Interesen eta pragmatismoaren arteko sokatira

#CATikasgai
9. ekarpena: Joxerramon Bengoetxea (EHU-ko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Filosofiako irakasle)

 

Hona bada nire gogoeta alderdi zehatz baten inguruan, alegia Europako Batasuneko kidetzaren gakoaren inguruan. Hiru ideia aipatu nahi ditut. 

Lehenengo ideia: ez dagoela batere argi Estatukide batean zati batek sezesiora joz gero, zer gertatzen den zati irtendako horren Europar Batasunarekiko kidetzaz edo harremanetaz. Balizko erreferendum baten bidez edo, berdin dio argumentaziorako, aldebakarreko independentzia aldarrira daraman prozesu baten ondorioz, Kataluniak sezesiora joko balu, zer gertatuko litzateke egun Kataluniak daukan, Espainiako Erresumaren bitartez daukan, Europar Batasuneko kidetzaz? Erantzun bakarra eta segurua ematerik ez dago. Hutsune baten aurrean aurkitzen gara, UPV/EHUn Zuzenbidearen Teoria edo Filosofia ikasi dutenek gogoratuko dute hutsune juridikoen inguruko diskurtsoa, eta hutsunean nola betetzen diren, baina teoria guztiak – hutsunea ukatzen duena arlo penalean esate baterako, edota osotasunaren printzipioak, hala nola: debekaturik ez dagoena onargarri dela dioen printzipio liberala- eta tresna guztiak – analogia eta autobetekuntza, konparaketa eta heterobetekuntza – aplikatuta ere, ez da erantzun bakarra egongo. Benetako hutsune juridikoa egoteko hiru baldintza bete behar dira: bat, arazoa juridikoki adierazgarria izatea, alegia gai horren inguruan espektatiba dago zuzenbideak arautu edo legeztatu behar duela, beharko lukeela; bi, zuzenbideak ez duela araurik (xedapenik) edo irizpide garbirik eman arazoaren inguruan, ezta maila goreneko jurisdikzioan epairik ere , eta hiru, zuzenbidearen teoriak hornitutako tresnak eta teknikak erabilita ez dugula erantzun zehatzik aterako, ez dugula arau juridikoa aurkituko; hartaz hutsune, zuloa, aintzira.

Erantzun juridiko beharrean hauxe da gure problematika honekin gertatzen dena, ematen diren erantzunak, ia danak, politika eta ideologiatik ematen direla – dela Barroso, dela Von Rompoy, dela Cameron, dela Merkel, dela Obamaren ahotik – baina ezin dutela Europako Batasuna eratzen duten Tratatu edo Ituneen arau edo xedapen bakar batean ere oinarririk edo funtsik hartu, erantzun pikagarria emateko tenorean.

Tratatuak arautzen duena zera da:

- Estatu kide batek alde egin nahi badu EBtik, zer nolako pausuak eman behar dituen (EBT:50)

- Kide ez den Estatu batek kide bilakatu nahi badu, zernolako hurratsak dauden (EBT:49)

Honatx Europar Batasuneko Tratatuko xedapenak:

“49. artikulua

Europako edozein estatuk, 2. artikuluan ai­patzen diren balioak [ Kopenhage irizpideak ] errespetatzen baditu eta balio horiek sustatzeko konpromisoa hartzen badu, Batasuneko kide izateko eskabidea egin dezake. Eskaera horren berri emango zaie Eu­ropako Parlamentuari eta estatu kideetako parlamentuei. Eskabidea egin nahi duen estatuak Kontseiluari zuzenduko dio eskaria, eta ho­rrek aho batez erabaki behar du, Batzordeari kontsulta egin ondoren eta Europako Parla­mentuak eskaria onartu ondoren; Parlamentuak kideen gehiengoz erabakiko du. Kontuan izan­go dira Kontseilu Europarrak onartutako hau­tagarritasun ­irizpideak.

Batasunaren oinarri diren tratatuei dagokie­nez, onarpen horrek dakartzan onarpen ­bal­dintzak eta egokitzapenak estatu kideen eta es­kaera egin duen estatuaren arteko akordio batez zehaztuko dira. Akordio hori estatu kontratugile guztiei aurkeztuko zaie sendets dezaten, bakoi­tzak bere konstituzioko arauen arabera.

 

50. artikulua

1. Estatu kideetako edozeinek erabaki ahal izango du, bere konstituzio­arauekin bat etorrita, Batasuna uztea.

2. Batasuna uztea erabaki duen estatu kide­ak Kontseilu Europarrari eman behar dio asmo horren berri. Kontseilu Europarrak emandako argibideak oinarri, Batasunak akordio bat ne­goziatu eta sinatuko du estatu kide horrekin Ba­tasuna uzteko modua ezartzeko, betiere, esta­tu horrek Batasunarekin etorkizunean izango duen harreman­ esparrua aintzat hartuta. Akor­dio hori Europar Batasunaren Funtzionamen­duari buruzko Tratatuaren 218. artikuluko 3. pa­ragrafoaren arabera negoziatuko da. Kontseiluak sinatuko du hitzarmena Batasunaren izenean ge­hiengo kualifikatuz, Europako Parlamentuak au­rretiaz onespena emanda.

3. Tratatuak kasuan kasuko estatuan apli­katzeari utziko zaio Batasunetik bereizteko akordioa indarrean sartzen den egunean edo, ho­rrelakorik ezean, 2. paragrafoan zehaztutako ja­kinarazpena egin eta handik bi urtera, baldin eta Kontseilu Europarrak, bereizi nahi duen estatu horrekin ados jarrita, aho batez epe hori luza­tzea erabakitzen ez badu.

4. Batasunetik bereizi nahi duen estatuak Kontseilu Europarrean eta Kontseiluan duen or­dezkariak, 2. eta 3. paragrafoen ondorioetara­ko, ez du parte hartuko Kontseilu Europarrean edo Kontseiluan estatu horri buruz egiten diren eztabaidetan ezta hartzen diren erabakietan ere.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3. para­grafoko b) idatz-­zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

5. Batasunetik bereizi den estatu kideak be­rriz ere Batasunari atxikitzea eskatzen badu, bere eskaera hori 49. artikuluan ezarritako prozeduren arabera bideratuko da.”

 

Garbi ikusten dugunez ez dago aurreikusita Estatu kide batean sezesioaren bitartez Estatu berri bat sortzen bada Europar Batasunean jarraitzen duen ala ez. Adituek hutsune honen aurrean Nazioarteko Zzuzenbide publikoan dauden Estatuen jaraunspenerako Itunei erreparatzen diote, baina itun horietako arauek ez dute argi arautzen zatitzen den Estatua automatikoki baztertuta eta bereizita geratzen ote den lehengo Estatu jatorra kide zen nazioarteko erakundeetatik. Ikusi beharko litzateke erakunde horiek nola arautzen duten gakoa eta badakigu Europako Batasunak ez duela hori inon aurreikusi edo arautu, beraz abiapuntura itzuliko gara.

 

Bigarren ideia: ez dagoela aurrekari baliogarririk. Eskoziaren inguruan sezesioaren aukera ez da gauzatu eta ezin dugu jakin zein izango zen kasu horretarako erantzuna. Erreferenduma bai egin zela, baina Europako Batasunarentzat hori Erresuma Batuaren barneko arazo bat izan zen beti. Erreferendumean nagusitu zen aukera, 2014ko irailan, Erresuma Batuaren zati bat izaten jarraitzearen aldeko izan zen, sezesioa baztertuz. Erreferendum horren atarian gauza asko esan ziren eta ez dira gure oraingo kezka edo ardura. Gakoaren inguruan hutsuneak hortxe dirau. Ahots eta luma ezberdinetatik entzun izan ditugun argumentu gogorrak – mehatxuak, apokalipsia, ezereza eta hondamendia, gidoia gogoratuz, esan nahi da, kanporatzea eta berriro sarrera eskatuta betirako betatuta egotea – politikoak izan dira, ez dira juridikoak izan, eta ez daukat batere argi Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari gaiaz erabaki bat emateko eskatuko balitzaio, jurisdikziorik izango ote zuen gaiari heltzeko. Frogatu beharko litzateke hutsunea egon arren zuzenbideak eman beharko lukeela horren inguruko erabaki bat Tratatuak osotasunean hartuz eta interpretatuz, modu sistemiko batean.

 

Hirugarren ideia: gauzak horrela aurrikuspenak egitea besterik ez daukagula. Jakina, politikaren eta diplomaziaren jokoa handia da zuzenbidea hain eskasa denean. Hemen tirabira bi printzipio edo ikuspegi nagusien artean datza: alderdi bakoitzaren interesak eta azken fineko pragmatismoa. Bi joera horien arteko talkan badira, alta, gogoratu beharreko zuzenbidezko printzipio orokor para bat, auzia egonkortasunaren eta elkartasunaren alde dakartenak.

Interesei dagokionez, labur eta ñabar esan dezagun. Alderdi edo jokalari desberdinak daude zelai honetan: Espainia bera, Katalunia bera, bai herriak – hiritarrak eta eragileak – eta bai gobernu-parlamentuak, non alderdi politikoen ekarria astuna den oso, baina baita aldameneko Europar Batasuneko Estatukideak – gobernuak eta herriak, eta baita nazioartean kokatzen diren beste aktoreak. Estatuen eta hauen gobernuen interesa orobat statu quo deritzonaren aldekoa da: egonean egon. Subirautza sinbolikoki gailurreko interesa da eta ezin etsi. Egoera sozio-politikoa edota krisi sozioekonomikoa eta bake soziala eta lurraldeko segurtasuna oso kolokan egon behar dute statu quoaren aldeko jarrera eraldaketaren aldekoa bilaka dadin eta orduan ere ez dago inolako bermarik aldaketak egoeraren hobekuntza ihardetsiko duen. Ikus bestela Libia, Egipto, Siria, Irak edo Afganistango adibideak; baina ez ahaztu Kosovorena edo Krimearena: gauzak ez dira xalo. Orokorrean, hala eta guztiz ere,interesen kontzertua statu quo edo jarraipenaren aldekoa da .

Baina pragmatismoa? Status quo egonkortzearena prebentiboa da, kasu egitea, adi egotea, aldaketa saihestea, baina behin aldaketa gertatzen dela, edo behin gauzak aldatu diren – rebus non sic stantibus – orduan soluzioak aurkitu behar izaten dira, leku eta une guztietan: erantzuna eman behar zaio egoera berriari. Erantzuna haserrea eta zigorra izan daiteke ia gauzak beren aurrekoetara itzuliko diren. Hau da enbargoekin, edo estatu berria ez arrezagutzearekin eta antzekoekin gertatzen dena, baina gaurregun, hori justifikatzen da, zigortzen den sistema antidemokratikoa, totalitarioa eta abar denean. Presio diplomatikoa eta enbargoko neurriak ez badira eraginkor, orduan egoera berria asimilatzen joan beharko du nazioarteko komunitateak. Pragmatismoaren aldeko joerak ondoko argumentuak aintzakotuko ditu, besteak beste: hiritarrak ezin direla kaltetu, negozioei eutsi egin behar zaiela, ez dela komeni Suiza berri bat edukitzea Europako Batasunean eta Mediterraneoan, Kataluniak daukala EBren aldeko joera argia, gainontzeko estatukide eta herriei interesatzen zaiela Kataluniarekin harremanetan eta tratuan jarraitzea, eta azken finean baita Espainiako Erresumari ere, eta azkenik baina inolaz ere ez azkena, ikuspegi europazale batetik begiratuta, ez dela halako trauma latza, EB beste estatukide berri bat edukitzea, jadanik Kopenhageko baldintzak betetzen dituena, eta gizarte moderno eta solidarioa daukana, ilusioz beteta dagoena. Noski ez da nahikoa pragmatismoa nagusituko dela esatea edo sinistea, negoziazioa beharrezkoa izango da eta negoziazioak gogorrak izango dira bai Kataluniarekin eta baita Espainiarekin ere, baina negoziatzen bada lehenengo oztopoa, erabateko bereizketarena, gaindituta egongo da eta pragmatismoaren eremuan sartuta gaude.

Eta interesen eta pragmatismoaren arteko sokatira horretan ez al dago kontutan hartu beharreko zuzenbidezko printzipiorik? Pertsonen eskubideak, demokrazia, zilegizko espektatiben babesa, konpentsazioak, neurrizbarrukotasuna, elkartasuna, leialtasun federala, interes amankomen aldeko jarrera, estatukideen nolakotasun konstituzionala etab. Jakina printzipio hauek garraintzitsuak dira, baina ez dute sokatira erabakitzen, sokatira bera jokatzen den zelaia mugatzen dute. Jokalari batek printzipio hauen aurka egiten badu, esate baterako, indarkeria erabiliz, eremutik at kokatuko da

Amaitzeko esan dezadan nire ustez eztabaida ez dela oso “eraikiorra” izaten ari, erderazko bixiguen solasa dirudi, eta ikuslego errespetagarria aspertzeko modukoa.

 

Etiketak: , , , ,

Igo