Aberri Eguna / 2015 – ELA: Aberri Eguneko Adierazpena

ELAko Batzorde Nazionalak martxoaren 30ean onartu du 2015eko Aberri Eguneko Adierazpena. ELAk nazio burujabe bat, gizon eta emakume libreen herri bat eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi izan du: komunitate gisa eragiten dien guztiari buruz erabakitzeko libre, eta munduko beste nazioekiko harremanak erabakitzeko libre.

Aberri Eguneko Adierazpena

Aurtengo Aberri Egunez ere ELAk eutsi egiten dio nazio burujabe bat, gizon eta emakume libreen herri bat eraikitzeko bere konpromisoari: komunitate gisa eragiten dien guztiari buruz erabakitzeko libre, eta munduko beste nazioekiko harremanak erabakitzeko libre.

Askatasun nahi honentzako bi oztopo nagusi ditugu gaur: batetik, estatuek gure autodeterminazio eskubidearen aitortza ukatzea, eta bestetik, klase xeheei ezartzen ari zaien pobretze prozesua. Hala da, gero eta langile gehiagok pairatzen ditu lan- eta bizi-baldintza gero eta okerragoak, eta prekarietatera edo gizartearen bazterrera bultzatzen dituzte beren babes funtzioa alboratu duten estatuek eta estatuz azpiko administrazioek.

Nazio libre eta burujaberik ez dago gehiengoari lan duina, babes soziala edo aukera-berdintasuna ukatzen zaionean. Horregatik, jaiegun hau dela eta ELAk dei egiten die ardura instituzionalak dituzten indar politikoei -batik bat abertzaleei- lehentasuna eman diezaieten gure herriaren pobretze prozesuaren amaiera ekar dezaketen babes sozialeko, enplegu- eta zerga-politikei. Ziur gaude horrela gure herriaren burujabetzaren aldeko borrokak berebiziko sinesgarritasuna irabaziko lukeela, eta babes oso zabala izango lukeela -baita gaur ezaxola adierazten duten sektore sozialetan ere- gauza izango bagina justizia soziala, berdintasuna eta solidaritatea gure bizitza politikoaren eta nortasun nazionalaren erdigunean kokatzeko.

Konbikzio hori ez da desideratum hutsa. ELAren ustez, azken urtean Grezian, Katalunian eta Eskozian gertatu denak diagnostiko hori bete-betean berresten du. Hiru kasuetan aldarrikapen desberdinak plazaratzen dira, nortasun nazionala, demokrazia eta justizia soziala. Baina justizia sozial handiagoa iristeko nahia da hiru herri horietan izan diren mobilizazioen ardatz, baita gehien bateratzen duen helburua ere. Herriok bilatzen duten aldaketa politiko eta sozialak Leitmotiv bera du: beren ongizate eta kohesio politikak erabakitzeko tresna guztiak bereganatzea. Kasu greziarrean agerikoak dira subirania nazionalaren mugak, honek Troikaren botere ekonomikoari aurre egin nahi dionean.

Horregatik, Aberri Egunaren ospakizun hau une egokia da guztiok oinarrizko galdera bati erantzuteko: Gure ustez, zein politikarekin ekin behar zaio eraikuntza nazionaleko prozesu bati? Galdera honen erantzuna nekez izango da politika neoliberala.

Galdera hau egin beharrekoa da kontutan izanez gero espainiar Estatuak euskal erakundeak soilik aintzatesten dituela Troikaren politika ekonomiko eta sozialen aplikazioa hitzartzeko unean. Gure instituzioek egin dituzten negoziazioek hala erakusten dute: Kupoa, Ekonomia Ituna edo Hitzarmen Ekonomikoa, enplegu-politikak, onartu diren aurrekontu-mugak… Gainera, Estatuak Euskal Herriarekiko daraman politika berzentralizatzailea da autogobernuari dagokionez, uniformatzailea kultur arloan eta errepresiboa, zeharo errepresiboa, bake eta normalizazio politikoan. Arlo guztietan espainiar estatua inboluzio gordinean dago.

ELAren iritziz abertzaleen artean ez dago inboluzio horri buruzko diagnostiko partekaturik. Baina diagnostiko hori are premia handiagoa da ikusiz gero aitorpen nazionala lortze aldera gaurdaino saiatutako bide guztiak agortuta daudela. Borroka armatua berrikusi eta behin betiko baztertu da, baina nazionalismo instituzionalak ez du aukera estatutista berrikusi.

Egia da Gasteizko gobernuak Gernikako Estatutuaren gauzatze mailari buruz irakurketa kritikoa egin duela. Baina euskal autogobernuaren egungo arazoa ez da soilik araudi-arazo bat; ezta arazorik larriena ere. Badago, noski, arazo normatibo bat: oinarri-legeak, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak, EAEko gobernu-ordezkaria buru dela euskal administrazioen legegintzari behin eta berriz ezarritako helegiteak… ELAren aburuz, ordea, autogobernuaren arazorik funtsezkoena pultsu eta posizio politikoan datza. Izan ere, autogobernuaren kudeaketak aspaldian tentsio oso gutxi du espainiar Gobernuaren aurrean. Eusko Jaurlaritzak honi aurre egiteko Auzitegi Konstituzionalean demandak sartu besterik ez du egiten; haatik, duela hogei urte pasatxo gobernu honek berak esan zuen helegite gehiago ez zuela aurkeztuko hura auzitegi alderdikoitzat jotzen zuelako. Sarritan, gure ustez, oinarri-legeak errekurritzen dira, gobernua hauen edukiekin ados izanagatik ere, tentsio eta konfrontazio politiko itxura faltsua emateko. Bestalde, tentsio falta bera erakutsi du, esaterako, EAEn Lomceri eta beste oinarri-lege batzuri erantzun dienean.

Horregatik, oso zaila da ulertzea euskal estatus politikoaren balizko aldaketarako abiapuntu eta ipar gisa Espainiak eta Euskal Herriak elkarri aitortza eta leialtasuna zor diotela dioen posizio politikoa (batzuk “aldebikotasuna” deitzen diote honi). ELAk uste du gaur ustezko “aldebikotasun” hori aldarrikatzea programa ekonomiko eta sozial jakin bati lotzen zaiola, Madrilgo enpresa, finantza eta politikako eliteekin partekatzen den programa, hauek euskal subiraniarekiko oso aurkako jarrera izanagatik ere. Kontraesan eta konfrontazio itxurak gorabehera, garrantzi ekonomikoa duen gaietan adostasuna erabatekoa edo ia erabatekoa da: defizita eta zorraren ordaina (kasu honetan baita aldundiekin ere), Kutxabank, AHT, zerga-politika…

Postura neoliberal honekin bat, Gasteizek babesa ematen dio Confebaski. Gogoratu beharra dago patronal hau -badaezpadako ordezkaritza duena- gustora bizi dela espainiar legearekin, beti bere alde baitu, eta estatus politikoa berrikusteko saioak izan direnean sutsu aurka agertu izan dela. Patronal honek ELAren eta LABen sindikalismoa legez kanpo jartzeko adierazi duen borondateak ez du auzitan jarri Eusko Jaurlaritzarekiko duen harremana. Gainerakoan, espainiar gutxiengo sindikalarekin hasitako elkarrizketa sozialak osatzen du ikuspuntu sozial eta demokratikotik ez hanka ez bururik ez duen argazki hau. ELAk ondorioztatu du gobernuak gehiengo sindikal errepresentatiboekiko duen erdeinuak arrazoi bakarra izan dezakeela, bere klase-posizioa.

Gure nazioaren aitorpenaren aldeko borrokak Iparraldeari dagokionez beste mugarri batzuk ditu. Frantses gobernuak bere jarrera antidemokratikoari eusten dio, eta estatutu berezia duen lurralde-batasun baten aldarrikapena goitik behera ukatzen du, biztanleriaren hautetsiek hau galdatu zuten arren. Haatik, datozen hiletan etorkizun instituzionalerako ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen gertakariak etor litezke. Udal hautetsien arteko eztabaida erabakigarri bat hasiko da, hautatu egin beharko baitute gobernuak mahairatutako instituzionalizatzeko aukera desberdinen artean. Zorionez, eztabaida ez da soilik elite politikoen eskuetan geratuko. Batera plataformak egingo duen sentsibilizatze lanak eta, batez ere, mobilizazioak, eragina izango du, ziurrenik, prozesuaren buruan hartuko dituzten erabakietan.

Autogobernuaren eta EAEko politika neoliberalen inguruko diagnostikoa baliagarri da, halaber, Nafarroan ezarri diren politikak azaltzeko. Hemen, ordea, aldaketa politikoa eskatzen duen deiadarra gizartean oso hedatuta dago; sektore abertzale eta progresistak honetan bat datoz, eta horrek gutxieneko batzuk oinarri hartuta ados jartzea ahalbidetu beharko luke. Hau are behar handiagoa da kontutan hartuz gero “erregimen forala” delakoa sostengatzen duen egitura sindikal, patronal, politiko, mediatiko eta are, erlijiosoak, duen berebiziko indarra.

ELAk ondorioztatu du prozesu politikoari dagokionez guztiz lotuta dagoela estatuarekin egindako apustu neoliberala eta autogobernuaren aldeko jarrerak izan duen pultsu galera. Bestalde, hau gure herriaren historia garaikidean errepikatu bada ere, gure burujabetzaren aldeko borrokarako abiapuntu gisa honako gogoeta ezarri beharko genuke: politika neoliberalekin jarraitzeak eragotzi egiten du gehiengo sozial batek subiranismoarekin bat egitea eta gehiengo hori nahitaez estatuarekin konfrontaziora daraman prozesu baten protagonista izatea. Hortik aurrera, logikoa denez, ELArentzat lehen ardura nazionala, funtsezkoa, gure gobernuak gauzatzen ari diren politika neoliberalei aurre egitea izango da.

Deitoragarria da beren burua abertzaletzat duten indarren arteko harreman-kodeak erabat lehiak baldintzatuta egotea. Hau da gaurko gure handicapik handienetakoa. Norgehiagoka horrek izugarrizko arriskua dakar berarekin: estatuarekiko gatazka politikoa “lokartzea”. Abagune politikoa zein den ikusirik, ados jartzeko ezin horrek ez du zentzurik, kontutan izanik PPk eta PSOEk sostengatzen duten estatu-ituna zer nolako krisian dagoen. Batez ere bozetakoa den lehia hori medio EAEn abertzaleen gehiengo handia antzu bilakatzen da, eta Nafarroan izan litekeen benetako aldaketa politiko baten aukerari buruzko zalantza areagotzen du.

ELAk indar politiko abertzaleei galdegiten dien harreman-kodeei buruzko irakurketa kritiko hau eremu sindikalera ere eramatea, sinesgarri izango bagara. Esparru honetan ere lehiaren dinamika hutsak porrotera eramaten du elkar hartuta jokatzeko aukera ugari. ELAren iritziz, eremu sindikalean identifikatuta dauden arazo objektiboak gaindituz gero, sindikatu abertzaleok ekarpen garrantzitsua egin diezaiokegu eraikuntza nazionaleko prozesuari, arlo sindikal, sozial eta politikoan.

Katalunia eta Eskozia egokiera hau baliatzen ari dira; abagune honetan desiragarria litzateke Euskal Herri burujabearen helburuan bat gatozen indar sozial eta politiko guztiok diagnostiko eta estrategia partekatzea, erabakitzeko eskubideari eta normalizazio politikoari dagokionez. Hau posible ez bada, berriz, aukera errealista da lan egitea prozesu subiranistari buruz diagnostiko bat partekatu dezakegunon artean.

Gainera, ziur gaude herritar mobilizazioa beharrezkoa dela autogobernu maila hobea lortzeko. Mobilizazio hau masiboa eta eragingarria izan dadin, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu sozialak bere autonomia finkatu behar du alderdien diziplinekiko. Hau posible izan dadin premiazkoa da indar abertzale nagusiek ezarritako diziplinak ez baldintzatzea gizartean eraikitzen den guztia. Ez gara zalantzan jartzen ari alderdiei prozesu nazionalean dagokien eginkizuna; are gutxiago herritar subiraniaren ordezkari gisa duten legitimitate osoa. Baina gizarte gero eta ahaldunago eta mobilizatuagoa eratzea nahi dugu, une honetako blokeoak gainditzen joateko. Ziur gaude gizarte mobilizatu bat dela bide bakarra eremu instituzionalean ohiko jarduera politikoak topatzen dituen muga estuak gainditzeko.

Aberri Eguna erreibindikazio eguna dugu. ELAk bere afiliatuei dei egiten die parte har dezaten egun honetarako antolatzen diren jai- eta aldarrikapen-ekitaldi guztietan, toki zein nazio mailan.

Gora Euskal Herria askatuta!

 

Igo