Independentzia eta ideien lehiaren erronka

#CATikasgai
12. ekarpena: Floren Aoiz (idazlea, Iratzar Fundazioa)

 

Prozesu politikoetan, besteen esperientzia norberarena baino merkeagoa izaten da, baina ez jatorrian bezain emankorra. Beraz, esperientzia hori baliatzea komeni zaigu, izugarrizko laguntza izan daitekeelarik, baina ez da inoiz gure bidearen iparrorratz nagusia izanen. Honenbestez, arretaz jarraitu beharra dugu euskal independentistok eta, oro har, soberanistok Katalunian gertatzen dena, baita beste herrialde katalanetan ematen ari diren aldaketak ere, baina oinak gure lurrean jarrita, ez Oloten ezta Sabadellen ere.

Tamalez, urrun dago gure egungo errealitatetik Katalunian independentziaren aukerak lortu duen nagusitasuna. Eta honetan, argi mintzo gaitezen, inbidia sentitzen dut, eta ez dut uste bakarra naizenik.

Aski da Kataluniako liburudenda batean sartzea eztabaidaren indarraz jabetzeko. Eta hori fenomenoaren alderdi bat besterik ez da. Independentziaren aldeko eragileek ikerketak, esku-liburuak eta era guzietako idazkiak argitaratu dituzte, izugarrizko oihartzuna izan dutenak, hots. Bai kopuruan nahiz kalitatean, animalekoak dira lehia honetan jarritako energiak.

Edonola ere, irekitako prozesuaren testuinguruan ulertu behar da independentziaren aldeko eta kontrako arrazoien arteko eztabaidaren garapena. Izan ere, ez da eztabaida akademiko hutsa, ezta argitaletxe edota idazle lehiaketa soila ere, batzuek eta besteek atzematen duten bidegurutze historikoari dagokion ideien gatazka sutsua baizik.

Ekoizpen ideologikoa bizkortu da azken urteotan, prozesuaren bultzatzailea eta -une berean- ondorioa eta sintoma delarik. Izugarrizko lana egin dute independentziaren aldekoek estatu berriaren komenigarritasuna argudiatzeko, iraganari ez baizik eta etorkizun egitasmoari lehentasuna ematen. Arrazoi eta ikuspegi aniztasuna nabarmena izanik ere, Eskozian bezala, independentziaren onurek hartu dute lehen posizioa independentisten ekoizpen eta zabaltze lanetan. Bestelako begiradak ahaztu gabe (hizkuntza-kultura, ibilbide historiko partekatua, nortasun sentimenak…) nabarmena da independentista berriei begira egindako lanaren garrantzia. Honetan, aintzat hartzekoa da soberanismoak indarrak biltzen jakin duela, bere burua ahalegin honetan egokitu duelarik.

Bestela esanda, ez dira independentismo puru-benetakoaren esparruan gelditu. Argudioak eta emozioak uztartu dituzte formula berritzaileen bidez, mezu argiak zabalduz, independentistak ez zirenengana hurbilduz. Arrazoi ekonomikoak (deskonexioaren onurak, gaur egungo uztarketa ereduaren salaketa, Kataluniarekiko expektatibak) eredu soziala, aniztasunaren kudeaketa, hizkuntza eta kultura, parte hartzearen ilusioa, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena… asko dira ofentsiba ideologiko honen gakoak eta, maila batean, haien arteko kontraesanak ere badaude, independentziak esanahi ezberdinak dituelarik batzuk eta besteendako. Eta, egia esan, ongi kudeatu dute azken urteotako laidoen hautematea.

Subjetibizazio eta politizazio prozesu erraldoia izan da, zeinean ideien borroka eta jendarte mobilizazioa batera garatu baitira, prozesua aurrera eramateko. Ez dira Francoren ondotiko erregimenaren eztabaida markoetan mugatu, españolismoaren agenda hautsi dute eta eztabaida birkokatu dute. Lehian hobeki aritzeaz gain, lehia beraren baldintzak eraldatu eta ezarri dituzte.

Nabarmena da Euskal Herrian badugula Kataluniatik zer ikasi. Ez imitazio kaskarretan denbora galtzeko, ezta hainbat eztabaidetan koartada gisa erabiltzeko ere, etekinak ematen dituzten apustuen berri izan eta ahal den heinean gurean ere halakoak bultzatzeko baizik.

Aitortu beharra dago hagitz apala dela Euskal Herrian independentziaren aldeko arrazoien lanketan aurreratutako lana, urrats ederrak eman badira ere (adibidez, Independentistak Sarearen ekarpenak edota Ipar Hegoa Fundazioak argitaratutako lanak). Lotuta dago hau, jakina, independentziaren aukerak eztabaidan duen lekuaz. Jendarte gisa, gureak ez du gaur egun independentziaren zerumuga Katalunian duen lekuan. Hor dago koxka eta argudioen garapen eta hedapena testuinguru horretan aztertu behar dira.

Mahai gainean daude erronkak, hori argi dago. Agerian utzi behar ditugu eredu sozioekonomikoaren onurak, uztarketa geoestrategikorako aukerak, aniztasunaren kudeaketa eskaintzaren indarra, eredu demokratiko aurreratua, parte hartzean oinarritutako politikaren zerumuga, komunen zainketa asmoa, berdintasunaren aldeko apustu sutsua, elkartasuna… Finean, nagusitasuna lortzeko asmoa duen egitasmoa ideologikoki hezurmamitu behar dugu, ilusio bateratzaile eta politikoki emankorrak piztuz. Estatu independente batean elkarrekin, komunean, geure erabakien menpe, euskaraz, munduan behar bezala uztartuta, patriarkatuari aurre eginaz eta eredu neoliberalaren alternatiba eraikitzen duen Euskal Herri berri batean bizitzeko ilusioa, hots. Geure bidea, geure auto-eraketa prozesua, herri gisako ahalduntze jarduera.

Gure Itakarako bidaia, zeinean bidea eta bidaia ez dira biharko xedeen aurrekari hutsak, aldakuntzaren mugarriak baizik. Euskal Herriaren auto-antolaketa jarduera (jarduera konplexua, bideen bidea, egia esan) da independentzia eztabaidaren erdialdean jartzeko jarduera. Hau da, gaur egungo egoeratik agertoki horretara iristeko bidaia.

Beraz, independentziaren aldeko lan ideologiko-politikoa biderkatu beharra dago, argudio eta pasio politikoak ongi landuz, baina hau ez da mobilizazio sozialetik at gertatuko. Eta honetan, alferrikakoa da olioa eta arrautzaren artean aukeratu nahian ibiltzea: biak indartu eta kitto!

 

Etiketak: , , , , ,

Igo