“Kuntza”-tik “gintza”-ra

[GARA egunkarian argitaratua / 2014-11-30]

Azurmendiren azken liburuak, berriro ere, bete-betean jo du «garrantzirik gabeko» eztabaida politikoaren erdigunean. Izan ere, Renan-en lanaren interpretazio zuzenari buruz kezkatzea, edota bi nazio kontzeptu klasikoen arteko nahasmen teoriko-praktikoa argitzea ez omen dira, batzuen aburuz, euskal herritar «zibikook» agendan eduki beharko genukeen arduretariko bat. Halere, kasualitatez, eztabaida omen antzu horrek erabateko lotura du gure herrian azkenaldian izan den mobilizazio zabal eta berritzaileenarekin, Gure Esku Dago ekimenak bultzatutakoarekin, alegia. Akaso, gai hau ez da alderdi politiko batzuen agendan egongo; euskal gizartean, aldiz, gori-gorian dago. Horixe da idazle klasikoen, esan nahi baita, Azurmendiren bertutea: idatzitakoak herriaren (edo nazioaren, sar gaitezen muinean) unean uneko kezka islatzen duela beti, eta, aldi berean, atakatik ateratzeko tresneria eskura jartzen duela.

Aitortu behar dut oraindik ez dudala «Historia, arraza, nazioa» oso-osorik irakurri. Dena den, bi ideia azpimarratu nahiko nituzke hemen, erabakitzeko eskubidearen inguruko egonezinak gainditzen lagun dezaketelakoan:

Bat. Ez dago nazionalismo zibiko/etniko bereizketarako arrazoirik, eredu binario (eta manikeo) hori baztertu beharra dago, baldin eta orain arte nagusitu diren diskurtso politikoen arabera ulertuko badugu bederen. Hots, zibikoa berdin irekia, demokratikoa, nazio-estatuen patriotismo konstituzionala, erabat onargarria… Etnikoa, berriz, estaturik gabeko nazioetatik datorren abertzaletasun baztertzailea, itxia, totalitarioa… Guztiz onartezina. Azurmendik ongi erakusten digun moduan, Renanen «zibismoaren» azpian, eta, batez ere, kategoria hori ahotan darabiltenen eskutik iritsi dira maiz zanpaketa, inperialismoa edota, maila xumeagoan, herritarren eta taldeen berezitasun kulturalen ezabapena.

Euskal Herrian azken berrogei urteotan bizi izan dugun paradigma politikoa errotik aldatu da. Protestaren ardatza izan zen eredu belikoa, batetik, eta autogobernuaren kudeaketa autonomiko mugatua, bestetik, agortuta daude jada. Estrategia politiko-militarraren bilakaera agonistikoaren ondorioz, etsaia aurkari bilakatu da -Chantal Moufferen ekarpen teorikoa gogoratuz-, eta 60ko hamarkadako borroka anti-koloniala berpiztu nahi dutenek argi ikusi beharko lukete analisi teoriko zorrotzenak ez duela baliorik horren araberako praxi politikoa burutzeko asmorik edo modurik ez badago.

Estrategia autonomistak, berriz, oraindik ere eskuduntzen sistemari azken zukua atera nahian dabilen arren, jakin badaki euskal autogobernua ezin dela estatuarekin halabeharrez burutu beharreko hitzarmenaren menpe jarri, eta, hortaz, ohiko aldebikotasunak ez duela etorkizunik. Euskal Herrian kokatutako prozesu zibil eta demokratiko aldebakarrekoan oinarrituko den eredu berria indartzen ari da, bai eta horren zerbitzura dagoen «erabakitzeko eskubidearen» kategoria. Erabakiaren ondorioz sortzen den eskubidea, ez dezagun ordenu egokia ahaztu.

Egongo da esango duenik orain euskal nazionalismoak izaera zibikoagoa duela arestian baino. Alabaina, aipatu dikotomia klasiko hori baztertuz, bilakaera horri beste titulu bat egotzi beharko genioke, Azurmendik bere liburuan jasotzen duen nazionalismo liberal anglosaxoiarena: Kanada, Eskozia eta Alemania talde berean kokatzen dituena… Frantzian, Italian edota Espainian indarrean dagoen eredu demokratiko-jakobinoaren kontrakoa dena. Hain zuzen ere, zibikotzat hartua izan den horren aurkakoa.

Izan ere, «etnikoak» deitu izan gaituzte, baina hein handi batean «zibiko» gisa eraiki dugu orain arte gure proiektu nazionala. Letamendia irakasleak erabilitako ispiluaren metafora aintzat hartuta, orain arteko euskal abertzaletasuna «zibikoa» izaten saiatu da, etsai zituen nazionalismo espainiar eta frantziarren mimesia eginez. Zapaldutako herria izanda ere, eredu zapaltzailea barneratu dugu: herriaren borondatearen izenean, herritarren aniztasuna ukatu, «bestearen» akulturazioaren edo garbiketaren amets utopikoa itsasargi gisa hartu, mapa (lurraldetasuna) abiapuntu gisa sakralizatu… Askotan, egitura, diskurtso eta mobilizazio nazionalak hobetsi dira, euskal lurraldeetako herritarren nahiak goitik behera diseinatu direlarik, inposatu nahi ziguten Renanen «zibikotasuna» gurea eginez. Nolabait esatearren, ziurrenik ez gara aski «etnikoak» izan. Edo, gorago esandakoaren ildotik, are zuzenago, ez gara nahikoa «liberalak» izan. Armoniaren eta aniztasunaren ordez, batasuna eta berdinkeria hobetsi ditugu. Gizarte zibil autonomoa ito, abangoardia politikoen meneko militantzia fidela bultzatuz.

Bi. Azurmendiren lanak, halaber, argi erakusten digu kontzeptu politikoen osaketa abagune historikoaren zerbitzura dagoela beti. Esaterako, Renanen ekarpena ezin da ulertu Alsaziako aferatik at. Zentzu honetan, gurean ere galdera horixe bera egin beharko genioke geure buruari: zein da gaur egun Euskal Herriak behar duen nazio, burujabetza edota lurraldetasun kontzeptua? Nola ulertu beharko litzateke zirkunstantzia honetan euskal proiektu nazionala?

Mendebaldeko inguruabarrean, naziogintza ezin bereiz daiteke herrigintzatik, eta herrigintza da estatugintzarako tresna zilegi bakarra. Nazioa, kultur-aniztasun orekatua izango duen herri gisa ulertu behar da, eta herri horren borondate demokratikoak zabalduko du estatu-egiturak erdiesteko bidea.

Nazioa gara, nazioa badago… Euskal naziokideak etengabean ari dira birsortzen euskal nazioa. Alabaina, egungo baldintzetan nazio horrek duen egituratze politikorako nahia euskal lurraldeetan bizi diren herritarren, Euskal herri(ar)en, bitartez bideratu behar da, «herria» kontzeptua lehenetsiz, euskal nazioaren egitasmoa lurralde eremu guztietan gara dadin. Estatugintzarako beharrezkoak diren gehiengo demokratikoak osatzeko modu bakarra hori baita -nazioak herria hegemonizatzea edo nazioak herriaren ahotik mintzatzea-, Kataluniak erakutsi bezala.

Gauzak honela, herritarron borondatean eta honen araberako erabakian baldin badago gakoa, behetik gorako erakundetzea lehenetsi beharko litzateke. Izan ere, lurraldetasuna ez da aldez aurretik finkatutako mapa, herritarrok eta erakundeek (EHU eta Bordeleko unibertsitatearen arteko akordioak gure hedabideetan izan zuen jarraipen penagarria ezin ahaztu) egunero ehuntzen dugun zerbait baizik. Gure arbasoengandik jasotako euskal mapa kognitiboa osatze bidean, konfiantza osoa eduki beharko genuke abertzaletasunak euskal lurraldeen arteko egituratzerako proposatzen duen egitasmoaren arrakastan. Inork ez du inor kanpoan utzi edo utziko, bakoitzak erabaki beharko du non eta nola egon nahi duen. Josemari Esparzak joan den astean argitaratutako artikuluetan iradokizun interesgarriak eskaintzen dizkigu ikusmolde zaharkituak berritze aldera: Iparraldeko, Hegoaldeko, Goierriko eta Erriberako herritarren esku dago beren bizitza kolektiboa marraztea, beren loturak eta mapa kognitiboak hautatzea. Eta mobilizazioaren ikuspegitik -oraingoz, une horretan baikaude-, ez du lekurik EAEren balizko independentziari buruzko kalapita ohikoak. Aldi historiko honetan lortuko den lurralde-egitura eta honen eskumen maila idazteke dago. Gure esku dago.

Independentziaren errebindikazioan eskatologia ezkor gehiegi egon da orain arte: euskal nazioaren armagedona iristear dagoela uste izatea, estrategia edo lidergo faltak dakarren agonia, gure arteko fedegabeak edo herejeak nonahi bilatu nahi izatea, askatasunaren eguna errebelazio edo teofania gisa ulertzea… Gure benetako arazoa «bihotzean gordetako» independentismo hispano (eta frantziar) zentrikoa da, Jaume Lopez irakaslearen neologismoa erabiliz. Derrigorrezko aldebikotasun desorekatua edota, hegoaldeari dagokionez, estatuarekiko baldintzarik gabeko leialtasuna defendatzen duen abertzaletasun kamutsa. Aitzitik, euskal eremuan burutu behar den artekaritza baikorrean saiatzea da orain jomuga, herritarren borondateen eta erabakien ehuntze horizontala eta behetik gorakoa. Ahaztu gabe, beti ere, burujabetza prozesuan hurrengo urratsa emateko ezinbestekoa izango dela tenkatzea edo polarizazioa. Euskal herritarron ongizatea garatzeko ahalmen gorenekoa ez baitugu eskuratuko gatazkarik gabe. Egunero eta, ziurrenik, baita egun jakin batean ere hartu beharreko erabaki desobedienterik gabe.

Ildo honetatik, Azurmendik berak Sarrionandiaren hausnarketa bat dakar, Renanen esaldi aipatuena bere sakonean errebindikatzen duena: «Eguneroko autodeterminazioaren ideia dotorea ez da egun bakarreko autodeterminazioa gaitzetsiz egiten, baizik autodeterminazio egunak eta guneak multiplikatuz». Idurre Eskisabelek berriki zioen moduan, eguneroko «gintzaz» ari gara hemen, eta ez jada aldez aurretik planifikatutako «kuntzaz».

Gai hauen adierazpen juridiko eta politiko desberdinak sakon aztertuko ditugu Eusko Ikaskuntzak eta UPV-EHUk abenduaren 10, 11 eta 12rako Donostian antolatu dituzten nazioarteko jardunaldietan. Iritzi trukaketarako eta, batez ere, ehungintzarako gune aproposa. Sarrera libre.

Etiketak: , , , ,

Igo