Euskal Devo-max (II): Herri mailako lankidetzaren norabidea

Azpimarratzekoa da gure gizartearen problematika medio, bizikidetzaren espazioa ezin dela mugatu ahaidetze ariketa puntualetara eta behar duela egitasmo funtzional eta pragmatiko baten izaera (arazoak elkarrekin konpondu, oportunitateak elkarrekin jorratu). Beste era batean esango bagenu, Euskal Herrian ezarritako zatiketak eta honek gugan sortu duen lurralde-kulturak gaurkotasun handiko gaietan “abstentziora” garamatza, abstentzioa gogoetan, proposamenetan eta praxian. Esan dezagun, bada, egituratzaileak eta funtzionalak diren auzietan ezin dugula “abstentzionista” izan, geuri dagokigula autozentsuraren uztarria astindu eta lankidetza bideak urratzen hastea. Zailtasuna zailtasun, saiatu gabe ez dago ezer.

Zer egin ordea?

Eremu akademikoan asko dugu egiteko gure laneratzeko eskola eta unibertsitateetan edozein euskal lurraldetatik datozen ikasleei ateak zabalik eskaintzeko, baita enpresen arteko harreman eta saretzean, zer esanik ez lan harremanetan, langileen formazioan… Eremu finantzarioan badago zer eskainia gainbehera doazen lurraldeetako proiektuei bultzada berezia emateko edo mugaz gaindiko bazkideek sortutako enpresak babesteko. Biharko egoera gaurkoa baino hobea izan dadin, berebiziko eragina izan lezake gazteen formazio eta lankidetzan lurraldeartekotasun programa bat abian jartzeak, diruz eta egitasmoz ongi hornitua. Baina ez dago agendan. Eta abar.

Harremanetarako euskal esparru libre bat eraikitzea, beraz, justiziazkoa izateaz gain, beharrezkoa ere bada. Eta bideragarria xede hori jarriz gero.

Esandakoak esanda, herri gisa irauteko lanabesen artean (tokian tokiko administrazioa gobernatzearekin batera, arestian esan bezala) berreskuratu beharrekoa da (gure “devo-max” delakoan) harremanetarako euskal eremu bat sortzea non pertsonak, organizazioak edo instituzioak elkarrekin eragozpenik gabe (eta hala nahi badute) jardun ahal izango diren, eta behar izatekotan, estatuko legedi orokorrei salbuespenak ezarriko zaizkien hori gertatu ahal izateko. Europan badira halakoak hamaika.

Ez gara bakarrak

Ideia honek badu mamirik, besteak beste, Irlanda eta Europako Batasunaren artean adostutako “Peace” egitasmoaren baitan oinarrien artean egon baita, mugak muga, Irlandako uhartea osatzen duten eremu administratibo nagusien arteko hartu-emana normalizatzea, batez ere, mugakide diren eskualdeetan. Gurean ere behar genuke euskal lankidetzaren aukerak ebaluatu eta lankidetza ezaren kalteak zehaztuko lituzkeen ariketa egoki bat. Are gehiago, Euskal Herriak iraun dezan engaiatutako indar sozio-politikoek ariketa horren ondorioak nazioartearen begietan behar den argitasunez jarri behar lituzkete. Europako Batasunaren baitan kokatuak egotea euskal herritarrontzat aldeko aukera egokia gerta daiteke, besteak beste, lurralde arteko lankidetza sustatzeko berebiziko interesa bailuke. Lankidetzarako europar euskal-eremua eratzea arlo ekonomiko eta sozialean zatiketa historikoa gainditzeko lehen urratsa izan liteke, tokian tokiko herritar eta organizazioak legez babestutako eremu batean lankidetzan aritzera animatuko lituzkeena. Herri loturak berriro eraikitzea bide luzea izango den aldetik ez litzateke txarra hurrengo urratsak bide honetan jartzea. Eta nazioarteak sustatzeaz gain gauzagarri egiten direla bermatzea (horretarako beste friendship bat beharko genuke bruselan).

Injustizia gainditu, bakea erein, herri lankidetzari hesiak kendu.

Euskal herritar, organizazio eta instituzioek elkarrekin jarduteko joeraren kontra ezarri den banaketak egon behar luke, beraz, baketze egitasmo batean (eta desprogramazio egitasmo osoa, eskolatik hasita). Eta baliabidez hornitua izan harik eta banaketaren inposizioa eta honek ekarritako kultura gaindituko lukeen egoera bateraino iritsi arte.

Azken batean, elkarrekin bizi eta elkarrekin sortzea da herri bat osatzen dugula adierazteko modurik argiena. Bizi ditugun garaiotan euskal lurralde eta sektore ekonomiko eta sozialen baitan osagarritasuna, lankidetza, elkartasuna modu praktikoan bideratu behar genituzke herri izaten jarraitzeko borondatea dugula adierazteko.

Elkar bereizteko ezarri zaizkigun kultura eta legeak gainditzeko ahalegina egin beharrean gara bestelako errealitate bat nahi dugula erakusteko.

Horregatik, hain zuzen, auzi honek bi eremu ditu, bata estatuen erabakietan dagoena. Horiek bizikidetzari ezarritako eragozpenak dira. Besteak, geure baitan dagoena, elkar hartuta helburu praktiko eta komunak ez jokatzeko dugun joera. Onar dezagun, hori askotan hautu subjektiboa izaten dela, gure espainiartasun eta frantsestasunaren praktika askea.

Ongi dakigu zenbaterainoko zailtasunak ezarri zaizkigun, baina horrekin batera, borondate irmoa beharko dugu zailtasun horien gainetik euskal ehun ekonomiko eta soziala eraikitzeko, harik eta estatuek ezarritakoak gehiengoarentzat onartezin izateraino. Elkarrekin bizi eta herri bat osatu nahi dugula erakutsi beharrean gara aurrera egiteko.

Etiketak: ,

Igo