A-9: kartoizko kutxen ilusioa

[BERRIAren 2014ko urtekarian argitaratua / 2015-03-07]

Katalanek bozkatu egin zuten 2014ko azaroaren 9an.

Katalanek bozkatu egin zuten 2014ko azaroaren 9an.

Madrilek urte osoan jarritako oztopoak gorabehera, independentziari buruzko iritzia ematea lortu zuten bi milioi katalanek azaroaren 9an. Desobedientzia zibileko erakustaldi jendetsu hartan azaleratu ziren herritar ugarik urteetan pilatutako ilusio eta frustrazioak; horrek indarra eman behar zien prozesu independentistaren hurrengo etapari ekiteko: boz plebiszitarioetarako bideari.

«Azken hamarkadotako desobedientzia ariketa handiena» bihurtu zen 2014ko azaroaren 9a Katalunian. Ados: beharbada ez zen izan gobernuak hitzemandako erreferenduma; emaitzak balio ofizialik ere ez zeukan; akaso galderaren formulazioa ere ez zen independentistek desiratu zutena. Bezperara arteko ziurgabetasunak zalantzak hedatu zituen nonahi; etxean boto-papera prest zuten askok ez zekiten bozkalekua zabalduko zieten ere, artean ebatzi gabe zegoelako egoitza publikoak erabiltzea delitutzat jo ote zitekeen. Hala ere, bi milioi lagunek baino gehiagok hartu zuten parte bozketan; eta agerian geratu zen Kataluniako independentismoaren asmo sendoa.

Urteetan pilatutako ilusio guztiaren adierazpen bihurtu zen azaroaren 9a. Ilusioarena, baina baita frustrazioarena ere. Izan ere, parlamentuko alderdi subiranistek galdeketaren data eta formula adostu zituztenetik, Espainiak ez zion ekinbide bakar bati ere pasatzen utzi. Martxoan Konstituzio Auzitegiak atzera bota zuen Kataluniaren Subiranotasun Aitorpena. Agiri hark Katalunia «subjektu politiko eta juridiko burujabe» gisa definitzen zuen; diputatuen bi herenen babesarekin onartua zuten arren, Madrildik baliorik gabe utzi zuten; izan ere, Kataluniari buruzko formulazio hori beste hainbat ekinbide independentistarentzako oinarri juridikoa bihur zitekeen.

Garai hartan, Espainiako bide guztiak agortzeko estrategiari eusten zion oraindik Kataluniako Gobernuak, eta gutxienez ahalegin bat egin nahi zuen Eskoziaren estiloko akordio bat lortzeko. Alferrik ahalegindu ere: udaberrian, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen erreferenduma antolatzeko eskumena Kataluniari emateko proposamena, eta uztailean Mariano Rajoy presidenteak pertsonalki eman zizkion kalabazak Artur Masi.

«Puntu eta jarrai». Erreferendumari ezetz esanda, Kataluniatik eskainitako azken atea itxi zuen Madrilek; hortik aurrera, oztopo berriak asmatu beharko zituen burujabetzarako bidea eteteko, independentistak euren esku zeuden baliabideak erabiltzen hasi baitziren agindutako galdeketa egiteko. Irailean, Diada eguneko ‘V’ erraldoiaren arrakastak hauspotuta, Galdeketen Legea onartu zuen parlamentuak. Eskoziako erreferendumaren biharamunean egin zuen, han ezezkoak irabazi zuela jakin eta ordu gutxira. Albisteak ez zituen Kataluniako independentisten animoak apaldu; aitzitik, nabarmendu egin zuen euren etorkizunaz erabakitzeko nahia, Espainiak —Erresuma Batuak Eskoziari ez bezala— bozketa egiteko eskubidea ere ukatu zienez gero. Mas presidenteak irailaren 27an sinatu zuen A-9rako deialdi ofiziala, eta Bartzelonako Sant Jaume plazan ordulari handi bat atzeraka kontatzen hasi zen: 41 egun baino ez ziren falta galdera bikoitzari erantzuteko. «Katalunia estatua izatea nahi al duzu?» zen lehena, eta, erantzuna baiezkoa izanez gero, «Estatu hori independentea izatea nahi duzu?» bigarrena.

Espainiako Gobernuak ez zuen denborarik galdu. Ministroen Kontseilua biharamunean elkartu zen, eta berehala aurkeztu zituen bi helegite Konstituzio Auzitegian: bata, Galdeketen Legearen aurka; eta bestea, A-9rako deialdiaren aurka. Auzitegia ere presaz bildu zen, eta biak onartu zituen tramiterako. Ondorioz, automatikoki eta behin-behinean indarrik gabe utzi zituen deialdi ofiziala, haren oinarrian zegoen legea eta haietatik eratorritako bestelako neurriak. Keinuak harridura gutxi eragin arren, eztabaida sortu zen Katalunian: nola erantzun behar zioten debekuari? CUPek desobeditzeko proposatzen zuen; ERCk ere kanpainarekin jarraitzeko, auzitegiaren erabakia behin-behineko neurri automatikoa baino ez zenez gero. Mas eta CiU zalantzati ageri ziren, adierazpen lausoak eginez baina muga argia seinalatuz: ez zuten Espainiako legea desobedituko. Generalitateak kanpaina informatibo ofiziala eten zuen, hura ere «behin-behinean» eta «badaezpadako» neurri gisa. «Nahi duenak egin dezake kanpaina, baina guk ezin ditugu langile publikoak arriskuan jarri», azaldu zuen Françesc Homs gobernuko bozeramaileak. Hala ere, hainbat prestaketa lani eutsi zien, Konstituzio Auzitegitik oraindik aldeko ebazpen bat hel zitekeela argudiatuta.

Gainerako alderdi subiranistek kargu hartu zioten Masi: ez zedila inozoa izan, halako zerbait ez zela Madrildik helduko, are gutxiago azaroaren 9a baino lehen. Sant Jaume plazako ordulariari egunak ahitzen ari zitzaizkion, eta alderdi bakoitzak bere kanpaina abiatu zuen. Gizarte zibileko erakunde nagusiek estu hartu zituzten A-9rako konpromisoari eusteko, eta buru-belarri ekin zioten Ara es l’hora (orain da ordua) kanpainari. Urri hasieran oraindik ez zegoen akordio garbirik galdeketaren inguruan, eta giroa nabarmen okertzen hasi zen subiranisten artean. Hiru goi bilera sonatu egin zituzten galdeketa babestu zuten alderdiek, eta kopetilun atera ziren guztietatik. Gizarte zibilean beldurra hedatu zen: bozketa egun seinalaturako hilabete eskasen faltan hautsiko al zen guztia? Ara es l’hora-k mobilizaziorako deia egin zien herritarrei, eta Katalunia Plaza bete zuen, galdeketa egin zedila eskatuz. Kataluniako 947 udaletatik 920k ere onartu zituzten kontsultaren aldeko mozioak, eta ia mila udal ordezkarik laguntza eskaini zioten Masi. Babes hori ezinbestekoa izango zitzaion gero gobernuari, presidenteak bere B plana proposatu zuenean.

Urriaren 15ean eman zuen bere erabakiaren berri: galdeketa adostutako egunean eta formulazio berarekin egingo zuten, baina antolaketa Generalitatearen esku geratuko zen soil-soilik. Hautesleku arrunten ordez, Kataluniako Gobernuaren institutuak erabiliko zituzten botoa emateko; eta, halakorik ez dagoen herri txikietan, udalak utzitakoak. Boluntarioek beteko zuten langile publikoen funtzioa, baina, hortik aurrera, botoa emateko modua ohikoa izango zen. Desberdintasun nagusia deialdiaren oinarri juridikoan zetzan: Kontsulten Legea erabilita, prozesua kale itsu batera sartuko zela zioen Masek.

Horren ordez, Generalitateak lehenagotik zeuzkan berezko eskumenak baliatuko zituen, eta «prozesu parte-hartzaile» moduan aurkeztuko zuen bozketa: teknikoki, herritarren iritzia biltzeko ekinbide bat izango zen azaroaren 9a; baina, arrakastatsua izanez gero, hauteskunde plebiszitarioetara deitzeko promesa egin zuen Masek. Horiek ordezkatuko zuten erreferenduma: «A-9a arrakastatsua bada, guztion garaipena izango da; aldiz, porrota bada, ardura gobernuarena izango da soil-soilik».

Hasierako ametsa urardotuta ikusi zuten askok: erreferenduma buruan zutela hasi zen prozesua, eta orain borondatezko bozketa sinboliko baten atarian zeuden. Herritarrek proposamena aintzat ez hartzeko arriskua zegoen; erakunde independentistentzat, gerta zitekeen okerrena zen jende gutxik parte hartzea. Azkenean, ez bat eta ez beste: aise bildu zituzten 40.000 boluntario galdeketaren egunean lan egiteko; kanpaina informatiboak herri eta auzo guztietara hedatu ziren, herritarrei botoa emateko moduen berri emateko.

Ara es l’hora-k mobilizazio gaitasun handia erakutsi zuen, eta egun batetik bestera bete zuen Bartzelonako Maria Cristina etorbidea, galdeketaren aurreko azkenengo ekitaldirako; deialdia 24 ordu lehenago jakinarazi arren, milaka pertsona bildu ziren bertan. Bozketaren aurreko egunetan, modu espontaneoan sortutako lapiko-jotzeak zabaldu ziren iluntzero ordu berean. Eta alderdi subiranista gehienek ere babestu zuten bozketa; Masi erabakiak alde bakarrez hartzea leporatu arren, «ez da gure galdera, baina babestuko dugu» printzipioari eutsi zioten. Soilik ICV-EUiA galdu zen aldi baterako lausotasunean: hasieran, galdeketan ez zuela parte hartuko esan zuen Joan Herrera alderdiko buruak; gero, bai-ez bozkatuko zuela. Azkenean, ia 2,3 milioi lagunek parte hartu zuten galdeketan, eta horietatik 1.900.000k bozkatu zuten independentziaren alde. «Munduari erakutsi diogu Espainiako Estatua ez dela gurea, hango auzitegiek ez dutela hemen agintzen. Gaur askatasunerako bidean jarri gara».

Carme Forcadell ANCko presidentearen hitzetan lehertu zen urteotako guztiotako ilusioa. A-9aren arrakastak aski indar emango zien katalanei hurrengo urratsei ekiteko: hauteskunde plebiszitarioei. Espainiatik heldutako erantzunak ere bultzatu zuen batasun hori: Estatuko fiskal nagusiak Masen aurkako kereila ipini zuen, eta Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak tramiterako onartu zuen; herritarrek elkartasunezko autoinkulpazio kanpaina handi batekin erantzun zioten. Baina alderdien arteko konfiantza hautsita zegoen urritik, eta bozen inguruko zalantzek A-9az harago iraun zuten: hauteskundeetara nola aurkeztu eztabaidatzen hasi bezain pronto liskartu ziren Mas eta ERC. Presidenteak zerrenda independentista bakarra nahi zuen, erreferente nazional nagusiak bilduko zituena; CUPek hasieratik esan zion ezetz, eta ERC ere mesfidati ageri zen. Urtea amaitu ahala, egoera iluntzen zihoan; ez zirudien soilik ezinezkoa bozetara martxorako deitzea —ANCk eta ezkerreko alderdiek eskatu moduan—; bozak egingo zituztenik ere zalantzan geratu zen. Azkenean, urte berriarekin egin zuten akordioa, eta Masek aurtengo irailaren 27rako iragarri zituen hauteskundeak.

Etiketak: , , , , , ,

Igo