Kataluniako hauteskundeen ondoren hainbat hausnarketa

#CATikasgai 
14. ekarpena: Arantza Santesteban

 

Zenbakiak eta tolesdurak

Zaila da izaera plebiszitarioa izan duten hauteskunde hauetan zenbakietan oinarrituz analisi biribilak egitea; are gehiago, independentziaren aldekoen eta kontrakoen arteko kopuruak hain estu daudenean. Parlamentuan errazki irabazi dute Junts pel Si-k eta Cup-ek batzen dituzten independentzia prozesuaren aldeko eserlekuek; bozka kopuruan ordea, datuak aztertzea konplexuagoa da. Joera nagusiak antzematen badira ere, balizko galdeketa batean baiezkoan eta ezezkoan egongo direnak ez daude erabat definituta. Catalunya Sí que es Pot hautagaitzari bozka eman diotenek zer bozkatuko luketen ez dago erabat argi. Desagertzear dagoen Unió-ren bozka emaileak edota PSC-ri dagozkionak ezezkoaren frontean kokatu dira argiki; halere, izan liteke bateko eta besteko bozka kopuru koskor bat erreferendum baten testuinguruan mugitzea. Kontrara, oraingo honetan Cup-ek sekula independentziaren alde lerrotu ez diren sektoreak bildu dituela esan da; hala, gogotik lan egin beharko du alderdi honek independentziaren aldeko bozka zabalkundea mantentzeko.

Gauzak horrela, datozen hilabeteetan alde bateko eta besteko muga lauso horretan izango diren mugimenduetan egongo da arreta nagusia.

Hegemonia independentista

Hortik aurrera zaila egiten da independentziaren aldeko %48 horrek sabaia jo duela ondorioztatzea. Hortaz, aipatu kopurua aldakorra izan liteke datozen hilabeteetan. Halere, aukera independentistak hegemonia politikoa eskuratu dezan, pentsatu baino prozesu sakonagoa beharko duela ematen du.

Gerta liteke CDC-k, Esquerrak eta elkarteetako independenteek osatu duten aliantzak agorpen zantzuren bat erakustea; ez du ematen hain esanguratsuak izan diren hauteskundeetan boz kopuruan izugarri igo denik. Ondoan paratu zaio emaitzak hirukoiztu dituen CUP alderdia, prozesu independentistan arreta jarriz eta honi dimentsio berritua eta soziala emanez.

Independentziaren aukera balio demokratikoekin lotzen jarraitzea izango da aurrera begira gakoa. Erabakitze eskubidea, justizia soziala, parte-hartzea, boteretzea… Zentzu horretan lidergo berriak beharko dira; ez da erraza izango Mas-ek proiektatu duen sendotasuna ordezkatuko duen figura berria aurkitzea, baino agerian geratzen da aldatzeko beharra; murrizketa ekonomiko basatiak egin izanak eta ustelkeria kasuek, zail egiten dute independentziaren aldeko bozka berriaren erakartze prozesua honen esku uztea.

Ciudadans “politika berriaren” ordezkari

Cuidadans-en fenomenoa da zalantzarik gabe kezkagarriena. Bussines School-etatik atera berri diren polikari gazte eta erasokorrekin egin duen kanpainan bi helburu nagusi lortu dituzte. Alde batetik, antikatalanismoaren espazio politikoa eureganatzea. Leku askotatik edan du, nagusiki PP-tik, PSC-tik eta Unió-tik; hauen krisiaren aurrean C´s-ek lortu du erregimenaren aldeko bozka ordezkatzea. Proportzioetan, Bartzelonako inguru metropolitanoan eskuratu du bozka gehien, sektore pobretu eta herritarren artean.
Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, erregimenaren aldeko babesa “politika berriaren” irudiarekin identifikatzea lortu du. Horrelako proiektu baten arriskua da, hortaz, politika zaharra prozedimentu berrituekin egin daitekeela erakustea. Podemos-i zegokion, ustez, erregimenaren krisiaren ondoriozko zilegitasun demokratikoa “politika berriaren” bidez ordezkatzea; indefinizioan geratu da, eta horrek C´s-i eskaini dio neurri handiegi batean espazio horretaz baliatzeko aukera.

CUP, la feina ben feta (edo, ongi egindako lana)

Zail zeukan CUP alderdiak bere proiektu politikoa egonkortzeko ataza. Bartzelonako hauteskundeetan Barcelona en Comú hautagaitzatik kanpo kokatu izana, eta ezkerreko sektoreei begira, Junts pel Sí-rekin batera independentziaren aldeko prozesuan bat egin izanak, posizio konplexuan uzten zuen alderdia. Hala eta guztiz ere kanpaina bikaina egin du. Independentzia bestelako aukera eta balioekin lotzea izan da CUPen hilabeteetako lanaren ardatza. Diskurtso eta praktika berrituekin agertu da, beldurrik gabe. Independentzia, desobedientziarekin lotu du; erabakitzeko eskubidea, boteretzearekin. Diskurtso identitario esentzialistak baztertu ditu; katalanismoaz baino, katalanitate berriez aritu da Antonio Baños bozeramailea behin eta berriz. Independentziaren alde lerratu daitezkeen horiei eroso egoteko moduko eskaintza egin die CUPek. Hemendik aurrera ahots kualifikatuekin egingo du aurrera Parlamentuan eta hauen perfilak ikusita, espero daiteke David Fernandez bozeramaile preziatuaren hutsunea aise beteko dutela.
Euskal Herrian, independentziaren aldeko indarrak bildu nahi diren honetan, asko izango da ikasteko bere txikitasunean, kontzeptu eta praktika berriekin egungo muga diskurtsiboak gainditu ditzakeen CUP alderdia.

 

Etiketak: , ,

Igo