Katalunia. Independentzia errenta ote?

#CATikasgai
8. ekarpena: Eñaut Apaolaza (Ekai Center)

 

1. DIU, edo Aldebakarreko Independentzia Deklarazioaren oinarri den erabaki herritarra hartzerakoan, katalanek aldekoak eta kontrakoak balantzan jarriko dituzte, eta aldeko zein kontrakoen artean pisu handia du DIU delakoaren eragin ekonomikoak, baina baita noski Espainian jarraitzearen eragin ekonomikoak. Ez da ahaztu behar Espainian geratzearen kostua egon badagoela, eta kuantifikagarria dela.

2. Independentzia gauzatzeko moduak zerikusi handia du geroko ondorioetan. Hau da, independentzia adostuz gero, negoziazio batek edo bi aldeek onartutako arbitraje batek erabaki dezake ondare, karga, obligazio eta eskubideen banaketa. Une honetan ez da horrelakorik aurreikusten, eta ondoko lerrootan DIUaren ondorio batzuk aztertuko ditugu.

3. Azterketa hau egiterakoan lehen galdera bat: egia al da Europatik eta eurotik irtengo litzakeela Katalunia? Deklarazio batzuetan hori esan den arren, europar politikari esanguratsu eta pisu handienekoetako batzuk isilik geratu dira edo hitzerdiz erantzun dute. Zergatik? Erantzuna beste galdera baten bidez: Benetan nahiko al luke Europak bideragarria den Estatu bat (Katalunia), errenta maila altu xamarrekoa den biztanleria duena (europar bataz bestekoaren gainetik), Europatik kanpo utzi? Enfrentamendu/negoziazio gogorreko testuinguru batean Espainiak horrelako mehatxuak egitea logikoak izan daiteke, baina behin haustura gertatuta Europa praktikoa izango dela pentsatzea are logikoagoa da, eta Europarentzat Katalunia hobeto dago barruan kanpoan baino. Fondo estrukturalei eta gainerako fondoei dagokienez, Groenlandiak jasotzen baldin baditu Kataluniak zergatik ez ditu jasoko? Erantzun bakarra mendekua da, eta hori ikuspegi pragmatiko batetik ez da egokia. Kontuan izan behar da gainera Generalitatek egindako kalkuluen arabera Kataluniak Europari urtero 1.400 milioi euro emango lizkiokeela, eta kantitate horixe aurreikusten dela jasoko duela Europatik 2020 artean. Balantza Europaren alde.

4. Finean, lehendik elkarrizketatik egon ez bada ere, independentziarako trantsizioan elkarrizketak ia ezinbestean izango direla pentsatzea da normalena.

5. Beste galdera bat: Espainiaren zorrarekin zer gertatuko litzateke? DIUa gertatzen baldin bada, hau da, haustura traumatikoa bada, ez dago negoziaziorik, Espainiak Kataluniako herritarrei beraiekiko zuzenean dituen obligazioak ordaintzen ez dizkienez, Kataluniakoek ez dute zertan beren gain hartu Espainiaren zorra, eta soilik bere egingo dute Kataluniako Generalitatena eta Kataluniako gainerako entitate politiko-administratiboena (udalak, lurralde elkargoak eta abar). Horrek bi ondorio dakartza:

a. Independentziarako trantsizioa egiterakoan gastuak igo egingo zaizkio Kataluniari DIU bidez izan ala adostutako banaketa izan. DIU kasuan gastu plusa ordaintzeko kreditua lortzea ez litzateke zaila izango, zorpetze maila baxua izango duelako Kataluniak Espainiaren zorraren bere zatiari buruzko negoziaziorik egon ez denez, zor hori jaso ez duelako.

b. Katalunia joanda, Espainiako gainerako herritar gutxiagoren artean (-%19) banatu beharko dute kopuruz aldatu ez den zorra, eta ondorioz, ahalegin handiagoa egin beharko dute ordaintzeko. Ondorio posiblea: murrizketa gehiago. Multzo honetan sartzen dira Hego Euskal Herriko erakunde eta herritarrak. Hau ez gertatzeko independentziaren baldintzak, zorraren esleipenak tarteko, nazioarteko arau eta praktiketan ezarri diren metodologien eta irizpideen arabera negoziatzea izango litzateke modua. Kalteak kalte (bere buruarenak barne), negoziatu nahi ez duena Espainiako gobernua da ordea.

6. Katalunian DIUa gertatuz gero, goran aipatutako ondorio zuzena gertatuko da Hego Euskal Herrian, zorraren munta pertsonako handitzea. Hau akuilu izan beharko litzateke Espainiatik joatearen inguruko hausnarketa egiteko, eta behingoz, eta Katalunian egin duten bezala, serio hartzeko zer irabazi eta zer galtzen dugun Espainian egonda. Katalanek kalkuluak egin dituzte.

Katalunia. Independentzia errenta ote? (PDF)

 

Etiketak: , , , ,

Igo