“Azken urteotan, federalista mordoa independentismora pasatu dira”

#CATikasgai
6. ekarpena: Jabier Muguruza (galdera batzuei erantzunez)

 

- Zure esperientziaren arabera, Kataluniako kultura eta sorkuntzaren jendea interesatu da inpedenpentziaren aukeraz?
 
Hango kultur giroko jende asko ezagutzea egokitu zait urte guzti hauetan, eta denetik topatu dut, logikoa den bezala. Nik uste artistari dagokion espiritu librearen ondorioa dela aniztasun hori.
 
Musikan, konkretuki (eta ikaragarri sinplifikatuta), nik ezaguturikoen artean, batetik, Sisa eta “galaktiko”en sokakoak leudeke, euren burua nazionalistatzat ez daukatenak (ez katalan-nazionalistak ezta espainiarrak ere). Bestetik, Albert Plaren sokakoak genituzke, jarrera akrata berezi batetik abiatuta, gaiaz paso-edo egiten dutenak, eta azkenik, identitatea, kultura eta nazioa lotzen dituztenak.
Multzo horretan, garai bateko federalista asko egongo lirateke, eta betiko independentistak; fenomeno interesgarria da: azken urteotan, federalista mordoa independentismora pasatu dira (nire ustez, gizarte osoan eman den fenomenoa, bestalde).
Nik uste eboluzio hori estatut famatuaren kontuarekin hasi zela, hiritar franko irainduta eta umiliatuta sentitu baitzen orduan. Harrez geroztik gero eta gehiago zabaldu da ikuspuntu-aldaketa hori, Espainiako agintarien jarrera itxiaren ondorioz.

- Independentziaren alde antolatu eta engaiatu da kulturaren mundu hori? Era indibudualean? Kolektiboan?
 
Esan bezala, denetik dago, logikoa den legez.
Independentziaren alde, espreski, ez dakit, baina multzo handi bat, kultura eta hizkuntzaren alde inplikatuta daude aspalditik.

- Nola ikusten dituzu intelektual eta artisten eta alderdi eta mugimendu politikoen arteko harremanak Katalunian?
 
Kasu bakan batzuk kenduta, arau unibertsala betetzen dela esango nuke: kultura eta sorkuntza mundua mesfidati ageri da, ohi bezala, alderdi politikoekiko, Katalunian ere. Kontrakoa seinale txarra litzateke, gainera, nire aburuz. Gizarte-mugimenduekiko bestelako hurbiltasuna egon da eta dago, ordea. Nik neuk jaialdi handietan parte hartu izan dut herrialde hartan, mugimendu sozialek antolatuta.

- Euskal Herrian kultura eta sorkuntzaren munduak ekarpenik egin ahal du burujabetzaren bidea?
 
Euskal Herrian kultur munduak meritu eta konpromiso franko ditu aitortu gabeak: bizirautea baldintza sinesgaitzetan, hizkuntzari eustea, euskal identitatea sendotzea, maila bateko lanak plazaratzea… Josep Plak zioen bezala, “continuar, prosseguir, deixar una petita aportació en el fons de sensibilitat segura, antiga i contrastada del seu nucli social”, horixe da artistak, giza-komunitate txiki bateko egileak, egin dezakeen ekarpenik handiena. Hortik aurrera, ez naiz sartuko lankideen jarrerak baloratzera.

 

Etiketak: , , , ,

Igo