Aquel que DIU…

#CATikasgai
11. ekarpena: Joseba Barandiaran Andueza

 

Aldebakarreko independentzia adierazpena (DIU) urrun dago Kataluniatik. Ez da txantxa. Igande honetako emaitzak ikusi aurretik ere, Junts pel Sik (JpS) badaki muturreko neurria litzatekela negoziazio eta adostasun minimorik gabeko DIU bat. 18 hilabeteko epea finkatu du balizko negoziaziorako eta, hauteskundeen emaitzen arabera, DIU baten aurretik zer negoziatu asko izango da. Espainiarekin nagusiki, baina, ez bakarrik: Europako gainontzeko herrialdeek ere interes ekonomiko galantak dituzte Katalunian (Frantziak eta Alemaniak batipat) eta, orohar, Espainiako estatuan.

DIU bat muturreko neurria izaki, ondorio ekonomiko gordinenak eragin ditzake. Edo ez. Orain arte mehatxuen alorrean ari dira mugitzen Katalunia eta, batez ere, Espainia. “Deja vu” inpresio bat ere ematen du balizko deslokalizazio, pobretze, “corralito” eta enparauen aipamenak. Baina JpS-k garaipen behar bezain argi bat lortuz gero, demokraziari aitortza ere egin beharko zaio nola hala. Mehatxuen alorretik, errealitatea moldatzera, negoziaziora, jolastu beharko dira solaskideak.

Balizko DIU horren aurretik zer pauso ematen diren ere ikusi beharko da. 18 hilabete horietan. Kataluniarenak badu arrisku bat: Pandoraren kutxa zabaltzen ari ote diren beldurra hedatzea Europan (ez soilik Espainian). Eta, gauzak horrela, adierazpen demokratikoaren gainetik, interes politikoak gailentzea, pagaburuarena eraginez, zigor jarrerak hareagotuz.

Finantza egonkortasuna bermatze aldera, EBZk gordailuen bermea mantenduko al du Kataluniako aurrezleengan? Nahi balu, erraza luke. Eta Espainiak ez du gehiengorik agintegune horretan. Edo, aldiz, Ebroz hegoaldera mugitu beharko lukete aurrezle katalanek, kontabilitate mugimentu huts batean?

Zorrarena ere ez da arazo txikiagoa: Kataluniakoa eta Espainiakoa. Lehenari berme edo laguntzarik eman ezean, “default” edo ordain-etete arriskua luke. Baina horrek Espainiako zorra ere kaltetuko luke zalantza barik. EBZk Espainiako zorra soilik babestuko balu, Kataluniak ezingo luke bere zorra ordaindu, baina Espainiakoari egiten dion ekarpena ere desagertu egingo litzateke. Hartzekodunen mesede ez dira muturreko neurriak.

Eta DIU batek Espainiako zorraren zama biderkatu egingo luke. Berdin pentsioekin: kataluniarrenak ez omen daude bermatuta. Espainiarrenak bai, Kataluniako ekonomiaren ekarpenik gabe?

DIUrenak gutxi du txistetik. Negoziazioari mutur horretaraino muzin egingo zaionik ez dut sinisten. Edo ez dut sinetsi nahi.

 

Etiketak: , , , , ,

Igo