joera eta jarduteko askatasuna, harik eta elkar ez ezagutzeraino (hemen ere gogoan hartzekoa, Telesforo Monzonen artikulua baztandar frankisten atxiloketaren harira), harik eta, herri egiten gaituzten praxiak galtzeraino. Azpeitian agertutako azkonen haritik Eneko Etxeberria alkateak Izturizko aurkikuntzekin lotu izana aipamen ezin egokiagoa izan da. Orain 14.000 urte transferentzia kultural eta teknologikoa bazen eremu honetan. Geroztik ederki aldatu dira gauzak.

Halaber, pentsa dezagun harremanetarako euskal esparru libre bat ehuntzeak zenbatean aldatuko lukeen Euskal Herriaren oraina eta gerokoari buruzko ikuspegia. Bestela esanda, ekonomia eta gizarte jardueretan ikuspegi zentripetoa sustatzea Euskal Herriko pertsona, organizazio eta instituzioei berezko zaien eskubide bat berreskuratzea da, behar duguna, funtzionala, egunerokotasunaren erabakiekin lotua, ororentzat onbera, inorentzat ez kaltegarri. Biharko Euskal Herrian gehiengoak amets egin dezan dagoen lehen eta oinarrizko urratsa da.

Instituzioak, nor berean, egunerokoan

Eguneroko arazoak larriak dira, eskumen gabezia bezain larri. Banaketa administratiboak ezarri dizkigun instituzioak eta haien atzetik indar politikoak arazo horiei erantzutera emanak daude, nor bere eran, nor bere eremu administratiboan. Esan bezala, beharrezkoa delako. Baina onar dezagun, beharrezko izan arren, tokian tokiko politikak ez direla ezinbestean herri gisa egituratzaileak. Besterik litzateke politika lokaletan lurralde ikuspegi zabalagoz jokatuko balitz. Baina hautetsiak bozkatzaileei zor zaizkie eta tokiko politika ere bai. Naziogintzaren agendak, beraz, agenda lokaletatik beregaina behar du izan, eta osagarria.

Historiaren pasarte ilunak

Historian euskal kultura eta herria osatzera lagundu duten osagai sozial eta ekonomikoak ez daude behar bezala azterturik. Jazarpenetik etorri diren galera politiko eta administratiboez maiz hitz egin da. Baina oraindik orain aztertu gabe dago lurralde zatiketak eragindakoa ekonomian eta gizartean. “Herri ez izatearen kalteak” izeneko azterlana egiteko dagoen ariketa da. Galdu duguna zehaztu eta zenbatu gabe ez da erreza dagokiguna berreskuratzeko agenda eraginkorrik.

Zatiketak ondorio funtzionalak

Zatiketaren inposizio larriena lankidetza eta bizikidetzaren espazio komuna desagerraraztea da, eta horren eraginez hainbat arazo eta aukeraren kontzientzia. Bizi ditugun garaiotan ongizate material eta garapen sozialarekin lotutako hamaika auzi praktiko eta estrategiko bideratzeko galga bihurtu da. Herri gisa ezin biziaren eragin eta ondorioak aztertu gabe dauden aldetik, ezezaguna zaigu ezarritako zatiketaren kalte materiala. Kaltea ere hor dago, ordea. Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko trenbidearen zabalera bateragarria ez izatea antzinako bitxikeria baino trantsizio energetikoaren garaian mugikortasunarentzat galga garrantzitsua bihurtu da. Antzekoak esan ditzakegu lurralde desberdinetako zientzia eta teknologiako egituren arteko lankidetza ezaz, bertako elikagaien merkaturatzeaz, laneratzeko etengabeko formazioaz… Beharrak bai, aukerak soberan, baina lurralde zatiketa indarrean. Egituratzaileak gertatuko diren sektore eta prozesuetan ekimen eraginkorrak abiatzen jarri beharko genuke ahalegina.

Zatiketa geuk ere ereiten duguna

Inork pentsa dezake aipagai ditugun arazo horiek eta beste hamaika maila goreneko erabaki administratiboek mugatzen dituztela. Lerro hauek idazterakoan, ordea, beste nonbait dugu arreta, estatuek mugatzen ez dituzten praxietan, pertsona, organizazio edo instituzioek inon baimenik eskatu gabe egin ditzaketen horietan, eguneroko arazo eta aukerei bide emateko premia dagoen auzietan. Gure hizkuntza eskoletan noizko gaztelera edo frantsesa ikastea joera sozial bihurtu? Ikasketa sustatzerakoan noiz eskainiko ditugu beste lurraldeetako aukerak? Lana bilatzerakoan noizko herri mailako lan eskaintzen poltsa bat?… Bistan da estatuek ezarritako mugak handiak direla, baina onar dezagun ez dauden lekuan ere geuk, automaten moduan, arraberritzen ditugula muga horiek.

Ez dugu dena galdu

Zatiketaren zigorpean bizitzera behartu gaituzten arren, ez dira gutxi funtzionalki herri bat garela adierazten duten gertaerak. Kultura eta identitatetik harago doan gertaera da honakoa, Euskal Herria iraganeko edo etorkizuneko gertaera ez ezik, oraingoa ere bada. Nafarroako enpresentzat Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban dago euren bazkide komertzial nagusia bai salmentarako bai hornigaiak erosteko. Halaber, bere herrialdea uzten duten ikasle gehienek beste euskal herrialde bat hautatzen dute. Ipar Euskal Herrian, 2020. urteari begira jarri dituen gogoetan arlo guztietan azpimarratu dute Hegoaldearekiko lankidetza sakondu beharra, besteak beste, jarduera ekonomikoei dagokionez. Horra hor Baiona-Donostia eremua, non bizikidetza gero eta estuago bat dagoen ekimen instituzionalek gehiegi lagundu gabe, antzekoa gertatzen ari da mendialdeko euskal udalerriekin. Esandakoak, beraz, agerian uzten du oraindik ere aukerak eta premiak hamaika direla elkarri bizkarra emanda jarri gaituzten arren.

 

 

Etiketak: , , , ,

Igo